euskaraespañol

Redes sociales campusa

Gabonetan dena ez da ikastea izango ba!

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2015/12/29

Dena ez da ikastea, ez, baina ia dena bai. Ikasle bizitzaren ajeetako bat horixe da, hain zuzen ere: oporretan ikasi beharra. Ikasturte honetan, gainera, goiz hasiko dira azterketak, urtarrilaren 8an. Bizkaiko Campusean, Leioan, hainbat ikasle elkarrizketatu ditu CAMPUSAk, eta guztiek dute argi Gabonak ez direla plan handiak egiteko garai onenak, hori geroko utziko dute. Etxekoekin eta lagunekin egoteari lehentasuna emango diote, horretarako dira eta Gabonak, beraien iritziz. Ez dute urrutira joateko asmorik, familian eta lagunartean emango dituzte oporrak; jan, edan, opariak zabaldu, betiko martxan. Denak ados daude. Hala ere, gure ikasleen ustez, liburu eta apuntetatik harago badira beste aukera batzuk…

Landerrek (3. argazkia) oporretan ikasteko asmoa du, baina oraindik ez du oso argi ez noiz ez nola. Farmaziako Gradua egiten dabil, eta ez ei da oso zaila. Eguraldiak okerrera egiteko irrikan dago, Ezkaraira eskiatzen joateko. "Ez dakit elur askorik dagoen, baina horrela jarraitzen badu… Baina, bestela ere, berdin da, hondartzara joango gara, kar, kar".

Lucia bilbotarra da (4. argazkia) eta Lan Harremanak ikasten dabil, lehenengo ikasturtea. Berak argi dauka: "Gabonetan lagunekin, eta familiarekin, egotea oso garrantzitsua da". Lehenengo urtea du unibertsitatean eta gustura dabil, azterketa guztiak gainditzeko asmoa du, "baina nork jakin!". Gabonak ez ditu oso gogoko, "ez da ospakizun handirik egiten gure etxean, beste barik".

Eider eta Ane getxoztarrak dira (1. argazkia), lehena Geologia ikasten ari da, eta bestea, Lehen Hezkuntza Gradua amaitu ostean espezialitate bat egiten dabil. Eiderrek oporren bueltan dauka lehenengo azterketa, urtarrilaren 7an. "Gabon hauetako nire plana: ikasi, ikasi eta ikasi. Lagun eta etxekoekin egongo naiz, noski, baina…", dio. Leioako Liburutegian ikasteko plana egin dute, batak beste animatzen duelako, eta kiroldegira joateko aprobetxatzen dute. "Ia horrela ez den hain aspergarria". Anek ere argi du, horrelakoa da ikaslearen bizitza, "oporretan ikastea egokitzen zaigu, zer egingo diogu ba?".

Sarak eta Martinek (5. argazkia), ordea, zortea dute, azterketa bakarra daukate urtarrilean. Arte Ederretako ikasleak dira, Sara donostiarra da, eta Martin galiziarra. Bat besterik ez dutela-eta, ikasi ikasi beharko dutela, apur bat behintzat, diote. Liburu artean buru belarri egon beharrik ez duten arren, ez dira geldi egotekoak. "Guk ez dugu ia deskonektatzen, beti zaude zerbaitetan, erakusketa bat dela, zeure proiektu pertsonal bat dela… Eta hori guzti hori gure ikasketetan erabiltzen dugu. Oso aktiboak gara".

Arte Ederretako ikasketen azkenengo urteetan dabiltza Angela eta Alba bilbotarrak (2. argazkia), lanpetuta baina pozik. Orain arte makinatxo bat lan egin behar izan dituzte, eta oporretan ere horri ekin beharko diote. Bilboko Guggenheim eta Arte Eder Museora joateko gogoz dago Angela, lasai eta presaka ibili barik.

Gabon zahar gaua

Hala ere, badira zenbait egun inork ez dituenak "barkatu" nahi. Horietako bat Gabon zahar gaua da, jakina. Liburuak alde batera utzi, eta parranda txiki edo handia egiteko ametsa dute den-denek. "Bai,  bai, Urtezahar-gauan ez dago Geologiarik –dio Eiderrek- eta Gabon-gauan ere ez, Gabon-egunean ere ez, eta Urteberri-egunean ere… Ba, ez dakit hainbeste egun ditudan ikasteko!".

Familiarekin bapo-bapo afaldu ostean, lagunekin kalera irtengo dira denak. Landerrek, tradizioari jarraiki, mahats-aleak jango ditu hamabi kanpai-hotsekin batera. "Bueno, gutxienez ahalegindu egingo naiz, banan-banan, ia zelan amaitzen dudan". Kanpoan ikasten duten adiskideekin elkartzeko aitzakiarik aproposena da, inork ez du nahi aukera hori galdu gura.

Plan bereziak, bidai laburrak, lagunekin ondo pasatzeko egunak atzeratu egingo dituzte, otsailera edo, behin azterketa guztiak amaitzen dituztenean. Luciak, berbarako, badu asmoa: "Asteburu bat edo bi neuretzat hartuko ditut, beharbada nonbaitera joateko". Albak ere azterketa osterako utziko ditu bidaiak, Salamanca eta Madrilera joateko gogoa dauka, lagunak bisitatzera, "baina ziur erakusketa interesgarriren bat ikusteko astia ere izango dudala". Hiru-lau aste besterik ez dira, arin-arin pasatuko diren esperantzan daude.

Etxekoekin eta hurrekoekin egon, ikasi, eta parrandaren bat egiteaz gain, batzuk lan egingo dute. Joan den urtean Errumanian izan zen Alba, Erasmus bekari esker, aurtengo Gabonak guztiz desberdinak izango dira. "Ikasketa aldetik lasaia izan zen, ez hainbeste bizitza sozialari dagokionez. Orain hemen nago eta hau beste kontu bat da, lan egin beharko dut. Errealitatera itzuli beharra dago", azaltzen du. Seguru oporretako hamabost egunak labur egingo zaizkiela, baina denbora galtzeko asmorik behinik behin ez dute UPV/EHUko ikasleek.
 

Argazkiak: Tere Ormazabal. UPV/EHU