euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Koldo Mitxelenaren ‘Obras Completas’ irekian

EHUko Argitalpen Zerbitzuak Anuario ASJU aldizkarian argitaratutako liburuak digitalizatu ditu, eta euskal hizkuntzan eta kulturan interesa dutenei eskainiko dizkie

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/04/30

Koldo Mitxelena

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Argitalpen Zerbitzuak ‘Luis Michelena. Obras Completas’ lanaren 15 liburukien argitalpen digitala aurkeztu berri du, eta irekian eskura daitezke. Bilduma hori paperean argitaratuta zegoen jada ASJUn (Anuario del Seminario de Filología Vasca ‘Julio de Urquijo’). Hizkuntzalaritzako eta Euskal Filologiako nazioarteko aldizkari hori 1954an sortu zuten Koldo Mitxelenak eta Manuel Agudek. Orain, ordea, EHUko Argitalpen Zerbitzuak guztiak digitalizatu ditu, eta publikoari irekian eskaintzen dizkio.

Joseba Andoni Lakarrarentzat (ASJUren zuzendaria, Ibon Sarasolarekin batera), “Mitxelenaren ‘Obras Completas’ lana irekian argitaratzea albiste ederra da euskalari eta euskaltzaleentzat, historiari, euskarari eta euskal literaturaren beste alderdi batzuei buruz dituen edukiengatik, alderdi horietan Mitxelenak funtsezkoa izaten jarraitzen baitu. Gainera, zalantzarik gabe, aukera bikaina da, besterik gabe, gure herriko hizkuntzari eta kulturari buruz interes eta indar betean dauden testuen euskarazko nahiz gaztelaniazko prosa dotoreaz gozatu ahal izateko”.

ASJUn euskaraz edo nazioarteko elkarte zientifikoetan erabili ohi diren hizkuntzetakoren batean idatzitako euskal hizkuntzalaritzako eta filologiako jatorrizko obrak argitaratzen dira, baita euskalaritzarako interesgarriak izan daitezkeen eta beste arloren batekoak edo arlo zabalago batekoak direnak ere.
Urtero bi ale argitaratzen dira. ASJUk, halaber, liburuen bilduma bat dauka, artikuluaren formatuaren gainetik dauden obrak argitaratzen direnak, epe jakin bat eduki gabe. Aldizkaria 2011n argitaratu zen linean lehenengoz.

Lakarrak honako hau gaineratu du: “Euskal Herriko Unibertsitateak oso ondo kitatu du unibertsitate honek eta euskal gizarteak Mitxelenarekin zuten zorra, eta unibertsitatearen argitalpen funtsa aberastu du bere generoan parekorik ez daukan obra batekin; izan, ere, euskal eta nazioarteko gizartearen esku jarri du euskararen eta euskal kulturaren oinarriak izan diren eta izaten jarraitzen dutenari buruzko ezagutzari lan gutxik bezalako ekarpena egin dion obra bat, oinarri horietan inoiz jardun den zientzialari handienak ikertuak”.

Mitxelenaren figura

Hizkuntzalari gipuzkoarra Errenterian jaio zen 1915ean. Euskarazko alfabetatzea Zeruko Argia irakurriz hasi zuen, eta bere herri literaturari buruzko lehenengo ezagutzak Martín Lecuonari zor zizkion, Errenteriako koadjutoreari.

Bere militantzia politikoaren eta Gerra Zibilean parte hartzearen ondorioz, espetxean sartu eta heriotza zigorra ezarri zioten, baina zigor hori konmutatu egin zioten gero. Espetxetik irtetean, Madrilera joan zen lanagatik, eta han, berriro ere atxilotu egin zuten, Eusko Jaurlaritzaren erresistentzian izan zuen militantzia politikoagatik. Espetxean, Filosofia eta Letretako ikasketei ekin zien, eta Klasikoena amaitu zuen 1951n.

Euskal Herrira itzuli zenean, birsortzen ari zen Euskaltzaindiako kide izendatu zuten, baita Seminario de Filología Vasca ‘Julio de Urquijo’ instituzioaren zuzendari tekniko ere (1954). Egan aldizkariaren kontseiluan parte hartu zuen, aldizkari hori tentuz hasia baitzen euskarazko literatura argitaratzen. 1959an doktoregoa eskuratu zuen, ‘Fonética histórica vasca’ tesiarekin.

Urte horietatik aurrera, Antonio Tovarrekin izan zuen harremana erabakigarria izan zen. Tovarrek, José Vallejorekin eta Salamancako Unibertsitateko beste irakasle batzuekin batera, bere balioagatik eta ezagutzengatik liluratuta, zirenak eta ez zirenak egin zituzten hura babesteko, eta “Manuel de Larramendi” Katedra sortu zuten, Mitxelenak bere eskolak eman ahal zitzan han, noizean behin bazen ere. 1967an Institutuko katedra eskuratu zuen, oposizio bidez. Ondoren, Tovarrek eta bere babesleek Indoeuropar Hizkuntzalaritzako Katedra bat sortzea eskatu zuten, eta haren titulartasuna Mitxelenak eskuratu zuen, zegozkion oposizioak gainditu ondoren (1968).

Urte horretan bertan, Euskaltzaindiak euskara bateratzeko zeregin neketsua agindu zion, eta horretan jardun zen, liskarrak eta eztabaidak izan bazituen ere, euskararen literatura batasunaren oinarriak finkatzeko. Bere irizpidea “arrazoi biologikoena” izan zen: euskara batua Gipuzkoako, Nafarroako eta Lapurdiko euskalkien gainean eraikiko zen. Bere tesiak 1968ko Arantzazuko Biltzarrean eztabaidatu ziren, bere iritzia gailendu zen, eta Akademiak euskararen literatura araudi berriaren arabera erabiltzea gomendatu zuen.

Salamancan finkatuta zegoen arren –Sorbonan eskolak eman ondoren–, unibertsitate hura utzi eta Euskal Herriko Unibertsitatean irakastera igaro zen (1977). Vitoria-Gasteizen bizi izan zen unibertsitate berriko Filologiako katedran lan egiteko (Indoeuropar eta Euskal Hizkuntzalaritza). Gainera, 1982an Eusko Jaurlaritzako euskarako aholkulari izendatu zen.

Berandu izan arren, aipamen asko jaso zituen zientziaren eta akademiaren munduan, besteak beste: Menéndez Pidal saria eta Alfontso X.a Jakitunaren Gurutze Handia (1984); Hanburgoko FVS Fundazioaren Ossian saria (1983), eta Bordeleko Unibertsitateko (1982) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (1984) honoris causa doktorea. Euskaltzaindiako kidea izan zen, Espainiako Errege Akademiaren urgazlea eta Parisko Société de Lingüistique erakundeko kidea. Erretiroa hartutakoan, Euskal Herriko Unibertsitateko lehenengo irakasle emeritu bihurtu zen. 1983an, bere espetxekideek ‘Burgoseko Espetxea’ Unibertsitateko honoris causa doktore izendatu zuten.