Esklerosi anizkoitza oso gaitz konplexua da; oso heterogeneoa da maila klinikoari, molekularrari eta zelularrari dagokionez. Faktore askok eragiten dute haren agerpenean, eta gaitzaren bilakaeran eragiten duten mekanismo molekularrak ez dira ezagutzen oraindik. Gaitzaren etiologiari, kausei, buruzko informazio asko bildu da orain arte, eta Haritz Irizar UPV/EHUko ikertzailearen iritziz, oso garrantzitsua izango da, hemendik aurrera, informazio hori guztia antolatzea, mapa etiologiko bat eraikitzea. Sare-analisia erabili du bere ikerketan, hainbat faktoreren arteko interakzioak aztertzeko.
-
Unamunoren heriotza argitzeko lantaldean parte hartuko du EHUk
-
Urtarrilaren 7an irekiko da Leioako kiroldegia
-
Javier Belausteguigoitia nabarmendu da Simon Marais Mathematics Competition-en
-
EHUpodcast: Dieta pertsonalizatu baterako biomarkatzaileak
-
Bultzada hartzen duten ideiak: Handira Jo 2025 Sariak
Hainbat patologia, esklerosi anizkoitzaren atzean
UPV/EHUko ikertzaile batek gaitzaren kausen konplexutasuna izan du aztergai, eta ikerketan aurrera egiteko hipotesi berriak zabaldu ditu
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2015/04/15
Esklerosi anizkoitza gaitz autoimmune oso konplexua da. Faktore askok eragiten dute haren agerpenean zein aurrerapenean. Ez da gaitz erabat genetikoa, baina genetikak garrantzi handia du gaitzaren agerpenean, gene askok baitute eragina gaixotasuna pairatzeko arriskuan. Informazio asko bildu da, orain arte, gaitzaren etiologiaren, kausen, inguruan. Batetik, faktore genetikoak daude; baina, bestetik, kontuan izan behar dira ingurumen-faktoreak: sexua; D bitaminaren metabolismoak zerikusia duela uste da; Epstein-Barr-en birusa...
UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko ikertzaile Haritz Irizar faktore horietako batzuen arteko interakzioak ikertzen aritu da. Ikertzaileak ondorioztatu du esklerosi anizkoitzaren, eta, ziur aski, gaitz konplexu gehienen, ikerketan bi arazo nagusi daudela. Haren iritziz, luzaroan deskribatu izan diren faktore etiologikoei (bai genetikoei, bai ingurumenekoei) buruzko informazio guztia antolatu beharra dago. Eta, bestalde, ikertzailearen arabera, "esklerosi anizkoitza esaten diogun aterki kliniko horren azpian, ziur aski, patologia molekular bat baino gehiago dago". Gainera, bi arazo horiek konpontzeko, mapa etiologikoak eraikitzea proposatzen du.
Irizarren arabera, faktore guztien interakzio estatistikoak deskribatuz, faktoreak taldeka multzokatuko lirateke, ez baitute denek denekin interakziorik eragiten, eta, beraz, multzo horiek baliatuko lirateke gaitzaren azpimotak definitzeko eta gaixoak askoz ere talde homogeneoagoetan sailkatzeko. "Horrek asko handituko lituzke ikerketarako aukerak", ondorioztatu du.
Orain arteko ikerketa-lanetan, oro har, sistema biologiko txikiak xehetasun handiz ikertzeko joera izan da. "Baina sistemako zati horien informazioa gero esparru globaletan integratzen ez badugu, sekula ez gara iritsiko sistema osorik ulertzera", esan du ikertzaileak. Hala, biomedikuntzan, indarra hartzen ari da sareen analisia, non xehetasun guztiak ezabatzen baitira eta sistema osoko elementuen arteko konexioak edo interakzioak (fisikoak, estatistikoak...) jasotzen eta ikertzen baitira. Irizarrek dioenez, oraindik ez da ondo ezagutzen zer erlazio dagoen gaitzean eragiten duten faktore guztien artean; jakina da denak inplikatuta daudela, baina ez nola erlazionatzen diren. Oso tresna egokia da sareen analisia, beraz, ikertzailearen ustez; izan ere, faktore horien guztien arteko interakzioak ikusteak eta sare bat sortzeak asko lagunduko luke multzoak sortzen eta gaitzaren azpimota molekularrak definitzen.
