euskaraespañol

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

Marta Macho-Stadler

Lehen hezkuntza, matematikan genero arrakala desagerrarazteko gakoa

Matematika Saileko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/06/24

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Ekainaren 11n argitaratu zuten ‘Nature’ aldizkarian ‘Rapid emergence of a maths gender gap in first grade’ artikulua. Bertan, Frantziako lehen eta bigarren mailako (5 eta 7 urte artean) ikasle guztiek hizkuntzan eta matematikan egindako lanari buruz egindako luzetarako azterlanaren emaitzak daude jasota. Lau urtean zehar egindako azterlan handi hori (bi milioi eta erdi neska-mutil baino gehiago) behaketa bidez egindako ikerketa da eta aurrez egindako antzeko azterketetako emaitza asko berretsi ditu.

Matematika versus hizkuntza

Ikerketan baieztatzen denez, nahiz eta eskolaratze unean neska-mutilen errendimendua matematikan oso antzekoa izan, eskolan lau hilabete bakarrik eman ondoren, genero arrakala nabaritzen hasten da mutilen alde. Desoreka hori, gainera, apur bat aldatzen da familia ingurunearen, ikastetxean erabilitako metodo pedagogikoen edo ikasleen maila sozioekonomikoaren arabera, besteak beste.

Hizkuntza errendimenduaren kasuan, dinamika matematikakoarekiko oso ezberdina da. Azterketak agerian uzten du gai horretan abantaila goiztiarra eta iraunkorra dutela emakumezkoek. Eskolan sartu aurretik hizkuntzan nabaria den hizkuntza mailako arrakala matematikan ikus daitekeen desoreka baino askoz ere gutxiago aldatzen da eskolaratzearen ondoren.

Noiz hasten da STEAM diziplinekiko ‘antsietatea’?

Aurretik egindako azterlanen arabera, sei urte inguruan (eskolaratzea hasten den adina) hasten dira arrakalak nabaritzen STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika, ingeleseko siglen arabera) irakasgaietan. Gizarteak uste du irakasgai horiek adimen bikaintasun berezia eskatzen dutela, eta hori nesken aurka dagoen elementua dela esan dezakegu; izan ere, adin horretatik aurrera, neskak (eta haien ingurunea ere bai) beren buruak gaitasun gutxiagokotzat hartzen hasten dira.

Lan berri honek adin hori une giltzarri gisa berresten du, eta STEAM gaietan trebetasunei eta gaitasunei buruzko estereotipoak ezabatzeko esku-hartzeak sei urte inguruan hasi beharko liratekeela proposatzen du. Horren arabera, hurrengo etapetan egindako ekimenak ez lirateke oso eraginkorrak izango.

Neska eta mutilen matematika gaitasunak antzekoak dira

‘Nature’ aldizkarian argitaratutako artikuluak aurreko beste azterlan batzuetan ere aipatutako ziurtasun bera nabarmendu du: ez dago matematika gaitasunei dagokienez berezko ezberdintasunik nesken eta mutilen artean. Hala, azterlanak errotutako sinesmen batzuk baztertu ditu. Adibidez, neskek eta mutilek proposatutako zereginetan matematikako gaitasun desberdinak izatea zeregin horiek kalkuluarekin lotuta edo ikuspegi espazialarekin lotuta egotearen arabera.

Azterlan horretan azaltzen denez, lehen hezkuntza hastean, zenbait jarduera (zenbatzea edo batuketa edo kenketa bezalako eragiketak egitea, adibidez) matematika irakasgaiarekin, testu liburuekin eta irakaskuntza orduekin lotzen hasten dira. Orduan, matematikari buruzko genero estereotipoak jokoan sar litezke, eta neskak beren burua mugatzera eraman.

