euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Mikel Laboari buruzko webgune berria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/23

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak Mikel Laboari buruzko webgune berria aurkeztu dute Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostian. Ekitaldian parte hartu dute: Mikel Irizar, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusia; Juan Cruz Igerabide, Mikel Laboa Katedrako zuzendaria; Marisol Bastida Laboa alarguna; eta, Itziar Zubizarreta, web orriaren koordinatzailea eta edukien egilea.

Mikel Laboaren webgune berri horrek biltzen ditu hala Laboaren biografia nola haren diskografiaren eta kantuen informazioa, bai musikari dagokionez, bai erabili zituen testuei dagokionez. Gainera, hemeroteka zabal bat ere gehitu da, Laboari buruzko iritzi, kritika eta beste zenbait gorabeherarekin. Itziar Zubizarretak koordinatu du webgunea eta Itxaso Mezzacasa izan da diseinatzailea eta informatikaria. Bestalde, informazioaren iturri nagusia Marisol Bastida izan da, Mikel Laboaren alarguna. Jose Luis Zumetaren irudiak erabili dira web orrian zehar. Azkenik, Elkar eta Eresbilen laguntza ezinbestekoa izan da hala dokumentazioa nola diskofrafia antolatzerakoan.

Ikerketa eta sormen-lanerako bekak

Bestalde, ekitaldian aurtengo ikerketa eta sormen-lanerako beken deialdien berri eman dute ere:

  • Tesiak egiteko kontratu bat
  • Ikerketa monografikoak egiteko hiru beka
  • Sormen-lanerako bi dirulaguntza

Dagoeneko bi tesi amaituak eta defendatuak izan dira eta beste bi abian dira. Aurtengo honekin bosgarren tesia abiatuko da, betiere katedraren ildo nagusien bidetik. Ikerketa-lan monografikoak gehienbat Master Amaierako Lanak izaten dira, geroko ikertzaileak formatzeko bide bat.

Jada hamabi eginak dira, eta aurten beste hiru gauzatuko dira. Katedrako ikertzaileek jardunaldietan ezagutarazten dituzten beren lanak.

Ikerkuntzaren alor honetan, Mintzolarekin ere egiten dira deialdiak, Euskararen eta Ikerketaren Arloetako Errektoreordetzen bidez, bertsolaritzari buruz tesiak eta ikerketa-lanak egiteko.

Sormen-laguntzei dagokienez, aurten dantzaren alorrean egingo da deialdia. Beste dirulaguntza Benito Ansola Ikusentzunezko Saria bultzatzeko izango da.

Informazio gehiago