euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

UPV/EHUk lortu du ZABALKI garaikurra

11 unibertsitatetako ehun bat kirolarik parte hartu dute unibertsitateko pilota txapelketa horren 20. edizioan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/03/10

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea izan da ZABALKI unibertsitateko pilota txapelketako 20. edizioko irabazlea. Guztira ehun bat kirolari aritu dira, 11 unibertsitateren ordezkari. Finalak Vitoria/Gasteizko Beti-Jai frontoietako udal-instalazioetan jokatu ziren.

UPV/EHUk lortu zuen ZABALKI 2015 garaikurra, jokatutako espezialitate guztien (5 gizonenak eta 2 emakumeenak) arteko unibertsitate onenari ematen zaiona, unibertsitateko pilota txapelketako aurtengo edizioan. Sailkapen orokorrean puntu bakar baten aldea atera zion Paueko Unibertsitateari, lehia biziko finalean bigarren egin zuenari.

UPV/EHUk bere kirolariek lortutako emaitza onei esker irabazi zuen: esku pilotako modalitatean irabazi zuten, bai binakakoan, bai lau t'erdikoan. Iñibo Labaka, Mikel Isasmendi, Mikel Larrañaga eta Aitor Alduncin izan ziren irabazle. Halaber, oso garrantzitsuak izan ziren gainerako taldekideek honako modalitate hauetan lortutako puntuak: gizon eta emakumeen argentinar paleta, gizon eta emakumeen frontenisa, eta larruzko paleta.

Sari banaketan izan ziren honako hauek: Arabako Campuseko errektoreordea, Javier Garaizar; Vitoria/Gasteizko Udaleko Herritarren Zerbitzuak eta Kirolak Saileko zinegotzia, Alfredo Iturritxa; Gazteriaren Foru Institutuko zuzendari nagusia, Manuel Rabanera; UPV/EHUko Ikasleen zuzendaria, Sergio Seoane; Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioko idazkari nagusia, Miguel Pozueta; eta Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioko diruzaina, Baldomero Peralta.

Edizio honetan unibertsitate hauetako ehun ikaslek hartu dute parte: Kantabriako Unibertsitatea, Burgosko Unibertsitatea, Valentziako Unibertsitate Publikoa, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Tarbesko Unibertsitatea, Toulouseko Unibertsitatea, Baionako Unibertsitatea, Paueko Unibertsitatea, Bordeleko Unibertsitatea eta UPV/EHU bera.