Carlos Madina, Inmaculada Zamora eta Eduardo Zabala Tecnaliako eta UPV/EHUko ikertzaileek "Methodology for assessing electric vehicle charging infrastructure business models" (Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegituren negozio ereduak aztertzeko metodologia) artikulua kaleratu dute Energy Policy aldizkarian.
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko ereduak alderatu dituzte
Carlos Madinak, Inmaculada Zamorak eta Eduardo Zabalak ikertu dituzte etxeetako, autobideetako eta saltoki guneetako parkingetako kargen abantailak
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2016/06/24
Gero eta erosle gehiagok nahiago dituzte ibilgailu elektrikoak, eta mundu osoan areagotzen ari da eskaria. Espainian, 2015ean saldutako autoen % 0,3 baino ez ziren izan elektrikoak; Holandan, ordea, auto elektrikoen merkatu kuota % 9,6koa izan da, eta Norvegian, berriz, % 23koa.
Ibilgailu elektrikoaren goraldiaz jabeturik, enpresak karga azpiegitura bat sortzeko lanetan dabiltza. Ildo horretatik, Madinak, Zamorak eta Zabalak hiru karga leku aztertu dituzte ikerlanean: etxeko kargak; bizkor kargatzeko autobideko azpiegiturak; eta saltoki guneak edo hiriko parkingak bezalako interes puntuetako kargak.
Preziorik onena
"Dudarik gabe, preziorik onena ibilgailua gauez etxean konektatuta lortuko da, gaueko tarifak aprobetxatuz. Karga pribatuak, gainera, erosotasuna ere ematen du: zeure etxean kargatzen duzu ibilgailua, eta ez duzu identifikatu beharrik edo bereiz ordaindu beharrik, eta kostua ez litzateke euro batera ere iritsiko", azaldu du Madinak.
Karga bizkorrak, bestetik, oso denbora laburrean areagotuko luke autoaren autonomia (ordu erdian baino gutxiagoan); horri esker, ibilgailu elektriko konbentzionalak egun egin ahal dituen 100-150 kilometroak baino ibilbide luzeagoak egin ahalko lirateke. "Oso garestia da, ordea, bai bezeroarentzat, bai karga lekuaren jabearentzat. Erabiltzaileak karga azpiegituraren erabileraren araberako prezioa ordainduko luke, bertako operadorearen kostu gehienak finkoak direlako. 100 kilometro egiteko, esaterako, 10 euro ordaindu beharko lirateke ibilgailua kargatzeko; dena dela, litekeena da erabilera handiagoa duten lekuetan merkeagoa izatea prezioa. Bestalde, karga bizkorreko azpiegitura egun dauden gasolindegietan jar liteke printzipioz, baina, hori bai, egiaztatu beharko litzateke ba al dagoen behar diren potentziak kargatzeko sare elektrikorik (kargagailu bakoitzak 50 eta ehunetik gora kW artean beharko lituzke, eta kopuru hori biderkatu egingo litzateke gasolindegiko kargagailu kopuruaren arabera). Kasu honetan, kargagailuak Repsolen moduko enpresek instalatzea litzateke normalena. Hasia da horretan, adibidez, Ibil konpainiaren bitartez", esan du.
Ikerketaren arabera, autoak saltoki guneak edo hiri parkingak bezalako interes puntuetan kargatuz gero, eguneroko autonomia hobe daiteke prezio merkeagoetan: "Esaterako, autonomia erosketak egitera joateagatik edo aisialdiko arrazoiengatik amaitu bada, prezioak arrazoizkoak dira, auto tradizional batek kilometroko duen kostuaren parekoak: bost bat euro (70 kilometroko autonomia emango lukete). Gainera, autoa bi orduan izango duzu kargatua, eta denbora horretan zinemara joan zaitezke, edo erosketak egin, adibidez".
Madinaren hitzetan, auto elektrikoaren iraultza errealitatea izango da, baita gure artean ere; oraindik ez dago garbi, baina hemendik hiruzpalau urtera gertatuko da. "Ibilgailu elektrikoen prezioa gasolinazkoen preziora gehiago hurbiltzea baino ez da falta, eta karga bakoitzeko 200-250 kilometro inguruko autonomia lortzea".
Erreferentzia bibliografikoa
- "Methodology for assessing electric vehicle charging infrastructure business models".
- Energy Policy (2016)
- DOI: 10.1016/j.enpol.2015.12.007
