Udaberri arabiarraren agerpenak ikusmin handia sortu zuen jendartean eta komunitate akademikoan. Halere, Ekialde Ertainean eta Magreben azken bost urteotan egondako sakoneko eraldaketa soziopolitikoek ez dute jarraipen aproposik izan.
-
EHUko ikerketa batek Arabako Errioxako historia berridatzi du
-
Emakumeak eta Zientzia: lau ikertzaile-belaunaldi XXI. mendeko erronkei aurre egiteko
-
Seguridad, miedo y ciudadanía: el joven magrebí como chivo expiatorio
-
Abortos financiados con dinero público, pero realizados en clínicas privadas
-
Oles, oles lurra esna zaitez!
Víctor Manuel Amado, nazioarteko hauteskunde-behatzailea
«Azken 30 urteotako egitura arazo berdinak daude oraindik Ekialde Ertainean»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2016/02/12
Ignacio Álvarez-Ossorio Alvariñok zuzendu ‘La primavera árabe revisitada: retorno del autoritarismo, choque de islamismos' liburuaren argitaratze berriak trantsizio arabiarren bilakaera ulertzeko interpretazio-gakoak eskaintzen dizkigu. Euskal Herriko Unibertsitateko ‘Valentín de Foronda' Gizarte Historiarako Institutuko ikerlari eta irakasle Víctor Manuel Amadok kapitulu bat idatzi zuen libururako, ‘Egipto: De Mubarak a Sisi. Ejército y autoritarismo' izenburukoa. Eskualde horretan aditu izateaz gain nazioarteko hauteskunde-behatzailea da eta Ekialde Ertaineko eta bestelako herrialde gatazkatsuetako hauteskunde-prozesutan egona da.
Egiptori buruzko kapitulua idatzi zenuen libururako.
Horrela da, bai. Liburuan parte hartu nuen eta aipatua, berriz, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzaturiko ‘Las revueltas árabes: actores políticos emergentes y reconfiguración de la esfera pública en el Norte de África y Oriente Medio' I+G proiektuaren baitan zenbait ikerlarik garatu ditugun ikerketen ondorio da.
Egun Siria da albistegi guztietako interesgunea, baina eskualde osoak bolborategi bat izaten jarraitzen du...
Ez dut uste bolborategi hitza aproposena denik, kazetaritza-kutsu handiegia dauka, errespetu osoz esanda. Baina egia da azken 30 urteotako egitura arazo berdinak daudela oraindik Ekialde Ertainean: desoreka ekonomikoa, nepotismoa, autoritarismoa eta ustelkeria; gehi Palestina eta Israelen arteko gatazka, premia galdu duenak itxuraz. Horiei guztiei arazo berri bezain larri bat gehitu zaie, hau da, ISISen agerpena, gatazka armatuak sortzeaz gain eskualde hartako tentsio soziopolitikoak berpiztu dituenak, batez ere Arabia Saudi lidertzat duten sunien eta Irango lidergoaren pean dauden shiien artean. Eta hori gutxi balitz, islamismoen arteko talka ematen ari da islam suniaren mugimendu zorrotzen artean, wahabismoa eta salafismoaren artean bereziki. Hau da, fenomeno eta arazo berriak gehitu zaizkie egitura arazoei. Irakurleak aukera dezala hori guztia nola definitu...
Nazioarteko behatzailea izan zara hauteskunde-prozesu eta eremu gatazkatsu askotan, eta eskualdea lehen eskutik ezagutzen duzu. Irtenbiderik al dago?
Nazioarteko hauteskunde-behatzailea naiz, bai, eta Ekialde Ertainean egin diren hauteskunde-prozesu gehienetan egona naiz. Esan bide batez oso gutxi izan direla. Beti daude irtenbideak, baina borondate politikoa eta koiuntura aproposa askoz ere urriagoak dira. Arabiar-palestinar-israeldarren arteko gatazkan, esaterako, argi dago irtenbidea: bi Estatu bideragarri, Israel bata eta Palestina bestea, eta herrialde arabiarrak Israelgo Estatu judutarraren zilegitasuna aitortzea. Baina horretarako jarrera proaktiboak eta borondate politiko argia behar da eragileen aldetik. Egiptoren kasua askoz zailagoa da. Bakea, halere, herrialdea benetan demokratizatu eta baliabideak era orekatuan banatuz gero etorriko da bakarrik.
Zein izan beharko litzateke zure ustez nazioarteko komunitatearen eginkizuna?
Kasuen araberakoa izan behar du. Arabiar-palestinar-israeldarren arteko gatazkan, batetik, eragileak presionatu beharko lituzke, beraiengandik espero dena egin dezaten; eta, bestetik, eragileen bidelagun izan akordioa lortzeko bidean. Sirian, urtarrila amaieran negoziazioak hasi dira bake akordio bat lortu ahal izateko. Pausu garrantzitsua da berez.
