Alberto Ansuategi
Jasangarritasunaren erronka gaur eta hemen
UPV/EHUko irakasle titularra eta ingurumen ekonomian doktorea
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2016/04/01
Aurten Xabier Letek "Kantatzera noazu" diskoa argitaratu zuenaren 40. urteurrena da. Agian lerro hauek irakurriko dituzuen askok ez duzue aipatutako diskoa inoiz eskutan izan, baina zeinek ez du herri honetan noizbait entzun (eta baita abestu ere) disko horretako seigarren abestia, "Izarren hautsa" izenburua duena? Abestia osatzen duten sei estrofen sakontasunak entzulegoa liluratu egiten du eta ez da harritzekoa, beraz, gutako askok abesti honen hitzetara jotzea bizitza, heriotza edota gure izaerari buruzko kezken aurrean argi izpi bat bilatu nahi dugunean. Eta hori da hain zuzen ere orain egingo dudana. Kezka bati buruz hitzegitera natorkizue. Ez da nolanahiko kezka dakarzuedan hau, 2015eko Eurobarometroaren arabera Europako biztanleriaren mundo mailako laugarren kezka nagusia baizik. Beraz, Leteren kantuaren laguntzaz, kezka honen nondik-norakoak azaltzen saiatuko naiz.
"Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai,
hauts hartatikan uste gabean noizpait ginaden gu ernai"
Orain dela 4.000 milioi urte inguru Lur planetan mirari bat gertatu zen. Mirari diodanean ez ezazue zentzu teologikoan ulertu. Gaur egun planetaren zoko guztietara hedatu den bizitza ahalbidetzeko gertatu ziren faktore eta prozesu ezberdinen kointzidentzia errepikaezinaz ari naiz mirari diodanean. Faktore eta prozesuen kate luze bat bada ere, hauetako bi aipatuko ditut hemen. Batetik, gure planeta bizitza garatzeko izar mota egokienetik distantzia egokienera aurkitzen da: eguzkia nahikoa handia da beharrezkoa dugun energia irradiatu ahal izateko baina, era berean, nahikoa txikia da bere energia berehala ahitu ez dadin. Bestetik, zorioneko orbitaren kokapena dugu: eguzkitik apur bat hurbilago bageunde guztia lurrunduko zukeen eta apur bat urrunago bageunde guztia izoztu egingo litzateke.
Beraz, ezaugarri- eta kondizio-multzo handi batek mugatu du Lurra, eta horrek egin du posible bizia garatzea. Bizia nola sortu zen guztiz garbi ez badago ere, garbi dago sortu, sortu zela, eta hortik aurrera etengabe eboluzionatu duela. Juan Ignacio Pérez katedradunak atal honetan Darwinen jaiotzaren 207. urteurrenean gogorarazten zigun bezala, bidaia ebolutibo oso luze baten ondoren anatomikoki modernoa jo daitekeen gizakia, "Homo sapiens" delakoa, orain dela 150.000 urte inguru bizitza bor-borrean zuen planetara iritsi zen.
"Gizonak ba du inguru latz bat menperatzeko premia,
burruka hortan bizi da eta hori du bere egia."
Aspaldiko ikaskide eta lagun dudan Antxon Olabek, argitaratu berri duen liburuan, maixuki deskribatzen du nola "Homo Sapiens"aren kapazitate sinbolikoa lengoaian hedatzen den eta lengoaiak eskaintzen duen komunikatzeko ahalmena tresna erabakigarria bilakatzen den ingurumenera egokitzeko. Afrikako sabanako lehen gizaki haiek gai izan ziren lehiakortasuna eta kooperazioa uztartuz ingurumenak ematen zituen aukerei etekina ateratzeko. Haserako urratsak talde txikitan eman zituzten eta, ehiztari-biltzaile gisa aritzen zirenez, naturak eskaintzen zuenaren arabera mugitzen ziren talde nomadak izan ziren. Milaka eta milaka urtetan gizaki hauek ez zuten arrasto handirik utzi lurrazalean eta utzi zezaketen gutxi hori belardietako haizeak ezabatu zuen.
