FAAZek eta bere BeCold asmakuntzak Ekonomia Zirkularra eta Zero Karbono Aztarna Quality Innovation Award saria irabazi dute
Berrikuntza nabarmentzekoa da mekanizatua jasangarriagoa izan dadin laguntzen duelako, CO2 birziklatuaren eta landare olioaren bidez
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/11/25
Euskal Herriko Unibertsitateko Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroak (FAAZ) saria jaso du Quality Innovation Award (QIA) 2025 sarietako (Espainiako fasea) Ekonomia Zirkularreko eta Zero Karbono Aztarnako Berrikuntza kategorian, BeCold® sistemari esker. Mekanizatu jasangarrirako soluzio aitzindaria da, CO2 birziklatua eta landare olioa erabiltzen baititu. Saria azaroaren 17an (astelehena) eman zen Madrilgo ikerketa zientifikoen goi kontseiluaren (CSIC) egoitzan, eta hantxe jaso zuten ikastegiko zuzendari Luis Norberto López de Lacallek eta Octavio Pereira ikertzaileak.
Ia hamar urteko garapen lanaren emaitza da, kontzeptuaren lehen probak egiten hasi zirenetik taldearen patentea eskuratu arte, HRE Automationi lizentziaduna eta garapen handieneko herrialdeetan mantendu eta merkaturatutakoa. Hura gauzatzeko, Tecnaliako ikertzaileek eta beste enpresa batzuetakoek parte hartu dute.
“Prozesuetan ikertzeaz gain kutsadura iturriak murriztu eta, beraz, gure ingurunea zaintzeko xedea badugu, langileen ongizaterako, ingurunerako eta ekonomiarako aukera interesgarri bat lor daiteke”, nabarmendu du López de Lacalle irakasleak.
Sariek bi fase dituzte, bat nazionala eta bestea nazioartekoa. Fase nazionalean, ebaluatzaileak, adituak eta epaimahaia egon dira. Lehenengoek dokumentazioa ebaluatu eta kategoria bakoitzean hiru berrikuntza nabarmenenak aukeratu dituzte; eta, horrez gain, horien indarguneen eta hobetzeko esparruen txosten bat egin dute.
Edizio honetako adituak Euskal Unibertsitate Sistemako Kalitate Agentziak (UNIBASQ) aukeratu ditu; adituek txosten baten bidez baloratu dute hautagai bakoitzaren berrikuntza maila. Eta bi txostenak erreferentzia hartuta, epaimahaiak, Bikaintasuna Sustatzeko Zentroen Elkarteak (CEX, gaztelaniazko siglengatik) osatutakoak, kategoria bakoitzeko berrikuntza irabazlea eta accesita aukeratu ditu. Orain, fase nazionalean irabazle suertatu diren erakundeak nazioarteko fasera igaroko dira, non beste epaimahai batek —herrialde parte-hartzaileek osatutakoa— Quality Innovation Awardeko kategoria bakoitzeko irabazleak hautatuko dituen.
Quality Innovation Award
Espainian, QIA nazioarteko ekimena Bikaintasun Zentroek (CEX) sustatzen dute CSICen eta UNIBASQen lankidetzarekin; eta, horren bidez, herrialdeko berrikuntzarik nabarmenenak aintzatesten dituzte urtero. Edizio honetan ehun hautagaitza baino gehiago aurkeztu dira, eta horietatik soilik zortzi hautatu zituzten irabazle beren kategorietan.
CEXei buruz
Bikaintasuna Sustatzeko Zentroen Elkartea Espainia osoko zentroek osatzen dute. Elkartearen helburua da autonomia-erkidego bakoitzean egiten diren ahaleginak batzea, elkarrekin eta modu koordinatuan bazkideen artean kalitatearen, berrikuntzaren eta bikaintasunaren kultura garatzeko gure herrialdeko enpresen kudeaketan. Hauek dira CEX zentroak: Gaztela eta Leóngo Enpresen Lehiakortasunerako Institutua, Errioxako Ekonomiaren Garapenerako Agentzia (ADER), Madrid Excelente, Kalitatearen Asturiasko Kluba, Bikaintasunerako Nafarroako Fundazioa, Bikaintasunaren Euskal Fundazioa (EUSKALIT), Sustapenerako Aragoiko Institutua (IAF), Balearretako Eskualdeko Garapen Agentzia (ADR), Kantabriako Garapenerako Sozietatea (Sodercan), Enpresen Lehiakortasunerako Valentziako Institutua (IVACE), Murtzia eskualdeko Sustapen Institutua eta Kataluniako SCIO Fundazioa.