euskaraespañol

Redes sociales campusa

Hitzaldi-solasaldia Ibone Ametzagarekin: 'Ekosistemen zerbitzuak: naturaren onurak eta aukerak'

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2026/02/06, 18:30

Kokapena

Bizkaia

Deskribapena

Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan

Komentukalea, 8. Durango.

Ekosistemak zaindu eta babestu beharreko kapital naturala dira. Beren prozesu eta funtzioen bidez, pertsonen ongizateari eta bizi-kalitateari lotutako onura ugari eskaintzen dizkigute. Naturatik zuzenean edo zeharka jasotzen ditugun onura horiei ekosistemen zerbitzuak esaten zaie.

Ur garbiaren ekoizpena, polinizazioa edo basoek klimaren erregulazioan duten zeregina bezalako zerbitzuek eragin zuzena eta zeharkakoa dute gure bizi-kalitatean, osasunaren, elikaduraren, ekonomiaren edota gizarte-harremanen arloetan.

Ekosistemen zerbitzuek duten garrantzia aztertzeko, Ibone Ametzaga biologoak, EHUko Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedrako koordinatzaileak, “Ekosistemen zerbitzuak: naturaren onurak eta aukerak” izeneko hitzaldi-solasaldia eskainiko du.

Hitzaldian zehar, Ametzagak azalduko du zer diren ekosistemen zerbitzuak eta zein onura eta aukera eskaintzen dizkioten gizakiari. Gainera, ekosistemen kudeaketa iraunkorra bermatzeko gako batzuk zabalduko ditu, haien funtzionamendu egokia eta kontserbazioa ziurtatzeko funtsezkoak direnak.

Hitzaldi-solasaldia euskaraz izango da eta Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan egingo da otsailaren 6an, ostirala, 18:30ean. Jarduera hau EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Durangoko Bibliotekak antolatzen duten Zientziaren Ertzetik dibulgazio zikloaren parte da. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte. EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren TikTok kanalean ere jarraitu ahal izango da streaming bidez.

Hizlaria

Ibone Ametzaga Arregi Biologia Zientzietan doktorea da (Londreseko Imperial College) eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean Landare Biologia eta Ekologia sailaren irakaslea da.

Gaur egun, EHUko Garapen Iraunkorra eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedraren koordinatzailea da. Katedra honen helburu nagusia iraunkortasunari eta ingurumen hezkuntzari buruzko ikerketa eta azterketa espezializatuak sakontzea da, diziplina anitzeko ikuspegi batetik, zientzia naturalak eta sozialak barne hartuz.