euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Iñaki Milton Laskibar, Iker Gomez Garcia, Jenifer Trepiana Arin, Laura Isabel Arellano García, María Puy Portillo, Saioa Gómez Zorita

Mendebaldeko dieta “pozoia” da hesterako

UPV/EHUko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/09/01

Artikulu hau jatorriz The Conversation-en argitaratu da.

Azkenaldion “mendebaldeko dieta” edo “mendebaldeko eredu dietetikoa” aipatzen da han eta hemen. Labur esanda, elikadura hori oinarritzen da energetikoki trinkoak eta nutrizio aldetik pobreak diren jan-edanetan. Lehenengoak —energia dentsitate handiko elikagaiak— dira gantz ase asko eta azukre gehigarri asko daukatenak, eta bigarrenak —mantenugaietan pobreak diren elikagaiak— besteak beste bitamina, mineral eta zuntz gutxi daukatenak dira. Beste era batera esanda: “mendebaldeko dieta”n mota batetik gehiegi eta beste motatik gutxiegi hartzen da: gehiegi, produktu prozesatu eta finduetatik, okela gorri eta prozesatuetatik, azukre gehigarri eta gantz aseetatik, eta, gutxiegi, berriz, fruitu, barazki, osoko zereal eta fruitu lehorretatik.

Osasun metabolikoaren gaineko eragina

Goiko definizioaren arabera, mendebaldeko dietari jarraituz gero, gure elikadura ez da oso osasungarria izango. Izan ere, alde batetik, elikagai mota horrek —energia aldetik trinkoa denak— energia larregi barneratzea dakar, eta, ondorioz, obesitate arriskua.

Bestetik, janari prozesatuek azukre gehigarri eta gantz ase asko izaten dute, eta horrek areagotu egiten du metabolismoaren nahasmenduak izateko arriskua, adibidez 2 motako diabetesa edo arazo kardiobaskularrak izatekoa.

Gainera, dieta eredu hori lotuta egoten da bizimodu sedentarioarekin, eta horrek are kaltegarriago bihurtzen du osasunarentzat.

Zergatik dira osasungaitzak elikagai horiek? Zer kalte dakarte? Badirudi hesteetako mikrobiotan daukaten eragina dela gakoa.

Karbohidrato soil larregi hartuta, hestea handitzen da

Gure hestean mikroorganismoen —gehienbat bakterioen— komunitate konplexu bat bizi da, funtsezkoa dena osasunerako: mikrobiota. Izan ere, mikrobiotak parte hartzen du bere ostalariaren osasun onerako garrantzitsuak diren prozesu askotan, hala nola elikagaien eskurapenean edo erantzun immunearen erregulazioan. Zereginok betetzeko, osaera egokia izan behar du, hitz teknikoez esanda, “eubiosia”.

Hesteko mikrobiotaren osaera baldintzatzen duten zenbait faktore antzeman dira. Programazio perinatala dela eta, umetxoaren mikrobiotaren osaera haurdunaldian, erditzean eta bizitzako lehen urteetan ezartzen da. Aro hori behin iraganda, baina, pertsona bakoitzaren dieta da faktorerik erabakigarriena.

Makromantenugaiei erreparatuta, “mendebaldeko dieta”n karbohidrato soil gehigarri asko aurkitzen ditugu jan-edanetan (batez ere glukosa eta fruktosa), elikagaietan modu naturalean ez daudenak. Beraz, halako jan-edan gehiegi hartuz gero, hesteko mikrobiotaren dibertsitatea gutxitu egiten da: hantura eragiten duten molekula gehiago sortzen dira eta ahuldu egiten da hestearen “harresia” (hau da, hestea iragazkorrago bihurtzen da).