Neolitoan, orain dela 10.000 urte, azken glaziazioaren ondorengo klima epelagoak lagunduta, gizakiak ehiztari-biltzaile huts izatetik nekazaritzan eta abeltzaintzan jardutera iragan ziren. Antzinako Egiptoko, Mediterraneoko ekialdeko eta Mesopotamiako lurrak hartzen dituen eskualde emankor horretan gertatu zen iraultzaren ondorioz gizakiak egonkortu egin ziren eta lehenengo herriguneak sortu zituzten. Gero, herriak zibilizazio bilakatu ziren. Nekazaritza eta abeltzaintzaren garapenek gizakia eta naturaren arteko harremanean aldaketa bat suposatu zuten. Gizakiek beraien burua naturarengandik bereiztuta ikusten hasi ziren eta bereizketa horrek ahalbidetu zuen natura menperatzeko grina.
Neolitotik aurrera baliabide energetiko exosomatikoak (animalien, biomasaren, haizearen edota ur jauziengandik lortutako indarra) erabiltzeko gaitasuna erabakigarria izan zen gizarte antolamendu konplexuagoak sortzeko eta naturak ezartzen zituen mugei aurre egiteko. Inflexio-puntua, halere, XVIII.mendeko azken herenean Ingalaterran hasi eta hamarkada gutxitan Europa osoan eta Ipar Amerikan hedatu zen Iraultza Industrialak ekarri zuen. Lurrun-makinaren asmakuntzak urte-askoren buruan lurrazpian metatutako eguzki energia erabiltzeko aukera zabaldu zuen eta erregai fosilen erabilpenak zibilizazio industrialari bidea eman zion. Ikatza lehenbizi, eta petrolioa eta gas naturala ondoren, ekonomia industrializatuen hazkunde ekonomiko eta demografikoaren giltza izan ziren.
Iraultza neolitikotik iraultza industrialera iragan ziren 100 mendeetan aldaketa ekonomikoa ("ekonomiaz" hitzegiterik balego) oso txikia izan zen. Gerrateek, goseteek eta izurriteek eragiten zituzten aldaketa gehienak, bapateko jaitsialdia eraginez eta ondoren errekuperazio motela abiaraziz. "Groningen Growth and Development Centre" delakoak kalkulatutako mundu mailako biztanleko Barne Produktu Gordinaren (BPG-aren) denbora serieari begiratzen badiogu (K.o.1-etik 2010.erarte dihoana) zera ikusten dugu, honen ibilbidea laua dela lehen 1.800 urteetan (hau da, belaunaldiz belaunaldi batezbesteko egoera ekonomikoa berdina dela) eta 1.750. urtetik aurrera hazkunde exponentziala erakusten duela. Halaber, Planetako populazioak antzerako ibilbidea erakusten du. 8.000 urtez 100 milioi pertsona baino gutxiago bizi ziren planeta osoan. Erromatar inperioaren garaian 225 milioi inguru izatera iritsi zen. 1820. urte inguruan 1.000 milioi biztanleko muga gainditu zuen eta mende bakar bat behar izan zuen bikoizteko. Gaur egun hamarkada bat baino askoz gehiago ez dugu behar 1.000 milioi biztanle gehiago gehitzeko eta aurrikuspenek diotenaren arabera 2040. urterako 9.000 milioi biztanle izango dira Lur planetan.
Industria iraultzaren ondorengo giza espeziearen arrakastak, bai banakakoen kopuruan eta baita hauen "oparotasun materialean" ere, ondorio latza ekarri dio Biosferari. Alejandro Cearreta irakasleak orain dela hilabete bat atal honetan deskribatu zuen bezala, "Antropozenoa" deritzon aro geologiko berri baten atarian aurki gaitezke. Honek zera esan nahi du, giza eragina globala izatera iritsi dela eta eragindako aldaketak historia geologikoan zehar gertatutakoen parekoak izatea ekarri duela.
