euskaraespañol

pil-pilean

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

Muskuiluen maskorrak egokiak eta jasangarriak dira bakeroak higatzeko

Hondakin bihurtu ohi diren muskuiluen oskolei ehungintzan erabilera emateko modu bat aurkitu du EHUko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/12/29

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekanikoa saileko Juan Luis Osa eta Cristina Peña, Materialak eta Teknologiak ikerketa-taldeko kidea.
Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekanikoa saileko Juan Luis Osa eta Cristina Peña, Materialak eta Teknologiak ikerketa-taldeko kidea. | Argazkia: Gorka Estrada

Materialak eta Teknologiak (GMT) ikerketa-taldeak oihal bakeroa desgastatzeko material jasangarri berri bat aurkitu du. Muskuiluen maskorrak txikituz lortzen den hondarrak ehungintzaren industriak erabiltzen dituen beste material batzuek baino ezaugarri urratzaile hobeak dituela antzeman dute. Gainera, ekologikoagoa ere bada, hondakin bat lehengai bihurtzen delako.

Ehungintza-sektoreko multinazional garrantzitsu bat oihal bakeroa higatzeko teknika jasangarri baten bila ari zen, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Materialak eta Teknologiak (GMT) ikerketa-taldeak aurkitu du irtenbide bat Massachusetts Institute of Technologyren (MIT) kolaborazioarekin. “Ondorioztatu dugu muskuiluen maskor txikituz osatutako hondarra material urratzaile eraginkorra eta jasangarria dela. Aukera ematen du gaur egun bakeroak higatzeko erabiltzen diren beste prozesu industrial batzuk ordezkatzeko, ingurumenean inpaktu handiagoa sortzen dutenak edo toxikotasun handiagoa dutenak”, diote Cristina Peña eta Juan Luis Osa ikertzaileek.

Izan ere, estetikoki hain gustukoa den oihal bakeroaren itxura desgastatua lortzeko erabiltzen diren tratamenduek hainbat eragozpen dituzte. Tradizionalki, silize-hondarra oihalaren kontra presio handiz jaurtiz higatzen zen ehun bakeroa. Baina teknika hura erabiltzen zuten langileek, segurtasun-neurri eta babes desegokiak erabiltzearen ondorioz, silikosia garatu zuten. Hilkortasun-tasa altuko gaixotasuna izanik, ospe txarra hartu zuen hondar-zurrustan oinarritutako teknika higatzaileak, eta ehungintzaren industriak alboratu egin zuen. Horren ordez, beste metodo batzuk erabiltzen hasi zen. Adibidez, tratamendu kimiko oxidatzaileak edo laser bidezko tratamendu termikoak. Aldiz, ikusi da horiek toxikoagoak izan daitezkeela eta ez dituztela higadura-emaitza hain onak lortzen.

“Kontuan hartuta hondar-zurrustaren teknikak babes egokiekin langileei ez diela zertan gaixotasunik eragin, arropa ekoizten duen marka horrek teknika hori berraztertu nahi zuen, baina material jasangarriagoren bat erabiliz; alegia, urratzaile gisa erabili ohi den granatea (kuartzo gabeko silikato minerala) baino jasangarriagoa”, azaldu du Peñak. Hasieran, zaborretara botatzeko egoeran zeuden jantzien botoiekin egin zituzten lehenengo saiakerak, baina aukera hau ez zen bideragarria. Orduan, material berriztagarri bat bilatzea erabaki zuten, eta enkargua egin zuen ehungintza-enpresak berak iradokita hasi ziren muskuiluen maskorrekin probak egiten. Zehazki, elikaduraren industriak baztertzen dituen oskolekin. “Donostiako La Mejillonera tabernatik oso gertu bizi naizela aprobetxatuz, haiek zaborretara bota ohi dituzten muskuiluen maskorrekin egin ditugu probak. Prozesua honakoa da: oskolak urarekin garbitu, tratamendu termiko batekin materia esterilizatu, errota batean eho, bahetu eta, azkenik, sortutako hondarra ehun bakeroaren kontra presioz proiektatu aire konprimatuko pistola batekin. Ikusi dugu, hori eginez, hondar horrek oso ondo erantzuten duela bakeroak desgastatzeko. Hondar-zurrustaren prozesu honetan erabili ohi den granateak baino hobeto”, dio Osak.