Irakasleek joera horiek transmititzen lagun dezakete, modu inkontzientean bada ere. Adibide batzuk aipatzearren, hori gertatzen da kasu hauetan: neska-mutilekin modu desberdinean elkarreragiten badute, neskei haien antsietate matematikoa "kutsatzen" badiete (emakumezko irakasleen kasuan, antsietate horrek ez omen die mutilei eragiten), neskak irakurketara bideratzen badituzte edo mutilek matematikan duten errendimendua haien gaitasun intelektualei egozten badiete, eta neskena, berriz, haien ahaleginari eta lanari.

Lehia mailako presioak ezberdin eragiten die neskei eta mutilei

Espainiako matematikako lehiaketa batean aurrez egindako azterlan baten arabera, gainera, neska-mutilen motibazioek eta errendimenduak ezberdinak izan daitezke lehia mailako giroetan. Horixe bera ondorioztatu da artikulu honetan Frantziako ikasleekin lotuta. Gainera, familiako eta irakaskuntzako ingurunearen aurreikuspenen ondorioz, neskak beren buruak mugatzera eta mutilena baino baxuagoa den errendimendua izatera bultza daitezke era horretako probetan.

Bestalde, lan berri honen arabera, emakumezko ikasleek mutilek baino antsietate matematiko handiagoa izaten dute, batez ere proba matematiko lehiakorrak edo iraupen mugatukoak biltzen dituztenean. Konfiantzazko giroan eta denboraren presiorik gabe, estres matematikoa gutxitu egiten da neskengan.

Haur eta lehen hezkuntzako etapak, erabakigarriak

Artikuluak ez ditu lortutako emaitzen zergatiak azaltzen, baina matematikako genero arrakala horren oinarrian egon daitezkeen azalpen onargarrienak zein diren erakusten duten usteak jasotzen ditu. Gero, horietan oinarrituta, zenbait gomendio ematen ditu.

Lehen aipatu dugun moduan, irakasleen (eta familiaren) antsietate matematikoa erraz transmititzen da, batez ere nesken kasuan, azterlanean irakur daitekeenez. Ondorioz, lehen mailako irakaskuntzako irakasleek fenomeno hori baretzeko funtsezko rola betetzen dute.

Artikuluak irakasleen prestakuntza sustatzea iradokitzen du, bai alderdi matematikoei dagokienez (antsietate matematikoa saihesteko), bai alderdi didaktikoei dagokienez (genero mailako joerarik ez transmititzeko). Adibidez, matematikako eskolan neskei eta mutilei maiztasun berberarekin galderak egitea edo neska eta mutilen gaitasunak eta ahalegina neurri berean baloratzea iradokitzen da.

Era berean, askotariko irakasle taldeen aldeko apustua egitea gomendatzen da; izan ere, azterlanaren arabera, lagungarri izan daiteke emakumeak eta gizonak izatea haurrentzako erreferente gisa eta, horrela, hain errotuta dauden estereotipoak ezabatzen laguntzeko.

Azterlanaren arabera, joera hori aldatzen saiatzeko neurriak eskolaratzearen lehen etapetan ezarri behar dira (haur-eskolan edo lehen graduan).

Unibertsitateko etapan eragina duen ikaskuntza metatzailea

Matematikaren ikaskuntzaren izaera oso metakorra da eta, horregatik, ezinbestekoa da bizkor esku hartzea: ikerkuntzak ondorioztatutakoaren arabera, esku-hartze goiztiarren bidez, beren trebetasun matematikoetan konfiantza galdu baino lehen neskengana iristeko aukera dago, haien gaitasunekin lotutako genero estereotipoak barnera ez daitezen.

Horrekin lotuta, gogora ekarri beharra dago Espainian matematika graduetan matrikulatutako nesken ehunekoa jaitsi egin dela. Horrenbestez, litekeena da lehen hezkuntzako geletan gertatzen denak uste baino eragin handiagoa izatea unibertsitateko ikasgeletan gertatzen denarekin. Nire ustez, azterlan horren gomendioek STEAM diziplinei lotutako goi mailako ikasketetan genero mailako arrakala murrizten ere lagun dezakete.