Gainera, “mendebaldeko dieta”ren ezaugarri diren karbohidrato soilek hanturaren kontrako bakterioak gutxitzen dituzte (‘Akkermansia muciniphila’ edo ‘Faecalibacterium prausnitzii’ deritzena, besteak beste). Horrekin batera, azukre soil horien ondorioz, kate motzeko gantz azido gutxiago sortzen dira, eta gauza bera gertatzen da hanturaren kontrako beste metabolito batzuekin ere. Aldiz, dietak zuntza badauka, halakoak sortzen dira. Hanturaren kontrako elementu horien faltak hestea handitzea dakar.

Gantz larregi hartuz gero, kolona handitzen zaigu

Karbohidrato gehiegi hartzeaz gain, mendebaldeko dietan lipido gehiegi hartzen ditugu. Gehiegizko lipido horiek digeritzeko, behazun gehiago sortu behar dugu. Horrek patobionteak haztea dakar. Horiek mikroorganismo onberak dira, baina mikrobiota desorekatzen bada, patologiak sor ditzakete, eta kolona handitu.

Horretaz gain, lipido larregi hartzeak zuzenean eragiten dio hesteko mikrobiotaren osaerari: hantura sortzen duten bitartekari gehiago sortzen dira, eta horrek oztopatu egiten du hestearen harresi lana.

Ondorioen segida horri beste bat gehitzen zaio: kate motzeko azido gantz nahikorik ez dagoenean, hestearen pHa eta bakterio onberen hazkundea desorekatu egiten dira.  Faktore gehiago gure osasun digestiboa erabat aldrebesteko.

Zeliakoen disbiosia, SIBOa eta beste gaixotasun batzuk

Disbiosia edo mikrobiotaren desoreka ohikoa da hesteetako patologiak dauzkaten pazienteengan. Esaterako, heste narritakorra daukaten pazienteek  nabarmen urria dute ‘Faecalibacterium prausnitziia’, hanturaren kontrako ahalmen handia daukan bakterioa. Heste meharreko gainhazkuntza bakterianoaren sindromea ere (SIBO, ingelesezko sigletan) disbiosi kasu bat da. Hori daukaten pazienteek sabela nabarmen handituta eta gasen metaketa izaten dute, bakterio gehiegi dauzkatelako duodenoan eta jeiunoan (heste meharraren hasierako parteetan).

Bestalde, zeliakoek ‘Bifidobacterium’ eta ‘Lactobacillus’ bakterio onberen eskasia izaten dute, eta, aldiz, bakteroide gehiegi.

Garrantzitsua da azpimarratzea ez dagoela argi desoreka horiek hesteetako patologiaren aurrekoak diren ala patologiek eurek sortzen duten disbiosia. Zer da lehena, arrautza ala oiloa? Gauza bat ziurra da, ordea: eredu mendebaldarra utzi eta dieta orekatuago bat izatea lagungarria izan daiteke pazienteen sintomak hobetzeko.

Dieta mediterraneoa, hesteen osasunaren laguna

Elikadura desegokiak mikrobiotari kalte egin diezaiokeen moduan, dieta osasungarria izatea lagungarria izan daiteke eubiosia mantendu edo berreskuratzeko. Ildo horretan, dieta mediterraneoa oso aukera interesgarria da hesteak osasuntsu edukitzeko. Elikadura eredu horren ezaugarri dira: jatorri begetaleko elikagaiak (fruta, barazkiak, lekaleak eta fruitu lehorrak); arraina eta haragi zuria, esnea eta esnekiak, neurriz; eta oliba olioa, gantz iturri nagusi gisa. Horrekin mantenugai egokiak hartzen dira, prebiotikoak eta probiotikoak, hesteen mikrobiota osasuntsu edukitzen laguntzen dutenak.

Dieta mediterraneoan halako elikagaiak daudenez, horri esker eskuratzen dira antioxidatzaileak eta hanturaren kontrakoak diren mantenugaiak (adibidez, omega-3 gantz azidoak) eta fitokimikoak (esaterako, polifenolak): batzuek zein besteek heste osasuntsuak izaten laguntzen digute.