Sexuen araberako bereizketa
Irizarren ikerketak hiru zati izan ditu. Haietako bitan, ikertzaileak ondorioztatu du gaitzak ez diela patroi berberei jarraitzen gizonezkoen eta emakumezkoen kasuan, alegia, bereizketa bat egin beharko litzatekeela gizonezkoen eta emakumezkoen artean.
Batetik, ikertu du gaixotzeko arriskuarekin lotutako genearen aldaerak zer mekanismoren bidez eragiten duen gaitzaren agerpenean, zer mekanismo patogeniko dauden erlazio horren atzean. Baina, are garrantzitsuagoa dena, ikusi du aldaera horrek emakumezkoetan baino ez duela arriskua eragiten. Ikertzailearen iritziz, "esklerosi anizkoitzaren azpian hainbat patologia izan daitezkeelako zantzuak ematen ditu horrek". HLA-DBR1 genearen 15:01 aleloa da aldaera hori.
Bestetik, maila genetikotik gora, gene guztien adierazpena ikertu du, eta saiatu da gaitzarekin lotuta dauden alterazioak ikusten. Pertsona askoren milaka generen aktibitatearen datuak lortu ditu, eta, horrekin, gaitzarekin lotutako alterazioak, geneen espresio globalean dauden alterazioak, aztertu ditu. Gaixoen eta batere patologia neurologikorik ez duten pertsonen (gaixoen adin eta sexu berekoak) laginak alderatu dituzte; gaixoen laginak, gainera, bi fasetakoak izan dira, gaitzaren agerraldi- eta erremisio-faseetakoak. Hala, ikusi dute agerraldi-erremisio dinamikarekin lotuta dauden geneak, edo geneen espresioko alterazioak, zein diren. Eta aurkitu dute agerraldi-erremisio patroiarekin lotutako mekanismo molekularrak desberdinak direla emakumezkoetan eta gizonezkoetan.
Azkenik, ikerketaren hirugarren fasean, Irizarren eta taldeko beste kide baten, Maider Muñozen, ikerketa-datuak konbinatuz eta erkatuz sareak sortu zituzten, lagin beretako datuak baitzituzten biek. Eta, hortik, etorkizunerako esku-hartze terapeutikoetarako itu izan daitezkeen RNA txiki ez-kodetzaileen zerrenda bat lortu dute.
Informazio osagarria
Haritz Irizar (Azkoitia, 1984) Biologian lizentziaduna da, eta Biologia Molekularra eta Biomedikuntzako masterra du. Estudio en red del transcriptoma y su regulación en la esclerosis múltiple tesia egin du David Otaegui Biodonostiako Esklerosi Anizkoitzeko Unitateko buruak eta Adolfo Lopez de Munain Biodonostiako Neurozientzien Ikerketa Arloko buru eta Neurozientzia Saileko irakasleak zuzenduta. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailean aritzen da ikertzen. Ikerketa honetarako, ezinbestekoa izan da gaixoen laguntza eta Donostia Ospitaleko Javier Olaskoaga eta Tamara Castillo neurologoen parte-hartzea.
Tesia Biodonostian egin du, baina hiru hilabetez izan da Berlingo Humboldt Unibertsitateko Fisika Kardiobaskularreko taldean sareak eraikitzen eta sare-analisian trebatzeko.
Erreferentzia bibliografikoak
H. Irizar, M. Muñoz-Culla, M. Saenz-Cuesta, I. Osorio-Querejeta, L. Sepúlveda, T. Castillo-Triviño, A. Prada, A. López de Munain, J. Olascoaga, D. Otaegui. ‘Identification of sncRNAs as potential therapeutic targets in Multiple Sclerosis through differential sncRNA – mRNA network analysis'. BMC Genomics. (under review)
H. Irizar, M. Muñoz-Culla, L. Sepúlveda, M. Sáenz-Cuesta, A. Prada, T. Castillo-Triviño, G. Zamora-Lopez, A.L. de Munain, J. Olascoaga, D. Otaegui (2014). ‘Transcriptomic profile reveals gender-specific molecular mechanisms driving multiple sclerosis progression'. PLOS One 28;9(2):e90482.
H. Irizar, M. Muñoz-Culla, E. Goyenechea, O. Zuriarrain, T. Castillo-Triviño, A. Prada, M. Saenz, D. De Juan, A. Lopez de Munain, J. Olascoaga, D. Otaegui (2012). ‘HLA-DRB1*1501 and multiple sclerosis, a female association?' Mult. Scler.;18(5):569-77.