Kontzientziaren bizitza, heriotza eta berpizkundea
UPV/EHUk psikologia kognitiboari buruzko lana eman du argitara
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2015/09/14

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Argitalpen Zerbitzuak argitaratu berri du ‘Examen de la conciencia. Una introducción histórica a la Psicología Cognitiva' [Kontzientziaren azterketa. Psikologia kognitiborako sarrera historikoa] izeneko lana, irakurleari, oro har, giza burmuinaren eta, zehazkiago, giza subjektibotasunaren funtzionamendua, diziplina anitzeko perspektiba batez, hobeto ezagutzeko behar diren argumentuak eskaintzeko, José María Zumalabe Makirriain UPV/EHUren Psikologia Fakultateko Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamenduak saileko irakasleak, liburuaren egileak, azaldu bezala.
Zumalabe Makirriain irakasleak egin duen analisiaren ardatz nagusia kontzientzia da, burua diziplina anitzeko eremu ezberdinetatik aztertzeko oinarri gisa, hala nola, konputazioaren zientziak, hizkuntzalaritza, neurozientziak, antropologia eta filosofia. Hortaz, adimen artifizialaren aldetik, konputazioaren zientzien adar honetatik, sistema adimendunen gainean egiten da lan eta sortu eta diseinatu egiten dira konputazio ereduak, idazleak azaltzen duenez, giza funtzionamendu psikologikoaren alderdi ezberdinak simulatzen dituztenak. Hizkuntzalaritzaren eremuan, bere aldetik, printzipio gramatikalak bilatzera joan dira ikertzaileen ahaleginak, hizkuntzaren oinarrizko egitura azalduko dituztelakoan eta, honetarako, eredu konputazionalak garatu dira.
Beste alde batetik, neurozientzien arloan esperimentu kontrolatuak egiten dira burmuinaren aztertzeko, giza subjektuek, buru eginkizun askotarikoak egiteko eskatuz gero, burmuinaren eremu ezberdinetan izaten duten aktibitatea behatzeko eta honetara zehaztu zeintzuk diren buru prozesu ezberdinetan parte hartzen duten burmuin eremuak. Era berean, antropologia kognitiboak giza pentsamendua aztertzen du, berori gertatzen den kultur eremu ezberdinekin hertsiki loturik, kultura ezberdinetan diren pentsatzeko modu ezberdinetan gertatzen diren balizko diferentziak aintzat hartzeko. Baldin eta aurkituko balira kultura ezberdinetako subjektuak mundua beren buruan era zinez ezberdinaz antolatzen dutenak, beste kulturetan baliokiderik ez duten kategoriak baliatuz, bazterrean geratuko litzateke eskema horien sortzetikotasuna eta aintzat hartuko kultur faktoreek biologikoen gainean luketen nagusitasuna, giza kognizioari dagokionean. Filosofo kognitiboak, beren aldetik, giza jakintzari buruzko galderak erantzuten ahalegintzeaz arduratu dira, diziplina ezberdinek denboraren poderioz metatu izan dituzten tresna eta metodoak bitarte.
Zeintzuk funtzio betetzen ditu psikologia kognitiboak?
Psikologia kognitiboak burutu dituen lan batzuek, UPV/EHUko irakasleak argudiatzen duenez, dedukziozko arrazonamenduan gertatzen diren errakuntzak aztertu dituzte, nola osatzen diren, kontzeptuak nola aplikatzen diren, pentsamenduaren abiadura, irudi mentalak erabiliz, eta, analogien bidez, problemak ebazteko moduak. Ez da ahaztu behar psikologia kognitiboak forma berriak garatu dituela buru gaixotasuna kontzeptualizatzeko eta terapiarako teknika eta prozedura berriak osatu ditu, hauen eraginkortasuna agerian geratu delarik.
Hortaz, eredu kognitibo ezberdinek hamaika prozesu psikologikoen oso simulazio zehatzak eragin dituzte, arreta, pertzepzioa, pentsamendua, oroimena eta mintzaira kasu, eta frogatu dute erabilera praktikoa izan badutela aplikazio eremu ezberdinetan, dela irakaskuntza, dela mintzaira ekoitzi eta ulertzerakoan, adimen artifiziala, ikaskuntza, tratamendu psikologikoak, problemak ebazterakoan, erabakiak hartzerakoan, oroimenaren hobetzeko… arlo batzuk besterik ez aipatzearren.
Ez baita ahantzi behar pertsonen emozio eta portaerak gertaeren inguruan duten pertzepzioaren eraginpean egoten direla. Era honetara, berez egoera bat ez da pertsona batek sentitu eta jarduteko erak baldintzatzen duena, baizik eta pertsona horrek egoera interpretatzeko modua. Psikologia kognitiboaren subjektua, berez, aktiboa da, eraikitzaile eta planifikatzailea, ingurunearekin elkar eragin eta informazioa prozesatzen duena, ostera erabakiak hartzen dituelarik. Beraz, nabarmendu behar da pertsonek beren buruaz, munduaz eta etorkizunaz pentsatu eta sumatzen dutena adierazgarri eta garrantzitsua dela eta eragin zuzena duela beroriek nola sentitu eta berorien jardunean. Pertsonak ez dira inguruneko estimuluen jasotzaile hutsak, zeinek bere errealitatea eraikitzen du. Hala eta guztiz, nahiz portaerak orainean eragiten duen, iraganak ere eragina izan badu, oroipenak eta bizipenen historiak bitarte direla. Honez gain, etorkizunak eragina ere izan badu orainean espektatibak eta norberaren helmugak direla medio. Etorkizunak ezin baldintza dezake oraina ez baita oraindio gertatu, baina gure espektatibek eta perspektibek bai, ordea. Argi da, etorkizunarekiko eskema positiboa duen pertsona ezberdin portatuko da eskema negatiboa duen beste batekin konparatuta. Halaxe baieztatu du José María Zumalabe Makirriain irakasleak.
Berak egindako lanak, ‘Examen de la conciencia. Una introducción histórica a la Psicología Cognitiva', UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu berri duenak, gai guzti hauek jorratzen ditu, jarrera teoriko ezberdinek kontzientziaren sorrera, izaera eta funtzioen inguruan osatu izan dituzten proposamen ezberdinak aztertu eta laburbilduz, planteamendu kognitiboak bereziki azpimarratuz.
Argazkia: UPV/EHU





