Ikasleen VIII. Biltzarrak 2030 Agendari lotutako GrAL nabarmenenak aitortu ditu
Ardatz bakoitzeko 8 Gradu Amaierako Lan saritu dira, Zerbitzuen bidezko Ikaskuntza metodologian oinarrituta hobekien garatutakoa eta poster formatuko onena
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2025/10/31
2025eko urriaren 25ean, larunbata, EHUko ikasleen VIII. Biltzarra egin zen Bilboko Bizkaia Aretoan, ‘Gure Gradu Amaierako Lanek mundua aldatzeko balio dute’ izenburupean. Ekimen honen bidez, 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuen inguruan graduko ikasleek egindako ikerketa lanak ikusarazi eta aitortu nahi izan dira.
Jakintza-arlo guztietako 149 lan aurkeztu dira, 50 euskaraz, 84 gaztelaniaz eta 15 ingelesez, 55 gradu desberdinetakoak: 56 Gizarte Zientzietan eta Zientzia Juridikoetan, 30 Ingeniaritza eta Arkitekturan, 22 Osasun Zientzietan, 15 Zientzietan eta 26 Arte eta Giza Zientzietan. Parte-hartzaileen artean 97 emakumeak izan ziren eta 52 gizonak.
Jasotako lanak biltzarraren ardatz tematikoetan kokatu ziren, honela: 83 Pertsonetan, 20 Oparotasunean, 38 Planetan eta 8 Bakean eta Aliantzetan. Bestalde, parte hartu duten ikasleek EHUko hiru campusetan egin dituzte ikasketak, honela banatuta: 95 pertsona Bizkaiko Campusekoak, 26 Gipuzkoako Campusekoak eta 28 Arabakoak. Kongresuaren edizio honetan bost saio tematiko paralelo antolatu ziren, non lau ardatz tematikoak sartu ziren (Pertsonak, Oparotasuna, Planeta eta Bakea eta Aliantzak).
Edizio honetan poster sail bat aurkeztu zen berritasun gisa. Formatu horrek ikerketa modu bisual, argi eta zehatzean aurkezteko eta defendatzeko aukera ematen du. Plataforma ezin hobea da GrALen funtsezko puntuak komunikatzeko eta interesa modu zuzenagoan eta dinamikoagoan bereganatzeko. 35 poster aurkeztu ziren, eta horietatik 24 kongresuaren egunean azaldu ziren Bizkaia Aretoko hallean. Aldez aurreko hautaketa hori jasotako poster guztiak erakusteko lekurik ez zegoelako egin behar izan zen, eta jasotako lanen kalitate irizpideetan oinarrituta egin zen.
Unai Izquierdo aktore eta kazetariak gidatu zuen itxiera ekitaldia. Gainera, Los Judas de la Impro konpainiaren bat-bateko antzerki emanaldia izan zen ekitaldian, eta sari banaketa Asier Blas EHUko Ikasleen Gaietarako eta Gizarte Konpromisorako errektoreordeak egin zuen.
“Ikasleen VIII. Biltzarra inoizko arrakastatsuena izan da, 83 ponentzia eta 24 poster aurkeztu dira. Guztiek zerikusia izan dute Gradu Amaierako Lanekin. Hauek titulu bat lortzeko baldintza formal bat baino askoz gehiago direla ulertzen dugu, autonomia ikertzailearen lehen ekintza azpimarragarria da, baina Biltzarrean ikusi dugun moduan ezagutza ez da berez helburu bat, pertsonen eta gure ingurunearen bizitza hobetzeko tresna boteretsu bat baizik. Ildo horretan, aurkeztu diren proiektuetako bakoitzak — Gizarte eta Lege Zientzien arloetatik Ingeniaritzaraino, Arte eta Humanitateetatik Osasun Zientzietaraino — aldaketa hazi bat izan dute mundu jasangarriago eta justuago baten alde egiteko 2030 Agendaren Garapen Iraunkorrerako helburuetatik abiatuz”, nabarmendu du Asier Blasek.
| Ardatz tematikoa | Saria | Pertsona | GrAL | Gradua |
|---|---|---|---|---|
| Pertsonak |
1 |
Lander Ruiz Pehaut | Biobateragarria den biotinta baten garapena, 3D inprimaketa bidez, zauri kroniko in vitro eredu bat eratzeko | Farmazia |
| Pertsonak | 2 | Alexandra del Campo Bascuñana | Zénit, la novela gráfica sobre TDAH | Sorkuntza eta Diseinua |
| Planeta | 1 | Aitor González González | Hondakin-urak tratatzeko fitoarazte-sistemen ebaluazioa: diseinua, inplementazioa eta eraginkortasunaren analisia mikrokosmos eskalan | Biologia |
| Planeta | 2 | Paula Benito Ramos | Propuesta de una planta de transformación de cereales en Vitoria-Gasteiz para el impulso de la economía circular | Ingurumen Ingeniaritza |
| Oparotasuna | 1 | Javier Arambarri Calvo | Desarrollo de algoritmos de percepción y control en ROS2 para robótica móvil | Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritza |
| Oparotasuna | 2 | Adrian Mena Ruiz | AgroFind: Aplicación serverless para trazabilidad agrícola mediante blockchain | Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritza |
| Bakea eta Aliantzak | 1 | Nahia Miranda Suescun | La autopsia psicológica como herramienta de investigación y prevención del suicidio: análisis y propuesta de un organismo para su aplicación en España. | Kriminologia |
| Bakea eta Aliantzak | 2 | Eider Huerta Giralt | Motivos de la literatura épica bizantina y postbizantina, tradición y comparación con la épica española: Diyenís Acritis y Mio Cid | Filologia |
| Zerbitzuen bidezko Ikaskuntza | Berezia | Aimar Arrona Ponce | Adimen urritasuna duten pertsonen gizarteratzea: Ikaskuntza-Zerbitzu bidezko esperientzia bat, Real Genuine futbol taldearekin | Lehen Hezkuntza |
| Posterra | Berezia | Adrián Mena Ruiz | AgroFind: aplicación serverless para trazabilidad agrícola mediante blockchain | Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritza |
Informazio guztia, hemen.