«Beti daude irtenbideak, baina borondate politikoa eta koiuntura aproposa askoz ere urriagoak dira»
Bigarrenik, eta ISISek Siriako gatazkan duen paperari eta Iraken abian duen kanpainari dagokienean, ekintza-mota ezberdinak uztatu beharko dira. Batetik, ekintza operatiboak. Hau da, esku-hartze militarra eta lekuan bertan, Irak eta Sirian; eta poliziala, indarkeriaren aurkakoa, Europan. Bestetik, inteligentzia lan intentsu eta bateratua indarkeria jihadistaren fenomenoen aurka (herriratuak, otso bakartiak, ziberindarkeria, etab.). Eta azkenik, eta nire ustez eraginkorrena dena epe luzera, etenik gabeko borroka erradikalizazio-prozesuen aurka, Europan bereziki. Hiru maila horiek konbinatu ezean (militarra, indarkeriaren aurka eta erradikalizazioaren aurka) ez da aurrerapenik egongo ISISen gaiari dagokionean.
Zer egin beharra dago nazioarteko behatzaile izateko?
Gaikuntza-ikastaro bat egin beharra dago nazioarteko hauteskunde-behatzaile izateko. Kanpo Politika Ministerioak antolatzen du, arau finkorik gabe eta beharren arabera. Toki gutxi direnez, ezinbestekoa da ingelesezko eta/edo frantsesezko C1 maila izatea izena eman ahal izateko. Nolanahi ere, baldintzak deialdi bakoitzean aldatzen dira. Bertako ikerlari nauen Valentín de Foronda Gizarte Historiarako Unibertsitate Institutuak mota horretako ikastaro bat antolatu zuen 2011ko abenduan, Kanpo Politikako Ministerioarekin bat. Eta esan dezaket ikastaro hartan gaitu zenbait pertsonak hauteskunde-misioak egin dituztela honezkero.
Zertan datza lana?
Hauteskunde-prozesuen ebaluazio inpartzial eta independentea egitean datza. Nazioarteko hauteskunde-behaketak azken 30 urteotan demokrazia sendotzeko egin prozesu gehienetan parte hartu du. Giza eskubideen eta balio demokratikoen alde nazioarteko komunitateak duen konpromisoaren adierazpen nabariena bilakatu da.
«Gure presentziak hautesleen konfiantza areagotu eta iruzurra murriztu egiten du»
Zer suposatzen du hartzaile diren herrialdeentzat?
Hauteskunde-behaketako misio baten presentziak ekar ditzakeen onurak asko dira: iruzur-mailak murriztea, gatazkak arintzea, hautesleek hauteskunde-prozesuarengan duten konfiantzak gora egiten du, funtsezko testigantzazko eginkizuna eta hauteskunde-prozesuen hobekuntza, gomendioak eginaz.
Non egon zara behatzaile gisara?
Misioak izan ditut Ukraina (2010), Azerbaijan (2010), Peru (2011), Zambia (2011), Errusia (2012), Egipto (2012), Pakistan (2013), Afganistan (2014) eta Sri Lankan (2015). Political expert gisara, exploratory missions delakoen barruan, Libia, Tunisia edo Palestinan egon naiz.
Anekdotak asko izango dira ziurrenik bidaia horietan guztietan.
Begien bistakoa denez, Afganistangoa intentsuenetakoa izan zen. Halere, agure zaharren istorioak baino ez dira horiek. Anekdota gisa, 2015eko udan gertatukoa konta dezaket. Hilabete eta erdi egon nintzen Sri Lankan, Long Term Observer gisara, legegintza-hauteskundetan EBk izan zuen Hauteskunde-behaketako Misioaren barruan. Nire taldea ekialdeko kostaldean zegoen kokatua, Batticaloa hirian, eta iritsi berritan Munich-Vitoria friendship road izeneko errepidetik pasa ginen. Brasilgo hiria izango zela pentsatu nuen. Handik egun gutxira, baina, kartel bat ikusi nuen, non Gasteizek 2004ko abenduaren 26ko tsunamia eta geroko udalerriaren berreraiketan lagundu zuela esaten zen. Mundua txikia, gogo handia, dudarik gabe.
Beldurrik izan al duzu noizbait?
Bai, behin baino gehiagotan; eta etorriko direnak oraindik...
Hurrengo bidaiaren plana egina duzu?
Beno, oraingoz, Aste Santuan Iranera noa ikasleekin. Behatzaile gisara, bidaltzen nauten lekura joango naiz. Udaran, nire ustez Afganistan izan daiteke beste behin, Siriarako aukerak urriak dira, Uganda, Peru... Batek daki.
Argazkiak: UPV/EHU.