euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Gure txokoak: Lasaitasuna gorputzarentzat eta espirituarentzat

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2022/10/31

José Mª Gorostiaga, Ereñoko marmol gorriko arrokari helduta, udazkenaren etorrerak partzialki horitutako intxaurrondo beltzaren (‘Juglans nigra’) bi alerekin batera. | Argazkia: Unai Zorriketa. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU

Goiza hasteko, zenbait ariketa egiten ditut. Lehenengo partea arin ibiltzea edo korrika egitea da, 10 minutuan autobusa hartzeko. Leioako campusera heldu ostean, eta eguraldi baldintzak oso txarrak ez badira, eta dagoeneko lasaiago, Zientzia eta Teknologia Fakultatera joaten naiz. Nahita egiten dudan inguratze txikia da, ibili ahal izateko, baina oraingoan lasaiago. Arboretumaren bide nagusirantz joaten naiz, sorpresa txikiak eta goizeko sentsazioak jasotzeko. “Zelako zortea!” pentsatzen dut. Zalantza barik, hori da eguna hasteko modurik onena!  

Egun bakoitzeko argia eta pertzepzioak desberdinak dira, baita urtaro bakoitzean dauden aldaketak ere. Zuhaitz espezie eta arroka mota desberdinak bidearen ertzean daude, berehala nire lekurik gogokoenera heldu arte, non bi intxaurrondo beltz (Juglans nigra) dauden; hori da gure Europako intxaurrondoaren senide iparramerikarra (Juglans regia). Udazkenean kolore horixka-laranja oso ikusgarria hartzen du.  

Ondoan, bi arroka ikaragarrik koadroa osatzen dute. Lehenengoa goethitazkoa da, Zugaztietatik erauzitako burdin minerala. Niretzat omenaldia da euren ahaleginari esker Bizkaia toki oparoagoa eta aukeraz betetakoa bihurtu zuten meatzariei. Bigarrena kareharri gorrixka da, eta koral inkrustazioak eta barraskilo formako moluskuak (errudistak) dauzka; hori da Ereñoko marmol gorri gisa ezagutzen duguna. Bilbotar askok ikusi ahal izan dugu hiri osoko atarietan. Multzo hau aparta da, eta bertan geldialdi bat egin ohi dut. Ondoren, bidearekin jarraitzen dut, beste ikuspegi batzuekin gozatzeko.  

Eguerdian, gutxi bazkaldu ostean, ibilbidea errepikatzen dut, lanaldia amaitu ondoren bide beretik autobus geltokirantz itzultzeko. Ikusmena paisaiarekin erlaxatu eta telefono deia egiten dut: basotxoan nago eta ordu erdian ikusi ahalko dugu elkar! Zer gehiago eska daiteke! Eskerrik asko inguru paregabe honetaz gozatzea ahalbidetu duten pertsona guztiei.  

 

Hori da José María Gorostiaga Garairen txokorik gogokoena, Landare Biologia eta Ekologia Saileko Botanika Arloko irakasle titularra eta UPV/EHUko Itsas Bentos Ikerketa Taldeko kidea. Bera da aurreko lerroen egilea.  

 

Nola iritsi: 43°19'42.1"N 2°57'52.4"W