euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Iker Etxano

‘Notarioaren erregela' eta iraunkortasuna

Ekonomia Iraunkorreko irakaslea. EKOPOL (www.ekopol.org) eta HEGOAko (www.hegoa.ehu.eus) kidea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/06

Argitaratu berri dudan Ekonomia eta iraunkortasuna: oinarriak eta aplikazioak (UEU, 2015) liburuko pasarte batean inspiratuta, egunkarietako titular nagusi ez den gaia baina erabateko gaurkotasuna duena ekarri nahiko nuke auzitara: iraunkortasuna Ipar-Hego dialektikaren testuinguruan.

Egia da sistema ekonomiko globala etengabe aldatzen ari dela eta egungo globalizazioak badituela zenbait adiera, garai berri baten aurrean gaudelako aurreikuspena jakitera ematen dutenak, esaterako, natura-baliabideen agorpen hazkorra, ingurumenaren narriadura latza eta aldaketa demografiko sakonak. Munduko ekonomian gertatzen ari diren eraldaketa nabarmenak eta prozesu ekonomikoak geroz eta elkarri lotuago daudela ere kontuan hartu behar da. Balizko agertoki global berri hori, alabaina, hein handi batean Ipar-Hego dialektikarekin uztartu egiten da oraindik ere.

Dialektika hori azaltzeko, José Manuel Naredo ekonomialari ekologiko ospetsuak ‘notarioaren erregela' erabili izan du sarri; honetan datza: etxebizitza bat eraikitzean, material eta energia gehien erabili behar duen fasea etxea bera eraikitzea izango da; hori da momenturik trinkoena material- eta energia-erabileran. Behin etxebizitza egina dagoenean, ordea, horren merkaturatze-fasean gertatzen da moneta-balioaren igoera handiena, nahiz eta fase horretan apenas material eta energiarik erabiltzen den. Moneta-balioaren igoera hori, horrela, salmenta gertatzean notarioaren parte-hartzearen bidez ezaugarritzen da hobekien; izan ere, inongo material eta energiarik erabili gabe, hark egiaztatzen du salmenta hura, eta moneta-balioaren zati bat jasotzen du ordainean.

Era berean, ‘garapena' duten ekonomiek (Iparraldekoak), atzerritik baliabideak jasotzen dituzten heinean, barneko material eta energiaren exijentzia fisikoak murriztuko dituzte; herrialde horiek, ordea, oro har manufakturen ekoizpenean eta merkaturatzean oinarritu egingo dituzte beren ekonomiak, eta horrela moneta-alorraren bidez kanpo-mendekotasun fisikoa orekatu egingo dute. Alegia, azken produktuaren salmentara hurbiltzen garen heinean, erabat asimetrikoa da produkzio-prozesuan zehar sortzen den moneta-balioaren handiagotzearen eta kostu fisikoaren arteko harremana. Ondorioz, herrialdeek ‘garapena' lortuko dute kostu fisikoko moneta-balio garaia dutenean, eta hori, Iparraldeko herrialdeek duten finantza-ekonomia arloko posizio menderatzaileak ematen du.

Egiturazko disparekotasun horri lotuta badira iraunkortasunaren auziari heltzen dioten beste bi alderdi. Batetik, oro har Iparraldeko herrialdeen mesedetan den erauzketaren ondorio zuzenenak Hegoaldeko herrialdeek pairatzen dituzte. Geratzen diren baliabide natural gehienak Hegoaldeko herrialdeetan daude, eta horien erauzketak normalean ingurumen-eragin latzak eta ekosistemen narriadura larriak sorrarazten ditu. Izan ere, munduko gizatalde txiroenak dira zaurgarrienak ekosistemen narriaduraren aurrean, haien biziraupena ekosistema horien menpe baitago. Joan Martínez-Alier-en hitzetan (beste ekonomialari ekologiko handi bat!), pobreen ekologismoa gertatzen da gizatalde horiek iraunbizitzeko ingurumena zaindu behar baitute. Bestetik, baliabide horien gehiena Iparraldeko ekonomiak elikatzera bideratzen da; eta ez dago munduan gaur egun baliabide nahikorik Hegoaldeko herrialdeek Iparraldeko herrialdeek jarraituriko garapen-ereduari jarrai diezaioten.

