UPV/EHUk eta SanBartolomé Muinoak lankidetza hitzarmena egin dute
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2016/09/28
Universidad del Pais Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta SanBartolome Muinoa enpresak lankidetzarako esparru hitzarmen bat egin dute, eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren bidez gauzatuko da. UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Ana Arrietak eta SanBartolome Muinoa sozietateko gerente Martin Arregik izenpetu dute hitzarmena.
Bi erakundeen arteko akordioak jarduteko bost eremu jasotzen ditu: alde batetik, UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak, SanBartolome Muinoa sozietateko langile espezializatuekin batera, Arkitektura eta Eraikuntza Zibileko arloetan hainbat prestakuntza jarduera antolatuko ditu. Bestalde, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako ikasleei praktikak eta gradu amaierako lanak aipatutako enpresako sail desberdinetan egiten lagunduko die. Halaber, bisitaldiak antolatuko dira SanBartolome Muinoa Donostian egiten ari den lanetara, ikasleek eraikuntza prozesu desberdinak hurbiletik ezagutu ditzaten. Horrez gain, unibertsitate eskolako I+G+b-ko taldeetako kideen eta aipatutako sozietateko profesionalen arteko lankidetza bultzatu nahi da. Lankidetzarako esparru honek helburu du ere UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako titulazioetako ikasle egresatuei lanean hasteko laguntza ematea. Azkenik, hitzarmenak sustapen arloa ere jasotzen du: besteak beste, SanBartolome Muinoak urteroko maketa lehiaketa bat antolatzen lagunduko du.
Argazkia: UPV/EHU