euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Iban Zaldua

Zergatik tematzen gara ipuingintzan

UPV/EHUko irakaslea eta idazlea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2015/11/06

Ipuingile izatea ez da langintza erraza, nobelak, tele-errealitateak, izarren ligak, (ustezko) goi-sukaldaritzak eta Twitterrek menderatutako kultur unibertso batean. Eta, hala ere, horretan tematzen gara, auskalo zergatik. Artikulu honetan erantzun batzuk aurkitzen saiatuko gara.

1.- Ez garelako nekatzen haur eta gazte literaturako idazletzat hartuak izateaz. Euskarak –eta baita gaztelaniak ere– nomenklatura arazo bat dauka, hitz berberak izendatzen baitu haur literaturarekin lotuta geratu den "(maitagarrien) ipuina" eta helduentzako ipuinaren genero garaikidea, erro historiko batzuk konpartitzen dituzten arren ez direnak, inola ere, gauza bera. Mundu anglosaxoniarrean, ordea, ez dute tara hori pairatzen, argi desberdintzen dutelako zer den "short story" eta zer den "tale", eta frankofonoan antzeko gertatzen da, "nouvelle" eta "conte" bikotea eskura dutenez gero. "Narrazio" edo "errelato" bezalako adabakiekin saiatu gara arazoa saihesten, baina alferrik izan da, zer esanik ez: zibil batek gure literaturgintzaz galdetzen digun kasuen %80an umeentzako idazten dugula ondorioztatzen du, eta hortik saiatzen da elkarrizketarekin segitzen –alferrik ere–. Halako ehun edo berrehun pasadizoren ondoren ipuinak idazten jarraitzen badugu –eta ipuingile zarela aldarrikatzen–, literatur genero honek eskatzen duen pazientzia infinitua garatu dugun seinale.

2.- Gure ipuingile jarduera hobeto egokitzen delako bizitza modernoaren gorabeherei eta amateurismoaren morrontzei. Literaturgintza zerbait bada intentsitatea da, eta ipuin izkiriatzaileok, ziur nago, nobelagileen kemen berberaz ekiten diogu ipuin bakoitzaren sorkuntzari. Baina intentsitate hori denboran zehar hobeto dosifikatzeko aukera daukagu, generoaren ezaugarri propioengatik –berezkoa duen laburtasunagatik alegia–; nobelagileak, ordea, luzeago eutsi behar dio, derrigorrez, ez dena beti erraza, (duin ordaindutako) idazle profesionala, errentista edo telebista aurkezlea ez bazara behintzat. Idazle garaikidearen bizimodura hobekien moldatzen den literatur generoa dela esan dezakegu, beraz –nahiz eta mikroipuinlariek, poetek eta publizitate iragarkien gidoilariek gauza bera aldarrikatu dezaketen, noski…–.

3.- Eta,  aurreko puntuarekin lotuta, gehitu beharra dago ipuinlariok gure irudimenaren ekoizkinez errazago libra gaitezkeela nobelagileak baino, kontua gaizki doala ohartuz gero alegia. Lehen aurreratu dugun bezala,  ipuin batek duen ezaugarri eztabaidaezin bakarra, genero narratiboko pieza bat izateaz gain, bere luzera da, hots, bere laburtasuna. Horrek ere esan nahi du ipuinaren idazketan emango dugun denbora erlatiboki motza izango dela, orobat: ipuin baten erredakzioa bi edo hiri hilabetez luzatzen bada, eta amaituta ikusten ez badugu, agian unea heldu da erabiltzeko idazle gisa eskura daukagun tresna analogiko zein digital eraginkorrenetako bat, zakarrontzia alegia. Nobelagile batek, ordea, nekezago egingo du halakorik, alde batetik, denbora gehiago kosta dakiokeelako konturatzea idazten ari den hori ez doala inora, eta, bestetik, behin puntu horretara helduta, ziurrenik erabakiko duelako lanarekin aurrera jarraitzea, inbertitutako lan eta ordu mordoa aintzat hartuta. Hala, ez da harritzekoa liburu denden edo biblioteken apaletan nobela txarren portzentajea handiagoa izatea, ipuin liburuena baino…

4.- Epe luze(ago)ko kontzientzia historikoa dugulako. Ipuinak, Borgesek esaten zuen bezala, hor egongo dira beti, guri laguntzen, nobela –iraultza burgesaren azpiproduktu iragankor hori, krisian etengabe, ez kasualitatez– egunen batean ahituko den bitartean. Ados, une hori ez dugu sekula ikusiko, baina agian bai –III. Mundu Gerrak edo apokalipsi zonbiak ekiditen ez badute– gure urruneko ondorengoren batek, eta, beraz, pozbide sekretu horrekin hil egin ohi gara, lasai eta bakean, zinezko ipuingileak.

