euskaraespañol

Redes sociales campusa

Latinoamerikan izan da EHUren ordezkaritza unibertsitateko graduondoko eskaintza akademikoa erakusten

Bost herrialdetako nazioarteko 8 azokatan egon dira eta Eusko Jaurlaritzaren Mexikoko ordezkariarekin ere batzartu dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/05

Mexicoko Puebla hiriko Azokan | Argazkia: EHU

Guadalajara, Mexiko, Dominikar Errepublika, Guatemala, Costa Rica. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) egunotan izan da herrialde horietan unibertsitate-masterren, doktoregoen, etengabeko prestakuntzaren eta baita mikrokredentzialen prestakuntza-eskaintzaren berri ematen, han egin diren graduondoko nazioarteko azoketan. Jendetsuak izan dira hitzorduak eta parte-hartzaileek interes handia erakutsi dute beren herrialdeetatik kanpo ikasteko. EHUren ordezkaritzarekin batera Latinoamerikako, Ipar Amerikako eta Espainiako beste 20 unibertsitate izan dira azoketan. Egonaldia baliatu dute Euskadiren Mexikoko ordezkariarekin bilera egiteko.

Urtarrilaren amaieraz geroztik eta otsaileko lehen astean zehar, Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkaritza bat aritu da graduondoko ikasketen berri ematen nazioarteko hainbat azokatan; hala nola, Mexikoko Guadalajara, Santiago de Querétaro, Mexiko Hiria eta Puebla hirietan, Santo Domingo (Dominikar Errepublika), Panama Hiria (Panama), Guatemala Hiria (Guatemala) eta San Jose (Costa Rica). Ikasketa propioen zuzendari Goizalde Hernando Saratxagak,  Master eta doktorego arloburu Ana Regidor Junquerak Deñe Larrabeiti Graduondoko Zerbitzuko teknikoaren esanetan, "gure erakus-mahaira etorri izan den jendearen artean aldakorra da ezagutza-arloekiko erakutsi diguten interesa; egon garen herrialdearen arabera, desberdina da, baina bat datoz erakusten diegun eskaintza oso zabala dela esaten. EHUrena da azoka hauetan egiten den eskaintzarik zabalena eta horrek harritu egiten ditu".  

Azoketan ibili den jende gehiena ikasle gazteak dira, “ikasketak beren herrialdetik kanpo egiteko asmoa dutenak, baina baita jende helduagoa ere, masterrak online egiteko aukeren bilra”, azaldu du Regidorrek; “zentzu horretan, poztu egiten dira EHUk graduondoko ikasketen sare latinoamerikar bat duela esaten diegunean, eta sare horretan eskaintzen ditugun masterretako batzuk jatorrizko herrialdeetatik egin ditzaketela jakiten dutenean”. 

Bidaia horretan, talentua bilatzeaz eta azoketako prestakuntza-eskaintza erakusteaz gain, EHUk beste helburu bat ere izan du: inguruko beste unibertsitate batzuekin harremanak ezartzea eta lehendik zeudenak indartzea. Horretarako, bilerak egin dituzte Antropologia eta Historia Institutu Nazionaleko (INAH) "Manuel del Castillo Negrete" Kontserbazio, Zaharberritze eta Museografia Eskola Nazionaleko (ENCRyM) ordezkariekin. Erakunde horrek sarean master berri bat gehitzeko interesa erakutsi du graduondoko sare latinoamerikarrean. 

Halaber, Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoarekin (UASD) harremanetan ere egon da EHUko ordezkaritza, dagoeneko Latinoamerikako Sarean masterrak ematen dituztelako eta EHUko irakasleek ere ematen dituztelako eskolako sare horretan. Gainera, Dominikar Errepublikara egindako bisita aprobetxatu dute Goiko Mailako Hezkuntza Zientzia eta Teknologia Ministerioko agintariekin bilera egiteko eta lankidetza-akordio berriak sinatzeko. "Iaz 83 beka eman ziren Euskal Herriko Unibertsitatera ikastera etortzeko, eta aurten 84 beka izateko hitzarmena sinatzear gaude", azaldu zuen Hernandok.  

EHUko ordezkaritzak Guatemala ere bisitatu du. Han Rafael Landívar Unibertsitatea (URL) bisitatu dute; izan ere, Guatemalako unibertsitate horrek ere masterrak eskaintzen ditu Sare Latinoamerikarrean eta aurten, gainera, Sarearen kongresua hartu du, Panama eta Costa Ricarekin  batera. 

Halaber, Mexiko Hirian egindako egonaldia aprobetxatu du EHUko graduondoko zerbitzuko ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren Mexikoko Ordezkaritzarekin biltzeko, eta autonomia erkidegora talentua erakartzeko estrategian laguntzen jarraitzeko. Ainhoa Apeztegia delegatuak eta Itzel Olagüe zuzendari instituzionalak hartu dituzte EHUko kideak Mexikoko bulegoan.