"Gizonen lana jakintza dugu: ezagutuz aldatzea,
naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea."
Indar geofisiko bilakatu garela, eta Lur planeta inoiz egon ez den puntu batera eramaten ari garenaren seinaletzat jo daiteke besteak beste azken hamarkadetan komunitate zientifikoak intentsiboki aztertu duen berotegi efektuko gasen (BEGn) kontzentrazioaren igoera eta honek eragin dezakeen klima aldaketa. Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak (IPCC delakoak) dagoeneko argi eta garbi adierazi du badagoela nahikoa ebidentzia zientifiko klima berotzen ari dela egiaztatzeko eta BEGn isurketaren eta klima-aldaketaren arteko harremana dagoela esateko. Beraz, arestian deskribatu dugun eta iraultza industrialaren tresna garrantzitsua izan den eredu energetikoak biosferaren desestabilizazioa ekar lezake. BEGn egonkortzea lortu ezean, tenperaturak gora egiten jarraituko du, eta egonkortze maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta temperatura-igoera handiagoa izango da. IPCCk egindako estimazioen arabera, 3ºCko igoerak kalte fisiko eta ekonomiko handiak eragin litzake gure gizartean, eta egoera hori ekiditeko, ezinbestekoa da CO2 baliokidearen (CO2e) kontzentrazioa 450-550 ppmtik behera egonkoraraztea.
Ekidite politikek BEGn kontzentrazioa murriztea dute helburu. Ekiditeko neurriak anitzak izan daitezke eta guztiz lotuta daude herrialde eta eskualde bateko garapenarekin. Energia kontsumoa aurreztu eta hobetu, energia berriztagarriak bultzatu, garraio iraunkor eta zentzuduna indartu eta karbono gutxiago behar duen ekonomia eredua lortzeko merkatu tresnak ezartzea ekidite politiken adibide izan daitezke.
Jakina, neurri batzuek zein besteek eragin ekonomikoak ere badakartzate. Oro har, ekidite politiken kostua estimatzen duten ikerketa gehienen arabera, BPG globalaren %0,5-%2 tartean kokatzen da kostu hori, klima aldaketari aurre egiteko politikak ezarri ezean, inpaktuek eragin dezaketen kostua munduko BPGaren %5 inguru izan litekeelarik (kostu horiek %20raino igo daitezkeela dioten estimazioak ere badaude).
Ekonomialarion ikuspegitik klima-aldaketa merkatu hutsegite bat da eta hutsegite hau zuzentzeko esku hartze publikoa nahitaezkoa da. Gainera, arazoa "globala" den heinean estatuten arteko erantzunkidetasuna eta adostasunaren beharrarekin aurkitzen gara zailtasun gehigarri bezala. Udazken honetan izan zen Parisko goibilerak zapore gazi-gozoa utzi zigun.
Klima-aldaketari aurre egiteko eta naturarekin berriz ere bat egin eta harremanetan sartzeko denbora agortzen ari zaigu. Parisko goibilerako helburuak bete ahal izateko hurrengo 15 urteetan karbono gutxiago behar duen ekonomiara jotzeko iraultza berri bat gauzatu behar dugu. Beraz, abestiak dioen bezala "gizakion lana jakintza dugu" eta horretan unibertsitateak zeresan handia du. Erronka gaur eta hemen dugu. EHUko zifren arabera oraingo irakasleon %60 inguruk gure ibilbide laborala hurrengo hamabost urtetan bukatuko dugu. Hau da, aldaketa klimatikoaren eraginak bete-betean pairatuko dituen lehen belaunaldia (eta aldi berean aldaketa klimatikoa areagotzea ekiditzeko aukera duen azken belaunaldia dena!) ezjakintasunez betetako etorkizun baterako prestatzen emango dugu. Inork gogor lan egiten jarraitzeko pizgarri hobeagorik behar al du?
"Gu ere zerbait bagera eta, gauden tokitik hemendik bertan
saia gaitezen ikusten: amets eroak bazterturikan,
sasi zikinak behingoz erreta, bide on bat aukeratzen."