Mizgîn Ronak: «Herri kurduarentzat Euskal Herria herrialde eder eta urruna da eta gurea ere sentitzen dugu»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/05/15

Mizgîn Ronak idazle kurdua gure lurretan izan da lehen aldiz, EHUk gonbidatuta. 18 urterekin biziarteko kartzela zigorra jarri zioten gatazka kurduan inplikatuta egoteagatik eta 2021ean aske geratu zen 30 urteren ondoren. Haren zazpi liburutik sei eta artikulu ugari argitaratu zituen kartzelan zegoela. Ostiralean, maiatzaren 16an, bere esperientziei buruz, hizkuntza eta literatura kurduarekiko duen konpromisoari buruz eta emakumeek beren eskubideen alde egiten duten eguneroko borrokari buruz hizketan entzuteko pribilegioa izango dugu Bizkaia Aretoan.
Noiz hasi zinen idazten eta zer egoeratan?
Familia kurdu oso gertuko batean jaio nintzen. Aita literaturako irakaslea zen eta ama dengbêj (musika tradizional kurduaren interpreteak) familia kurdu batetik dator. Liburuak, boligrafoak, abestiak eta paperak izan ziren nire haurtzaroko lagunak. Nire lehen poema 9 edo 10 urterekin idatzi nuen. Eta debekatutako hizkuntza batean egin nuen. Eskolan ez zen irakasten. Liburu eta inprimaki kurduak lur azpian ezkutatu behar genituen. Gero, biziarteko kartzela zigorra jarri zidaten eta nire zazpi liburutik sei eta hainbat artikulu kartzelan nengoela argitaratu ziren. Nire liburuak eta irakurleak mundu argitsu batean zeuden eta ni infernuan bizi nintzen. Liburuen eta irakurleen Mizgîn Ronakekin ere ezin nuen harremanik izan. Ezezagunak ginen elkarrentzat.
Noiz eta nola ezagutu zenituen Euskal Herria eta bere hizkuntza?
Euskal Herriari buruz entzun nuen lehen aldia ETAren ekintzengatik izan zen. Kurduen artean esan ohi zen bere hizkuntzaren eta gainerako eskubideen alde egiten zuela borroka. Kartzelan nintzela, ikertzeko eta gehiago ezagutzeko aukera izan nuen liburuen bitartez. Jakin nuen euskarak bere ezaugarri historiko propioak dituela. Euskal Herriak bere ametsak errealitate bihurtzea eta hizkuntza heriotza seguru batetik salbatzea lortu zuen. Horregatik sentitzen dugu Euskal Herria herrialde eder eta urruna dela, eta gurea ere sentitzen dugu. Zeruko izarrek berriro dir-dir egitea lortu zuen herria.
Zein izan da literatura kurduaren egoera eta garapena azken hamarkadetan?
Hizkuntza kurdua asimilazio mekanismo baten mende dago eta errealitatea lotsagarria da: ez da eskoletan irakasten, ez dago ikaslerik, ez du etorkizunik... Eta hori nahikoa ez balitz, autoasimilazio prozesu betean dago: egun ia inork ez du kurdua hitz egiten eta haurrak eskolan hasten direnean ahaztu egiten zaie hizkuntza. Halaber, telebistak eta bitarteko digitalek asimilazio horretan laguntzen dute. Kurdueraz hitz egitea bazterrekoa bihurtu da. Beharrezko neurriak azkar hartzen ez badira, kurdueraren egoerak okerrera egingo du.
Badakigu herri kurduak urrats handiak egin dituela azken hamarkadetan emakumeen egoera hobetzeko, zer inpaktu izan du horrek kulturaren eta literaturaren arloan?
Zoritxarrez, asimilazio mekanismoak eremu guztietan du eragina eta lorpen literarioak eta kulturalak ez dira beste eremu batzuetako lorpenen baliokideak. Gainera, ia kurduerako aditu guztiak gizonezkoak dira.
Hala ere, kurduerako emakume idazle batzuk bagara eta uste dut guztion artean lortuko dugula aurrera egitea. Gainera, hizkuntzaren arloko emakume aktibisten proportzioa handitzen ari da.
Literatur solasaldia eta eztabaida Mizgîn Ronak idazle kurduarekin
2025/05/16, 18:00
Bizkaia Aretoa (Baroja entzunaretoa)
Abandoibarra 3 - Bilbo
Sarrera doakoa da eta herritar guztientzat zabalik dago. Izen-ematea: galdetegi honetan.