Bestalde, badira sistema ekonomiko globalaren iraunkortasunik eza agerian uzten duten hainbat adiera ere, besteak beste, iraunkortasunak nazioarteko agendara bete-betan salto egin izana. Plazaratze horren isla dira Nazio Batuek berriki bultzaturiko Garapen Iraunkorreko Helburuak 2030 eta Pariseko COP21 gailurrak izan zuen goi-mailako instituzio parte-hartze zabala eta baita oihartzun mediatikoa ere. Horien planteamendua eta balizko eraginkortasuna alde batera utzirik, argi eta garbi adierazten dute iraunkortasuna (eza) arazo global larria dela.

Hori guztia dela-eta, ‘trantsizio sozioekologikoaz' ari dira geroz eta neurri handiagoan askotariko ikertzaile, akademiko eta gizarte zibileko mugimendu sozialak ere. Badirudi soilik horrek bermatuko lukeela ongizate iraunkor bat, munduko populazio osoarentzat ez bada ere, gehiengoarentzat behinik behin. Hala, iraunkortasuna aintzat izatea ezinbestekoa da aurrerabide-eredu alternatiboak eraikitzeko orduan, zeinak era berean Ipar-Hego dialektika kontuan duen. Benetako ekonomia iraunkor bat eraikitzea, alderdi ekologikoa zein pertsonon ongizatea kontuan hartzen dituena, ikuspegi horri atxikita azaltzen zaigu ezinbestean.

Alabaina ezin baztertu aipatu arazo globalak ez direla inolaz ere autonomoak, erabat interkonektatuta daudela baizik. Izan ere, iraunkortasuna zein ingurumen-arazoen izaera konplexua da, eta ondorioz, horiei ezin zaie heldu era autonomoan eta zientzia alor bakarrak eskaintzen duen partzialtasunetik, beharrezkoa da diziplina zientifikoen arteko elkartasuna. Konplexutasun eta izaera poliedriko horrek dakarren erronkari aurre egiteko, ezinbestekoa dugu diziplina arteko ikuspegiarekin lanean aritzea, esaterako, natura-zientziak eta gizarte zientziak desberdintzen dituen amildegia gaindituz. Horrelako ikuspegiaz haratago ere, iraunkortasuna bera zientziatzat hartzea ere auzian dagoen gaia da, non zehar-diziplina kutsua duen zeharkako ikuspegia gailendu beharko litzatekeen.

Era berean, erronka horiei aurre egiteko unibertsitatetik egin genezakeen ekarpena ez da nolanahikoa. Diziplina arteko ikuspegia bai ikerketan bai irakaskuntzan barneratu beharreko elementua dugu, horrek iraunkortasunari ekar liezazkiokeen onurak aintzat izanda. Alabaina, diziplina arteko uztartzeak ibilbide handiagoa du ikerketa alorrean irakaskuntzan baino, nahiz eta ziurrenik oraindik eskasa izan, esaterako, trantsitzio sozioekologikoaren alorrean. Hala, irakaskuntza bera diziplina arteko ikuspegiaz blai egitea dugu erronka nagusietako bat irakasleok. Zentzu horretan pausuak ematen ari gara gure unibertsitatean, eta baliteke ibilbide oparo baten hastapenetan egotea, baina ziur naiz gure egitekoaren zurruntasun eta ohiko joera ugari ere gainditu beharko ditugula. Iraunkortasun globalaren eta Ipar-Hego leizea murriztearen alde izan bedi.

 

Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes