Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Donostiako Hezkuntzaren Museoarekin lotutako espazio berria inauguratu du Bilboko Hezkuntza Fakultatean. Erakunde honek Bizkaiko heziketaren bilakaera historikoa eta pedagogikoaren garapena jartzen ditu ardatz. Bi geletan banatzen da: bata, II. Errepublikako eskola-ikasgelaren erreprodukzioa, eta bestea, eskola-material eta testuliburuen bilduma bat gordetzeko espazioa.
Iraganeko ikasgeletara bidaia: Hezkuntzaren Museoak espazio berria zabaldu du Bizkaiko Campusean
Museoak ikasgela historiko baten erreprodukzioa eta testuliburuen bilduma zabala eskaintzen ditu
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2025/09/25
Lehengo gelan, II. Errepublikako nesken eskola baten giroa berregin da. Paulí Dávilak, Donostiko Hezkuntza Museoko zuzendari ohiak, azpimarratu duenez, «Hezkuntzaren Museoak ezin dira ulertu ikasgelarik gabe; ikasgelek garaiko errealitate soziala eta hezkuntza-esperientzia islatzen dute». Gela osatzeko erabilitako materiala Magisteritza Eskolatik, Donostiako Hezkuntzaren Museotik eta ekarpen partikularretatik jaso da. Horrez gain, bertan Bizkaiko hezkuntzaren bilakaera erakusten duten informazio-panelak daude, Foruen garaiko hezkuntzaren egoeratik gaur egunera arte.
Museoko zuzendari berriak eta IkasGaraia ikerketa-taldeko arduradunak, Luisma Nayak, azaldu duenez, «ikasgelak ez ziren asko aldatu Errepublikan eta frankismo garaian; alde nagusia paretan zegoen ikur politikoan dago». Errepublikan, estatuaren ezkutua ageri zen, eta frankismoan berriz, Francoren erretratua. Gelan, gainera, garai hartako elementu didaktiko ohikoak ikus daitezke: disekatutako animaliak, hezurdurak eta mineral kolekzioak. Ez dira falta erlijio-sinboloak ere, hala nola paretako gurutzea edo Andra Mariaren koadroa.
Bigarren gela testuliburuen eta eskola-materialen bildumari eskainita dago. Testuliburu gehienak ez daude digitalizatuta eta, gainera, ohiko liburutegietan aurkitzea ezinezkoa den materiala jasotzen dute. Bilduma oraindik ere osatzen ari da, eta horretarako ezinbesteko izan da Gurutze Ezkurdia bezalako irakasle eta ikertzaileen lana; izan ere, testuliburu eta mapa ugari berreskuratu dituzte zakarrontzira bota aurretik. Ezkurdiak nabarmendu duenez, «oso material interesgarria da hezkuntzaren historiari buruzko ikerketa lanak egiteko, bai gradu amaierako lanetan, bai master amaierakoetan».
Inaugurazio ekitaldian, EHUko errektorea Joxerramon Bengoetxea izan zen. Bengoetxeak, museoen eta hezkuntzaren garrantzia azpimarratu zuen, gaur egungo testuinguruarekin alderatuz: «Gaur egun armamentuak markatzen du unea, baina inbertsio benetan produktiboa hezkuntzan, eskoletan eta ikerketan egin behar da; ez tankeetan, misil edo erasoetarako dronetan». Era berean, azpimarratu zuen «museoek gure ondarean duten garrantzia ukaezina dela, eta eskolak gure herriaren historiaren ezinbesteko zati direla».
EHUren Hezkuntzaren Museoa ez ezik, Estatuan beste 11 museo pedagogiko ere badaude. Bilboko Hezkuntza Fakultateko espazio berria bisitatzeko, Hezkuntza Zientziak Sailarekin harremanetan jarri behar da, Gurutze Ezkurdia edo Karmele Artetxeri eskaria posta elektroniko bidez bidaliz. Bisita bakoitzean, gainera, gehienez 15 pertsona onartzen dira.
Irudi galeria
-
Ezkerretik eskumara: Luisma Naya, Joxerramon Bengoetxea, Jose Ramón Díez, Urtza Garay eta Paulí Dávila -
Paulí Dávilak eskainitako bisita gidatua Hezkuntzaren Museoaren inaugurazio ekitaldian -
Ezkerretik eskumara: Paulí Dávila, Luisma Naya, Jose Ramón Díez, Joxerramon Bengoetxea eta Gurutze Ezkurdia -
Hezkuntza Museoaren II. Errepublikaren ikasgelaren erreprodukzioa -
Gurutze Ezkurdia, EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultatearen irakasle eta Ikertzailea
