Maitane Alonso Monasterio, onkologiaren munduko elitean distira egiten duen gaztea
24 urterekin, UPV/EHUko Medikuntzako graduatu honek bere lehen ikerketa aurkeztu du ASCO GU25 mundu biltzarrean
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2025/05/22
Maite Alonso Monasterio Medikuntzan graduatu berri da UPV/EHUn. Hogeita lau urte besterik ez dituela, lortu du bere lehen ikerketa aurkeztea American Society of Clinical Oncology GU25-n, onkologia genitourinarioko munduko kongresurik ospetsuenean, San Franciscon (AEB). Umetatik kalterik egingo ez zuen kimioterapia bat asmatzearekin egin zuen amets, eta karreran ulertu zuen pertsonak zaintzea izan dela beti bere benetako irrika. Gaur egun, bere zientzialari bokazioa emaitzetan mamitu da. Haren ibilbidea berezia da ez bakarrik merezimendu akademikoagatik, baina baita ere jakiteko grina hori bizimodu bihurtu duelako, eta horrela hainbat oztopo gainditu dituelako, gazte talentudun asko bidetik bazterrean uzten dituztenak.
“Etxean beti esaten dute onkologian jardun nahi izan nuela hitz hori zelan idazten den jakin aurretik”, dio barre artean Maitane Alonso Monasteriok. Eta amets hori are errealago bihurtu zen aurten, haren lana —prostatako minbizi metastasikoaren aldaki germinalei buruzkoa— aukeratu zutenean milaka lanen artetik San Franciscon aurkeztua izateko, arlo horretako nazioarteko erreferenteekin batera.
Hasieran Gradu Amaierako Lana izan zen —Prostratako minbizi aurreratua: profil genetiko germinalaren eta eboluzio klinikoan duen inpaktuaren karakterizazioa Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko zenbait kasutan—, baina gero etorkizun oparoko ikerketa bihurtu zen. Izan ere, ustekabeko datu bat azaleratu zen Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Onkologia Medikoko zerbitzuan baloratutako zenbait pazienteren atzera begirako analisi hartan.
GRALak ezusteko datuak azalarazi zituen: Orain arte pentsatzen zen birkonbinazio homologoko geneen (hau da, DNA konpontzeaz arduratzen diren genen) alterazio genetiko germinalek ez zeukatela eraginik gaixotasunean, baina ikerlanari esker frogatu da alterazio horiek mugatu egin lezaketela pazienteen biziraupena. “Tradizionalki pentsatu izan da alterazio genetiko horiek onberak izango direla seguruenik, baina gertuagotik aztertzen hasi beharko ginateke beharbada”, dio Maitane Alonsok. Esplorazio azterlan bat den arren, oinarri sendoak ezarri ditu etorkizuneko ikerketarako eta balizko aplikazio klinikoetarako.
Proiektuak hilabeteetako lana dauka atzean, eta aurre egin behar izan dio makala izan ez den erronka bati. Ikerlana biltzarrean behin onarturik, Maitane Alonsok ezusteko arazo bat aurkitu zuen: ez zituen betetzen finantziazio beka eskatzeko baldintzak, laguntza horietako asko pentsatuak baitaude aurreragoko etapetako profesionalentzat, adibidez mediku egoiliarrentzat . “Nire urrezko aukera zen, baina ez neukan joateko baliabiderik”, gogoratu du. Azkenik, bere familiaren ahaleginari esker, bidaia ordaindu eta esperientzia hori bizi ahal izan zuen. “Hau ez litzateke familiaren poltsikoaren mende egon behar. Denek ez daukate halako laguntzarik, eta apasionatzen zaituen horretan murgildu ahal izatea ez litzateke zorte kontu bat izan behar”, erantsi du. Aitorpen akademikotik harago, Alonsok ikertzaile gazte askok aurkitzen duen errealitatea azpimarratu nahi izan du: “Funtsezkoa da gazte ikertzaileei sostengua ematea. Talentuei ez zaie soka batez heldu behar ihes egin ez dezaten, baliabideak eman behar zaizkie, berton geratzea erabaki dezaten”.
Onkologia Medikoko Europako Elkartea
Maitane Alonsori ez zaizkio ezezagunak eskakizun handiko inguruneak. 2023an European Society of Medical Oncology Best Student Award saria eman zioten, Onkologia Medikoko Europako Elkartearen ikastaro batean parte hartu ostean. “Uste nuen barregarri geratuko nintzela, baina mundu osoko jendea ezagutu nuen, asko ikasi nuen eta galdera pila-pila egin nituen”, gehitu du. Gainera, urduritasunez gogoratu du sari banaketa: “ez nuen espero, nire izena esan zutenean jabetu ere ez nintzen egin, unibertsitateko matrikula betetzen ari nintzelako”.
Ekimenerako gogo horrek berak bultzatu zuen bere lehen ikerketa enpresa sortzera karrerako lehen mailan hasi berritan, harrotasunez deskribatzen duenez, “nire bizitzako lana”. Gaur egun, proiektu pertsonal berriak —zientzia eta teknologiari buruzko podkast bat, adibidez— uztartzen ditu bere helburu akademikoekin. Barneko mediku egoiliarra (BAME) izateko azterketa egin berri du, eta bere esperantza da egunen batean onkologoa izatea bere ikertzaile bokazioari uko egin gabe. “Goizean jaikitzen zarenean zerbaitek distira jartzen badizu begietan, beharbada txarto aterako zaizu, baina merezi du horretan saiatzea”, gehitu du pasioz. Bere kasuan, zerbait hori hasia dago argitzen eremu akademikotik askoz harago doan bide bat.
Eskerronak
Amaitzeko, Maitane Alonsok eskerrak eman nahi izan dizkie proiektu hau posible egin duten kide guztiei, "eskerrak eman gura nizkioke Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Onkologia Medikoko zerbitzu osoari, eta bereziki Eneko Novori eta Ricardo Fernandezi; IIS Biobizkaiari, bereziki Xabier Elcoroaristizabali eta Patricia Ruíz-Ontañóni; bai eta egilekide guztiei eta nire familiari ere. Zuek barik, ezinezkoa izango zen".