Ondorioztatu dute muskuiluen maskorren hondarrak silikatozko mineralak baino hauskortasun txikiagoa duela eta, ondorioz, errendimendu hobea duela. “Talka egitean puskatzeko joera txikiagoa du granateak baino. Eta hori ezaugarri positiboa da. Izan ere, praka bakero kopuru bera higatzeko muskuiluen oskol-hondar gutxiago behar da granatearena baino. Kontua da, hondar-zurrustaren prozesuan, harea jantziaren kontra proiektatu ondoren, erabilitako harea hori bera jaso egiten dela berrerabiltzeko. Jaso eta berrerabili, behin eta berriro. Baina erabilera bakoitzean hondarra txikitzen joaten da eta, noizean behin, hondar berria gaineratu behar izaten da. Hala, ikusi duguna da muskuiluen maskorrez osatutako hareak granatearenak baino gehiago irauten duela eta, beraz, material gutxiago behar dela higadura berbera lortzeko”, argitu dute ikertzaileek.

Bestalde, baieztatu dute muskuiluen oskolen harea proiektatuz lortzen den akabera ere kalitate onekoa dela. Hau da, moda-diseinatzaileek eta kontsumitzaileek maite dituzten koloreak sortzeko gai dela eta ukimenean oihalak leun uzten dituela, beste tratamendu kimiko batzuek ez bezala.

Hondakin izatetik lehengai bihurtzera

Aurkitutako material higatzailearen jasangarritasuna da EHUko ikerketaren beste indargune nagusia: “Urratzaile tradizionalek eta kimikoek baino inpaktu txikiagoa du ingurumenean. Adibidez, granatea ez da berriztagarria eta oskolak bai. Lehenengoa mineral bat da, naturatik erauzi behar dena. Besteak, aldiz, azpiproduktu bat dira. Muskuiluen kontsumoaren ondorioz, mundu mailan, urtean 1,5 milioi tona oskol-hondakin sortzen dira eta, dakigula, gaur-gaurkoz, ez zaie erabilerarik ematen”, dio Peñak.

Zabortegietan amaitzen duten muskuiluen maskorrei probetxua ateratzeko asmoz, erabilera berriak aurkitzeko lanean ari da komunitate zientifikoa, baina Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak izan dira irtenbide eraginkor bat aurkitzen lehenengotarikoak. “Lan handia izan da eta denbora behar izan dugu emaitza hauek lortzeko, baina oso pozik gaude lorpenarekin. Guk oihal bakeroa urratzeko aplikazio zehatza egiaztatu dugu, baina horrekin batera emaitzek azalarazi dute muskuiluen oskolez osatutako hondarra beste hainbat aplikaziotarako ere urratzaile egokia izan daitekeela eta beste industria batzuetan baliagarria izan daitekeela, hala nola pieza mekanikoak edo barkuak garbitzeko. Gainera, ez du ekipamendu berririk eskatzen. Hondar-zurrusta bidezko prozesuetan erabili ohi diren makinekin egin ditugu gure probak, eta ondo joan da”, azaldu du Osak.

EHUko ikertzaileek azpimarratu dute ikerlanak ekonomia zirkularrari bultzada bat ematen diola: “Abiapuntu on bat da industrian gaur egun egiten diren prozesuak beste era batera egiten hasteko. Ez bakarrik prozesua bera jasangarriagoa izateko, baita sortzen ditugun hondakinei probetxua ateratzeko ere. Erakusten du lehengaien erabileraren ikuspegi zabal bat izan behar dugula, eta, beti erabili izan diren lehengaietatik haratago, ez dagoela sobera zer beste aukera dauden aztertzea, zer hondakin sortzen ditugun begiratzea eta haiekin zer egin genezakeen ikertzea”.

Informazio gehigarria

Cristina Peña Kimikan lizentziatua eta Materialen Ingeniaritzan doktorea da. Materialak eta Teknologiak ikerketa-taldeko kidea da, azken urteotan ekonomia zirkularrari lotutako proiektuetan dabil lanean, eta bere ikerketaren helburu orokorra da material jasangarriagoak garatzea lehengai gisa material berriztagarriak eta birziklatuak erabiliz. Eskolak ematen ditu  Enpresari Aplikatutako Ekonomia Zirkularra Masterrean eta Teknologia Aurreratuak Industrian Masterrean.

Juan Luis Osa Industria Ingeniaritzan doktore da. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekanikoa saileko kide da, eta bere ikerketa-lana solido granularren mekanikan zentratzen da. Irakaslea da Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduan..

Erreferentzia bibliografikoa