Joan den ostiralean José Antonio Madariaga lankidea hil zen, Termodinamikako katedraduna (Fisika Aplikatua). Norbaitek behin esan zidan Joseba paisaia bezain euskalduna zela. Nik gehiago esango nuke, paisaia bezalakoa zela, barea, adeitsua, leiala, ez zuela eragozpenik sortzen, beti hor zegoela… Joseba horrelakoa zen, bere Gorbeia maitea bezalakoa, giza bertutez jantzia. Bertute horiez hitz egin genezake, baina egokiagoa iruditzen zait lerro hauetatik haren alderdi akademikoa aipatzea, labur bada ere.
In memoriam: José Antonio Madariaga
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2016/02/05
Ikerketarekin zuen konpromisoa bete zuen, ondo bete ere. Erreferentziazko egile izan da garraio teoriari buruzko artikuluak argitaratzen dituzten zabalkunde handieneko aldizkarietan. Bereziki, difusioaren hainbat alderdiri buruzko artikuluei esker. Gai horretan egin zuen ahaleginik handiena. Behin erretiroa hartuta, jolas modutzat hartu zuen doktoregaien esperimentuen interpretazio teorikoak egitea, eta horri esker, haren konpainiaz gozatzen jarraitu ahal izan genuen, astean bitan gutxienez etortzen zitzaigulako bisitan laborategira.
Jakina den bezala, Josebak ihes egiten zuen administrazio postuetatik. Hala eta guztiz ere, erantzukizunak bultzatuta, dekano eta errektoreorde izendapenak onartu zituen, bi une kritikotan. Lehenengoan, fakultatean, ideologia politikoak kultur eta hizkuntz gaiekin nahasten zituzten aldarrikapenak bideratu behar izan ziren, ahalik eta modurik harmoniatsuenean. Sakrifizio hori eskatu genionean, onartu egin zuen, berezkoa zuen dotorezia horrekin. Fakultatean egin zuen lan onari esker, eredu izan dugu bizikidetzaren eta tolerantziaren alorrean. Bigarren sakrifizioari dagokionez, errektoreari laguntzeko eskatu zitzaion, UPV/EHUren baketze eta antolamenduan, errektoreorde postutik: "errektore laguntzaile" moduko bat izan zen. Lau urtez aritu zen zeregin horretan, eta ezinbestekoa izan zen Unibertsitateak berriro ere gorantz egin zezan.
Azkenik, nabarmentzekoa da Josebak biziki maite zuela irakastea, irakasle lana, eta sekula ez zuela zeregin hori utzi, ezta administrazio lanetan aritu zenean ere. Inoiz ez zion uko egin irakasteari, eta irakasle bikaina izan zen. Berebiziko gaitasuna zuen lehen zikloko diziplinetako baten ñabardura guztiak ulertzeko. Termodinamikarenak, bereziki. Aintzat hartu beharreko eredua izan genuen, irakaskuntzari lotuta aldarrikatzen zituen bi alderdi garrantzitsutan: alde batetik, zerbait ondo azaltzeko, ezinbestekoa da oso ondo ulertzea; bestetik, ikasleak errespetuz tratatzeko, seriotasunez jokatu behar da. Eskoletan idazten zituen ohar bikainek agerian uzten dute haren ahalegina, zerbait berekia sortu eta bere jakintzan sakontzeko.
Irakasle bikain batek utzitako arrastoa gelditzen zaigu. Unibertsitate ospetsuetan, nahi duten arte gelditzeko eskatzen zaien irakasleek uzten dutena. Joseba, zaren lekuan zarela, gogoan izango zaitugula ikusi ahal izango duzu beti.
Manuel J. Tello
UPV/EHUko irakasle emeritua