5.- Gure kideei ez diegulako bekaizkeriarik. Kontuz: ez gaude esaten ari beste idazleei inbidiarik ez diegunik –hala gertatuko balitz ez baikinateke idazleak izango, sensu estricto–, baizik eta ipuinlarion artean apenas existitzen delako sentimendu hori: best sellerraren fenomenoa ez denez ia ezagutzen, gure generoan, eta lehen aipaturiko kontzientzia historiko sendoaren jabe garenez gero –ikus atzera zerrenda honetako 4. puntua–, erraz zabaltzen dira gure artean senidetasun eta elkartasun sentimendu xamurrenak. Gure erkidegoko kideren bat, traidoreki, nobelagintzara pasatzen ez den artean, behintzat.

6.- Asko estimatzen dugulako argitaletxea aurkitzeko zailtasunak edukitzea. Zeren eta unibertsalki ezaguna baita ipuin liburuen eskuizkribuek jasotzen duten arbuio-karten tasa handiagoa dela nobelen eskuizkribuek –eta are nobelen proiektu amaitu gabeek– jasotzen dutena baino; bale, egia da euskarazko literaturan ez garela horretara iritsi oraindik –eskala eta merkatu estutasun kontuengatik, ziurrenik–, baina nobelarako jaugina gero eta hedatuagoa dago gure mundu txikian ere. Eta inozoren batek pentsatuko balu autoedizio digitalaren munduak aukera gehiago ematen dizkiela ipuin bildumei ipuin bildumei nobelei baino, konpara ditzala genero bakoitzeko aleen deskarga-kopuruak. Baina bost axola guri: halako eragozpenen aurrean ipuinlariok izugarri adoretzen eta errezailtzen gara. Eta, editoreek ondo dakiten bezala, ez dago guk baino esker on eta mirabekeria handiagoa erakusten duen idazlerik, gure lana argitaratzeko onartua izan eta gero…

7.- Askotarikotasuna maite dugulako. Ez gara ildo, argumentu, kontaera, giro edo pertsonaia-zerrenda bakarrarekin konformatzen, eta horregatik elkartzen ditugu, bilduma bakarrean, ildo, argumentu, kontaera, giro edo pertsonaia-zerrenda ugari: ipuin kopuruaren adinakoak, gutxienez. Norbaiti –ordu gaiztoan– gai, une edo gune bakar baten inguruko "ipuin liburu" edo "ipuin zikloak" modan jartzea bururatu zitzaion arte, bederen…

8.- Ipuingintzaren santu-martirien izendegia jende nahikoa sinpatikoz beteta dagoelako, zeinarekin kaña batzuk pozik partekatuko baikenituzkeen edozein tabernatan, aukera izanez gero: Angela Carter, Raymond Carver, Julio Cortázar, Franz Kafka, Katherine Mansfield, Guy de Maupassant, Augusto Monterroso, Alice Munro, Edgar Allan Poe, Horacio Quiroga, Saki, Anton Txekhov… Konpara dezagun harrokeriaz eta zorroztasunez beteriko nobelagile handi eta kanonikoen edozein zerrendarekin: Honoré de Balzac, Pío Baroja, Juan Benet, J.M. Coetzee, Fiodor Dostoievski, George Eliot, Gustave Flaubert, William Faulkner, Henry James, James Joyce, Herta Müller, Lev Tolstoi, Virginia Woolf… Alde ederra, ezta?

9.- Kexatzea izugarri gustatzen zaigulako, etengabe, batez ere nobelagintzaz eta ipuinaren generoaren egoera makal, tamalgarri eta guztiz bidegabekoaz –zerrenda arranguratsu honek berak argi eta garbi uzte duen bezala–. Azken finean, zer da idazlea, kexontzia ez bada? Ba ipuingilea kexontzia ber bi litzateke, edo ber hiru, auskalo. Hau da, azken batean, idazleen artean idazleena…

 

Argazkia: Mikel Martínez de Trespuentes. UPV/EHU