Alkohol gehiegi edatearekin lotutako indarkeriak urtero arazo larriak eragiten ditu munduko ia herrialde guztietan. Are gehiago, alkoholarekin lotuta egon ohi dira hilketen laurdenak, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Mozkorkeriarekin zerikusia duen indarkeria erronka izugarria da gobernuentzat, eta iritzi publikoa gero eta arduratuago dago gai horren inguruan. Australia izan da erronka horri aurre egin dioten herrialdeetako bat; zehazki, Hegoaldeko Gales Berria eskualdea, herrialdean biztanle gehien dituena (Sydney da hango hiriburua).
Alkoholaren salmenta legez murrizteak urritu egiten ditu indarkeriazko egintzak
Fernando Tusellen ikerketak aztergai du Hegoaldeko Gales Berrian egindako lege erreformen eta eraso fisikoen arteko lotura
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2016/01/08
UPV/EHUko Ekonometria eta Estatistikako irakasle eta ikertzaile Fernando Tusellek, BOCSAReko (Hegoaldeko Gales Berriko Krimen Estatistiken eta Ikerketaren Bulegoa) estatistikalari Patricia Menéndezek eta BOCSAReko zuzendari Weatherburn jaunak "The effects of liquor licensing restriction on alcohol-related violence in NSW, 2008–13" (Edari alkoholdunen baimenak murrizteak alkoholarekin loturiko indarkerian duen eragina Hegoaldeko Gales Berrian) artikulua argitaratu dute Addiction zientzia aldizkarian.
Ikerlanean, Hegoaldeko Gales Berrian 2008ko uztailaren eta 2012ko urtarrilaren artean ezarritako lege erreformen eraginak aztertu dituzte. Horretarako, Poliziak erregistraturiko eraso guzti-guztiak baliatu dituzte, ez alkoholarekin lotutakoak bakarrik; izan ere, azterlanak dioenez, erasook sarritan ez dira egoten azterlan toxikologikoetan oinarrituta, poliziakidearen irudipenean baizik. Bestalde, etxeko indarkeriarekin lotutako erasoak ikerketatik bazter utzi dituzte.
Datuei erreparatuta, "ondoriozta daiteke ezarritako lege erreformek zertxobait urritu dituztela erregistraturiko erasoak: besteak beste, alkohola saltzeko orduak mugatzeak; indarkeria egintzak gertatzen diren establezimenduen izena jakinarazteak; kristalezko edalontziak gauerditik aurrera erabiltzea debekatzeak; edari alkoholdunen zerbitzua ixteko ordua baino 30 minutu lehenago gelditzeak; eta beste batzuek. Hain zuzen ere, % 31,27 eta % 39,70 murriztu dira, hurrenez hurren, erasotzat eta eraso larritzat jotako delituak", azaldu du Fernando Tusellek, lanaren egileetako batek.
Hiru ikertzaile horien artikuluak nolabaiteko eztabaida sortu du esparru akademikoetan. Kritikak jaso ditu, erasoen murrizketa azaltzean ez dituelako aintzat hartu beste faktore batzuk; adibidez, krisi ekonomikoa.
Horri dagokionez, hauxe adierazi du Fernando Tusellek: "Kontua ez da ez genuela aintzat hartu faktore hori. Kontuan hartu genituen jarduera ekonomikoa eta langabezia bezalako aldagaiak, baina ez genituen garrantzitsutzat jo, eta ereduetatik kendu genituen. Horrek ez du esan nahi, ordea, ez dutenik eraginik. Behaketazkoak diren edo esperimenturik behar ez duten datuekin lan egitean, zaila izan ohi da argitzea efektu bat kausa batek edo aldi berean gertatzen den beste batek eragiten duen. Eskura dagoen ebidentzia guztia eta testuingurua aintzat hartuta, baina, badirudi aztertutako legeriak guk adierazitako eragina izan duela argi eta garbi".
Eragin desberdinak
Alkohola kontsumitzeko modua asko aldatzen da herrialde batetik bestera; alegia, Australian ez dute guk hemen bezala kontsumitzen. Hori dela eta, Fernando Tusellen ustez, Hegoaldeko Gales Berrian ezarritako neurriek beste eragin batzuk izango lituzkete hemen: "Alkohola saltzeko orduak mugatzea, indarkeriazko egintzak gertatzen diren ostalaritza establezimenduen izenak jakinaraztea... Horrek guztiak eragina izango luke edozein lekutan, baita hemen ere. Alabaina, ez dakit eragin hori zenbaterainokoa izango litzatekeen, eta ez dakit eragin horrek ekarriko lituzkeen abantailekin konpentsatuko ote liratekeen askorentzat askatasun indibidualen muga izango zirenak. Bestalde, litekeena da gure herrialdeko indarkeriazko egintzak ez egotea soilik edo nagusiki tabernekin, pubekin edo diskotekekin lotuta; iruditzen zait egintza asko leku publikoetan gertatzen direla, kaleko edanean ibiltzen diren lagun taldeen artean".
Patricia Menéndez, azterlanaren egileetako bat eta BOCSAReko estatistikalaria, zuhurrago mintzatu da: "Badaude faktore kultural oso garrantzitsuak, eta oinarrizko eragina izan dezakete neurriok herrialde desberdinetan estrapolatzeko orduan. Hala eta guztiz ere, neurriokin eraso gutxiago erregistratuko lirateke, zalantzarik gabe".
Argazkia: Mikel Martínez de Trespuentes - UPV/EHU
Campusako aurrealdeko argazkia: Solipsist~commonswiki (CC-BY-NC-SA)