euskaraespañol

Redes sociales campusa

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko anatomia tailerra berritzeko lanak hasiko dira otsailean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/10

Ikasleak Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko anatomia tailerran | Argazkia: EHU

Tailerreko beharrizanak hazten joan dira eta azken urteetan izandako arazoei irtenbidea emateko neurriak hartuko ditu Bizkaiko Campuseko errektoreordetzak, Medikuntza eta Erizaintza fakultatearekin eta Neurozientziak sailarekin elkarlanean.

EHUko Medikuntza eta Erizaintza fakultatean dagoen anatomia tailerrak dituen itoginek filtrazio larriak eragin dituzte eta sabaia ezinbestean konpondu beharra dago. Bizkaiko Campusak hartu du bere gain obra. Dagoeneko esleitu dira lanak eta euri-egunak pasa eta berehala hasiko dira lanean beharginak. Ia 21.000  euroko inbertsioa egingo da ur filtrazioak saihesteko obretan. Ondoren, anatomia tailerra atontzeko lanek jarraituko diote, 8.252,90 eurokoak. Beste 80.000 euro inguru, inbertituko dira tailerreko makinaria berritzeko. Izan ere, “azken urteetan, anatomia ikasgaian gorpuak erabiltzeko prebentzio irizpideak zorroztu egin dira eta erabiltzen den tresneriaz gain, protokoloak egokitzea dakar horrek”, azaldu du Joseba Pineda EHUren One Health Osasun komisionatu eta fakultateko dekano ohiak. 

Anatomia tailerraren arazoak aspalditik datoz. Hainbat baldintzaren batuketaren ondorioa dela iritzi dio Osasun komisionatuak. “Azpiegituraren mantenua minimoetan izan da, gutxieneko finantzazioarekin, fakultatearen Basurtuko eraikin berriaren inbertsioa lehenetsi baita”, azaldu du. Errektoretza taldeak iazko urriaren 15ean izan zuen anatomia tailerraren egoeraren berri, eta berehala ekin zion lekuaren egoera onbideratzeko neurriak hartzeari, Bizkaiko Campuseko eta Komunikazio errektoreordetzatik. 

Behin sabaia konponduta, barruko obrak ere egingo dira, tartean, gasak xurgatzeko kanpaia eta aireztatze azpiegitura hobetzea, gorpuak gordetzeko hozkailu berria eta giroa kontrolatzeko neurgailuak berritzea. Gorpuak erabiltzeko protokolo prozedurak eta teknikarientzako formazio egokituak ere landuko dira. Azken hori, Medikuntza eta Erizaintza fakultateak eta EHUko Prebentzio Zerbitzuak elkarlanean bideratuko dute. Aurreikuspenen arabera, guztira, 100.000 eurotik gorako inbertsioa egingo du Bizkaiko Campusak tailerraren konpontze, egokitzapen eta berritze lanetan zein makinaria berritzen. 

Doaintzan emandako gorpuak 

Medikuntza eta Fisioterapiako ikasleek izaten dituzte anatomia ikasgaiak, graduko lehenengo bi urteetan. Anatomia tailerrean egin beharreko lanek zuzenean eragin die lauhileko honetan. Ezin izango dituzte anatomia praktikak giza gorputzekin egin, Anatoma tailerraren arazoak konpondu bitartean. Hala ere, Almudena Ramos Medikuntza eta Erizaintza fakultateko dekanoak eta anatomiako irakasleak azaldu duenez, “ikasleek ezagutzan ez dute galerarik izango. 3D irudiak, maketak, hezurrak eta eskeletoak baditugu anatomia eskoletan eta gauza bera ez den arren, ezagutzaren transmisioari ez dio eragiten”. Gainera, ikasleek izango dute eskola praktiko horiek berreskuratzeko aukera: "ikasturte amaieran ez bada, hurrengo ikasturtean izango da; pandemia garaian ere horrela egin genuen”. Anatomia ikasgaian ikasleek praktikak egiteko erabiltzen dituzten gorpuak dohaintzan jasotzen ditu Euskal Herriko Unibertsitateak. “Giza gorpuekin arituta bestela jaso ezin diren gaitasunak garatzen dituzte ikasleek, sakontasuna irabazten dute gorpua ikusita eta ukituta, horrela ulertzen baitira gorputz-atalaren egitura asko eta haien arteko erlazio topografikoak. Gorpuen disekzioak, gainera, aldakortasun anatomiko erreala ezagutzeko aukera ematen du. Gorputz bakoitza desberdina da, eta hori ia ezinezkoa da eredu digitalizatuekin transmititzea. Praktika horietan, ikasleak giza gorputzera hurbiltzen dira lehen aldiz, eta, prestakuntzaren hasieratik, jarrera etikoak, enpatia eta giza gorputzarekiko eta pazientearekiko errespetua sustatzen dituzte. Alderdi horiek ez dira ingurune birtualekin lortzen”, azaldu du dekanoak. Gaur egun 1000tik gora pertsona daude izena emanda hil ostean euren gorpua EHUri emateko, etorkizuneko mediku eta fisioterapeutak formatzeko. Modu horretan bermatuta dago gorpu-horniketa eta, ondorioz, 2014tik ez da dohaintzarik onartzen eta izen-emateko aukera itxita dago. 

“Ikasleei, hasieran inpresioa eragiten die benetako gorpuekin aritzeak, baina berehala ohartzen dira zein tamainako eskuzabaltasun ekintza den emaileena eta euren formaziorako zein garrantzitsua den esku artean dutena. Hasierako inpresio horri jakinmina gailentzen zaio berehala”, adierazi du Ramosek.  

Ikasturte bakoitzean 10-12 gorpu erabiltzen dira graduko ikasleen formakuntzan. Ondoren, gorpua ikerketa zientifikorako ematen duten pertsonen errautsak Leioako Campusean dagoen Arboretumeko Bizitzaren Basoan gordetzeko aukera dute senideek, 20 zuhaitz formako eskultura multzo barruko kutxetan.