euskaraespañol

Redes sociales campusa

Luis Miguel Uharte Pozas

Kuba: egungo migratzaile uholdearen askotariko alderdiak

Gizarte Antropologiako Saileko irakasle titularra

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/02/15

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Azken hilabete hauetan, itzal handiko komunikabideen titularrek indar ideia bat zabaldu dute: “migrazio krisi larria Kuban”. Herrialdeak bizi duen migrazio fluxu handia ukaezina da, baina analisi gehienek ez diote behar besteko zorroztasunez heldu fenomeno horri, eta hura behar bezala ulertzeko hura baldintzatzen duten alderdi ugariak hartu behar dira kontuan.

Mexikoren mugan dagoen AEBetako Aduanen eta Mugako Zaintzaren Bulegoak eskaini dituen iazko datuen arabera, lurralde estatubatuarrera igarotzen saiatu ziren kubatarren kopurua 200.000 pertsonatik gorakoa izan zen. Zifra hori aurreko urtean jasotako 38.000ren edo 2020ko 13.000ren oso gainetik dago. Beren aldetik, kostazainek Floridara itsasoz iristen saiatu ziren 5.000 kubatar baino gehiago geldiarazi zituzten. Kopuru hori 2016an eta 1990eko hamarkadan soilik eman zen.

Fluxuaren gorakada oso esanguratsua izan da, eta, horregatik, hazkunde horren arrazoiak identifikatu egin behar dira. Lehenik eta behin, esan beharra dago zenbait aldagai nahasten direla: batzuk barne ordenari dagozkie; beste batzuk kanpoko arrazoiengatik ematen dira. Azken aldagai horietako batzuk ez dira ematen Latinoamerikako beste herrialde batzuetatik AEBetara egiten diren migrazio mugimenduetan, eta, gainera, Kubaren kasuan berebiziko garrantzia dute. Ondorioz, horiei helduko diegu lehenik.

COVIDa eta AEBen blokeoa

Kanpo ordenari dagozkion aldagaiei buruz ari garenean, bi motari buruz dihardugu: alde batetik, izaera globala dutenak; eta, bestetik, Washingtonen mende daudenak. Globalak bi dira, nagusiki. Bata, COVIDaren pandemiak eragindako ondorioak, eta, bestea, produktuen espiral inflazionista, besteak beste, Ukrainako gerrak eragindakoa.

Kanpo ordenako beste aldagai bat (eragin handia du eta inguruko herrialdeek ez dute pairatzen) AEBen blokeoa da, eta, batez ere, hura gogortu izana Trumpen gobernua ezarri zenean 2017aren hasieran. Estatu Batuetako aurreko presidenteak onartu zituen 240 neurri berri baino gehiagok erabat aldatu zuten Obamak hasitako irekitze prozesua, eta denboraren igaroarekin (5 urte igaro dira ordutik) beren helburu nagusia lortu dute, hots, berez ahula den Kubako ekonomia kolpatzea. Ondorioz, emigratzeko joerak gora egin du.

Aipatutako neurri guztiak herrialdearen kolapso ekonomikoa eragitera daude bideratuta, eta bi eremu estrategikori eragiten saiatu dira: batetik, Kubako sektore ekonomiko nagusiei eta, bestetik, oinarrizko zerbitzuei. Zenbait neurrik hiru eragile ekonomiko handiak (kanpoko zerbitzu medikoak, turismoa eta bidalketak) itotzea izan dute helburu, herrialdeko dibisen diru sarrerak nabarmen murrizteko.

Politika horren emaitzak arrakastatsuak izan dira AEBetako estrategiarentzat, aipatutako sektoreek aurreko urteetan baino askoz diru sarrera txikiagoak izan baitituzte. Kanpoko zerbitzu medikoak bertan behera utzi dituzte zenbait herrialdetan, Etxe Zuriak hango gobernuei egindako presioaren ondorioz.

Bidalketek behera egin dute

AEBetatik senideei bidaltzen dieten diruaren zenbatekoak ere nabarmen egin du behera, Trumpek 2019an ezarritako mugaren ondorioz. Pandemiak ez ezik, AEBetako auzitegiek Kuban negozioak dituzten hainbat enpresei jarritako isunek ere eragina izan dute turismoan.

Beste aldea, lehen aipatu dugun bezala, oinarrizko zerbitzuei dagokiena izan da. Nabarmentzekoak dira erregaia hornitzen duten konpainien aurkako zigor neurriak. Horien ondorioz, herrialdearen energia ahalmena murriztu egin da, eta industriak ez ezik, garraio publikoa eta zerbitzu elektrikoa ere kaltetu da (herritarrek ilara luzeak egin behar izan dituzte eta itzalaldi ugari izan dituzte).

Aldi berean, AEBetako zigorrek sendagaiak, material medikoa eta elikagaiak ekoizteko intsumoak iristeari ere eragin diote, normalean baino gehiago, eta, ondorioz, herritarren etsipena are gehiago areagotu da.

Hainbat enpresak Kubarekin harremana izateari utzi diote

Neurri horien garrantzia ulertzeko, beste hainbat eta hainbat herrialdetako enpresetan izan duten eragina azpimarratu behar da; irlarekin zituzten harreman komertzialak eta finantzarioak eten dituzte horiek. Neurri berrietako bik (Kuba berriro ere ‘terrorismoa bultzatzen duten estatuen zerrendan’ sartzea eta Helms-Burton Legearen III. titulua aktibatzea) zenbait enpresak –blokeoa gorabehera, historikoki herrialdearekin harreman ekonomikoak izan dituzte– Kubarekin harremana izateari utzi izana ulertzeko adibide gisa balio dute.

Barne ordenaren aldagaiei dagokienez, erreforma ekonomikoaren azken neurrietako batzuek ondoez sozial handia eragin dute. Lehen babestuta zeuden erosketa saskiko oinarrizko produktu batzuk merkatu librean sartzeaz ari gara. Hori, gainera, inflazio handiko testuinguru batean gertatu da; hori dela eta, nabarmen murriztu da biztanle zaurgarrienen erosteko ahalmena, eta, aldi berean, desberdintasun soziala areagotu egin da imajinario igualitaristak oraindik pisu handia duen gizarte batean.

Amaitzeko, zaila da aurreikuspenak egitea; izan ere, Biden buru duen administrazio demokratak Trumpen neurri asko indargabetu egingo zituela uste zen, baina orain arte ez da halakorik gertatu.

Bestalde, argi dago belaunaldi berriek –hezkuntza prestakuntza handia duen herrialde bat da Kuba– emigratzen jarraituko dutela bizi baldintza material hobeak lortzeko, eskualdeko herrialde gehienetako garaikideek egiten duten bezala. Aldaketa etorriko litzateke AEBek kubatar migrazioari gaur egun ematen dioten tratamendu pribilegiatua amaituko balute Doikuntza Legea indargabetuta, eta are gehiago, herrialdearekiko blokeoa amaituko balute (Obamarekin horizonte hori argia ikusten hasi zen).

Horrek ez luke migrazio fluxua desagerraraziko, jakina, baina, gutxienez, Kubako migrazioa Latinoamerika osoaren migrazioaren antzeko estandarrekin aztertzera behartuko luke.

The Conversation