euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Extremadurako Unibertsitateko errektoreak, Pedro M. Fernández Salguerok, Taldearen Nazioarteko Harremanen Batzorde Sektorialaren Presidentetza hartu du

G9ak nazioartekotzeko estrategia bateratua aztertu du Toledon egindako bileran

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/12/01

Toledon egindakako bileraren irudi bat | Argazkia: G9

Unibertsitateetako G-9 Taldeak Nazioarteko Harremanen Batzorde Sektorialaren seihilekoko bilera egin du eta nazioartekotzearen, mugikortasunaren eta lankidetzaren arloan partekatzen dituzten lehentasun nagusiak aztertu dituzte bertan. Lan saioak Gaztela-Mantxako Unibertsitatearen bi egoitzatan izan dira, Toledon, eta elkartea osatzen duten unibertsitateetako nazioartekotze arduradunak elkartu dira.

Elkartearen presidentetzan egindako erreleboa izan da hitzorduan landutako gai nagusietako bat eta Pedro María Fernández Salguero Extremadurako Unibertsitateko errektoreak hartu du kargua. Haren zuzendaritzapean, gai garrantzitsuak landu dituzte laneko agendan, hala nola unibertsitate bakoitzean Study Abroad programak sustatzea, datozen urteetarako Talde gisa aurreikusten den nazioarteko sustapen bateratua eta atzerritartasunari eta bisei buruzko 1155/2024 Errege Dekretutik eratorritako erronken analisia, Granadako Unibertsitateko nazioarteko harrerako espezialisten laguntzarekin.

Horrez gain, batzordeak aurrerapausoak eman ditu European Approach programaren barruan Joint Degrees ezartzeko bide orrian eta G-9ren Garapenerako Lankidetzaren lantaldearen berraktibazioan, ekintza bateratu berriak koordinatuko baititu, tartean, Garapenerako Lankidetzaren arloko Doktore Tesien Sariaren hurrengo deialdia. Sariaren seigarren edizioa izango da dagoeneko.

Batzorde Sektorialeko errektore presidenteak erakundeen arteko lan koordinatuaren garrantzia nabarmendu du, besteak beste, G-9a osatzen duten erakundeen artekoa, eta “nazioartekotzea gure unibertsitate publikoen zeharkako ardatza” dela esan du. “Bilera horretan aurrerapauso koordinatuak eman ahal izan ditugu arazo komunei erantzuteko eta etorkizuneko ekimen partekatuak diseinatzeko. Horiek gure kanpo presentzia indartuko dute, zalantzarik gabe, eta gure ikasleentzako eta ikerlarientzako aukerak hobetuko dituzte, beste kolektibo batzuen artean”.

G-9 UNIBERTSITATE TALDEA

1997an sortutako elkartea da 9 Unibertsitateko Taldea (G-9), eta autonomia erkidego bakoitzean bakarrak diren unibertsitate publikoek osatzen dute: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea. Horiez gain, Murtziako Unibertsitatea entitate laguntzailea da eta G-9 Campus Digital Partekatuan hartzen du parte Burgosko Unibertsitatearekin eta La Lagunako Unibertsitatearekin batera.

UCLMko Komunikazio Kabinetea

Toledon, 2025eko azaroaren 21ean