euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

David Wellman, Chicagoko DePaul Unibertsitateko irakaslea

«Musulmanek errespetu handia diete beste tradizioei»

Parisko hainbat auzotako gazte ateoen, kristauen, musulmanen eta juduen arteko komunikazio espazioen sorreran lan egiten du irakasleak

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/03

Nazioarteko harremanetako aditua da David Wellman

Chicagoko DePaul Unibertsitateko Erlijio, Bake, Justizia eta Gatazka Ikasketen Saileko irakasle David Wellmanek erlijioen arteko elkarrizketaren garrantzia nabarmentzen du, elkarbizitza hondatzeari, xenofobiari eta erradikalizazioari aurrea hartzeko bide gisa. Era berean, ohartarazi du "erlijioa nagusitzen dela munduko pertsona guztien bizitzan, Europako elitearen eta Ameriketako Estatu Batuetako elite zuriaren artean izan ezik".

Nazioarteko harremanetako aditu honek parte hartu zuen UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbidearen Historia Sailak joan den astean antolatu zuen "Diplomazia eta elkarrizketa politikoa mundu post-sekularrean: kultura sekularren eta erlijiozkoen arteko zubiak eraikitzen" mintegian.

Mundu post-sekularrean diplomazia eta elkarrizketa politikoari buruzko hitzaldia ematera etorri zara. Nolakoa da mundu post-sekular hori?
Diplomazia ikasketetan esaten zen herrialde aurreratuetan jende gehiena testuinguru sekular batean bizi zela, testuinguru horretan egiten baitira botere politikoaren eta botere ekonomikoaren arteko harreman diplomatikoak. Hala ere, nik uste dut mundu post-sekular batean bizi garela, erlijioa oso modu adierazgarrian nagusitzen baita munduko pertsona guztien bizitzan, Europako elitearen eta Ameriketako Estatu Batuetako elite zuriaren artean izan ezik. Hortaz, gure munduan garrantzi handikoa da erlijio dimentsioa. Gainera, erlijio kulturak eragina du bere burua ateotzat jotzen duen Europako edo Ameriketako Estatu Batuetako pertsona askorengan, kristautasunaren eragina oso handia baita maila etikoan, ideia moraletan...

Parisko hainbat auzotako gazte ateoen, kristauen, musulmanen eta juduen artean  komunikaziorako eta elkarrizketarako espazioak sortzean oinarritzen da zure lana.
Bai. Parisko hainbat auzotako erkidego kristauekin, musulmanekin, juduekin eta ateoekin lanean ari naiz, besteak beste elkarrizketa sustatzeko eta, aldi berean, antisemitismoa  eta islamofobia borrokatzeko.  Nire ikasleak bertara eraman ditut zuzen-zuzenean ezagut dezaten zer gertatzen ari den. Ikusi dugu hainbat elkartek erlijio desberdinekiko kideekin nola egiten duten lan. Ikusi dugu nola sustatzen duten kulturen arteko elkarrizketa, eta erlijio erakundeen eta erlijiozkoak ez diren erakundeen arteko elkarrizketa.

«Errabinoak esan dit une honetan Frantzian zabaltzen ari den aurreiritzirik okerrena islamofobia dela»

Gainera, Parisen eragin handiko pertsonekin izan naiz harremanetan, hala nola Michel Serfaty errabinoarekin. Parisko periferian hainbat gazte musulmanen erasoa jasan zuen errabino bat da Michel Serfaty. Hori gertatu zitzaionean bertako imanari deitu zion eta zera esan zion: "Arazo bat dugu, zer egingo dugu honekin?". Ikusi zuen arazoa elkarrekin konpondu behar zutela, eta Amitié Judéo Musulmane de la France (AJMF) elkartea sortu zuten. Era berean, Serfaty errabinoa Marrakech-en jaio zenez gero, arabiarrez ere hitz egiten du, eta horrek aukera ematen dio auzo musulmanetatik ibiltzeko eta antisemitismoa eta aurreiritziak desmitifikatzen saiatzeko. Izatez, errabinoak esan dit une honetan Frantzian zabaltzen ari den aurreiritzirik okerrena islamofobia dela. 

