Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak, apirilaren 20an egindako Gobernu Kontseiluan, ikertzaileak kontratatu eta prestatzeko hainbat deialdi onartu ditu, guztira sei milioi eurokoak.
UPV/EHUk ikerketa sustatuko du 6,7 milioi euroko laguntza multzo batekin
Gobernu Kontseiluan Graduondoko Ikasketen Plan Estrategikoa ezartzeko prozesua ere aurkeztu da
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2016/04/22
Izan ere, 4,5 milioi euro erabiliko dira unibertsitateko tituludunak doktorego programetan prestatzeko eta doktoregaiek doktore tesiak egiteko; 500.000 euro erabiliko dira doktore berriak kontratatzeko, pertsona hauek doktorego osteko prestakuntza programetan sartu artean; eta milioi bat euro erabiliko dira ikertzaile doktoreak espezializatzeko kontratazioetan, haien espezializazioa eta laneratzea sustatzeko.
Bestalde, 600.000 euro banatuko dira ikertaldeentzako laguntzetan, zientzia, teknologia eta berrikuntzarako euskal sareko gainerako eragileekin lankidetzan jardun dezaten sustatzeko, eta ikertaldeoi Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko deialdietan nahiz estatuko edo Europar Batasuneko deialdietan parte hartzen laguntzeko. Azkenik, 150.000 euro bideratuko dira UPV/EHUko irakasle-ikertzaileek biltzar eta bilera zientifikoetan parte hartzeko.
Masterren eskaintza
Datorren ikasturtean, 113 master eskainiko dira, haietako hamabi lanbide jakin batzuetan jarduteko bidea ematen dutenak; beste sei, berriz, Amerikako unibertsitateetan ematen dira, master eta doktoregoen Latinoamerikako sarearen bidez. Datorren ikasturteko berrikuntzen artean ♫«Kontuen Ikuskaritza eta Goi Mailako Kontabilitatea» masterra dago (60 ECTS), kontuen ikuskari lanbideari lotua, eta «Aktuariotza eta Finantza Zientziak» masterra (120 ECTS), aseguruetako aktuario lanbideari lotua. Bizkaiko Campuseko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean emango dira biak, eta batean zein bestean ikasleek nahitaezko kanpoko praktikak egingo dituzte zenbait erakunde laguntzailetan.
Hirugarren nobedadea da «Control in Smartgrids and Distributed Generation» masterra (Kontrola Sare Elektriko Adimentsu eta Sorkuntza Banatuan), 90 ECTSkoa, ingeles hutsean emango dena Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eta titulazio bikoitzerako hitzarmena daukana École Supérieure des Technologies Industrielles Avancées-ESTIArekin. Titulu berri honetaz gain, unibertsitateak baditu beste hogei master, atzerriko unibertsitateekin titulazio bikoitzerako hitzarmena daukatenak. Gainera, UPV/EHUk unibertsitatearteko 22 master eskaintzen ditu, horietako zortzi nazioartekoak.
Guztira, master ofizial guztiak kontuan hartuta, 3.896 plaza eskainiko dira. Azpimarratzekoa da hazi egin dela eskaria «Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza» masterrean, zeinak lanbidean jarduteko ahalmena ematen duen. Horren ondorioz, datorren urtean 264 plaza eskainiko dira, aurreko ikasturtean baino 24 gehiago. Asmoa da 2017-2018an 300 plaza eskaintzea graduondoko honetan.
Bestalde, aurrera jarraitzen du 2014-2017 aldirako Graduondoko Ikasketen Plan Estrategikoa ezartzeko prozesuak. Plana 2014ko uztailean onartu zen eta gaur ezarpenerako konpromiso dokumentuak aurkeztu dira Gobernu Kontseiluan. Dokumentuotan planaren helburuei lotutako adierazleak zehaztu dira, masterrentzako finantzaketaren parte bat adierazleok betetzearekin lotesten delarik. Plan estrategikoaren azken helburua da unibertsitateak ematen duen graduondoko prestakuntza izatea integrala, malgua, kritikoa eta euskal gizartearen premien araberakoa; sormena, ekimena, enplegagarritasuna eta konpromiso etiko eta soziala bultzatzen dituena; kalitateko ikerketa sustatzen duena eta nazioartean erakargarria dena.
Arabako Campusean izandako kalteak
Bestalde, joan den martxoaren 17an ikasle gutxi batzuek Arabako Campuseko zenbait tokitan sortutako istiluen ondorioz gertatutako kalteen berri eman du errektoreak. Unibertsitateko zerbitzuen informazioaren arabera, unibertsitateak 75.000 euroko galerak izan ditu, hori kalte materialak bakarrik kontuan hartuta. Errektoreak berriz ere gaitzetsi du mobilizazioetan indarkeria erabiltzea. «Pertsona eta talde guztiek dute bidezko eskubidea egoki jotzen dituzten aldarrikapenak jendaurrera zabaltzeko» adierazi du. «Aitzitik, ezin da pertsonen aurkako larderia erabili, ezta ondasun publikoei kalterik eragin ere. Izan ere, ondasun horiek euskal gizarteak jarriak ditu unibertsitateko kideen eskura, ikerketa eta irakaskuntza garatu daitezan».
Era berean, errektoreak gogoratu du gertaera larri horien aurretik hiru campusetan beste mobilizazio eta aldarrikapen ekintza batzuk egon zirela, eta ez direla inolaz ere nahastu behar adierazpen kritikoak eta indarkeriaren erabilera. «Kritika eta desadostasuna unibertsitatean kontuan hartu beharreko balioak dira» esan du. «Bortxazko jokabideak, berriz, ezin dira unibertsitatean onartu eta unibertsitatearen espirituaren kontrakoak dira».