Nola borroka daiteke hirugarren belaunaldiko musulman batzuen erradikalizazioa?
Irakatsi behar zaie islam estremistak erlijioaz egiten duen interpretazioak ez duela zerikusirik islam tradizionalarekin. Bestalde, uste dut ez dela zuzena arreta estremistengan jartzea, hedabideek egiten duten moduan. 

Baina, esate baterako, Parisko Bataclan aretoan dozenaka hilketa izan zen.
Jakina, eta hori egin zutenak galbidera eramaten ari dira islama. Gauza bera gertatzen da Ku Klux Klanen krimenekin. Beraiek esaten dute kristauak direla eta beltzez, juduez, homosexualez eta abar babestu behar dutela... Kristau gehienek ez dute zerikusirik Ku Klux Klanekin; musulmanekin beste horrenbeste gertatzen da. Musulman gehienak oso irekiak dira eta errespetu handia diete beste tradizioei. Izatez, islamaren sinesmen batek dio kristauak eta juduak Liburuaren herrikoak direla eta musulmanen betebeharra ez dela horiek bihurtzea, horiekin bizitzea baizik.

 

Wellman  Nazioarteko Harremanetan lizentziatua da Lewis and Clark College ikastegian, Erlijio Ikasketetan masterra du Columbiako Unibertsitatean eta Teologian doktorea da New Yorkeko Unification Theological Seminary ikastegian. Gaur egun, Chicagoko DePaul Unibertsitateko irakaslea da, eta, bertan, besteak beste honako irakasgai hauek ematen ditu: erlijio testuen interpretazioa; erlijio kulturen eta kultura sekularren arteko elkarrizketa; erlijioa eta diplomazia; etika kristaua eta islamikoa; gatazken transformazioa eta gay-queer teologia.

Zer da gay-queer teologia?
Teologia gay, lesbiana, bisexuala eta transexuala da. Queer teologia izenarekin ezagutzen den teologia horrek irakasten digu –askapenaren teologiak bezalaxe– jainkoak pertsona oro maite duela, baina marjinatuekiko maitasun berezia duela. Bestalde, aditzera eman behar da testu sakratuen interpretatzaileek testuek beraiek baino botere handiagoa dutela. Hori dela eta, Europan Jesus zuriaren irudia duzue, ez zenean hala izan. Queer teologoek itun berriko eta zaharreko gay eta lesbianen kontakizunen berri ematen digute.

Adibidez.
Mateoren ebanjelioaren grezierazko bertsioa irakurtzen baduzu, esaten du zenturion bat Jesusen bila ibili zela gaixorik zegoen bere zerbitzari gazte bat senda zezan. Zergatik ari zen Jesusen bila, Erromako Inperioaren etsaia izanik? Zergatik ari zen bere fedekideen aurrean arriskuan jartzen mutil gazte zerbitzari batengatik? Erantzun logiko bakarra maitasuna da; bere bikotekidea zela.

Biblian horren antzeko kontakizun gehiago dago, hala nola Ruth eta Noemi alargunena. Bi alargun horiek elkarrekin bizitzeko elkartu ziren, nahiz eta zaharrenak gazteenari esaten dion gaztea dela eta oraindik beste senar bat topa dezakeela. Eta gazteenak erantzuten dio: "joaten zaren lekura joaten zarela, ni ere joango naiz; eta bizitzen zaren lekua edozein izanik ere, bertan biziko naiz ni. Zure herria nire herria izango da, eta zure Jainkoa nire Jainkoa. Zu hiltzen zaren lekuan hilko naiz ni, eta bertan lurperatuko naute. Hala egin dezan Jehovak, eta hala izan bedi, heriotzak soilik bereiz gaitzala zu eta biok". Hitz horiek bat datoz ezkontza judutarretan maitasuna adierazteko erabiltzen diren hitzekin.