-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Miguel Ángel Vesga Carasa
Gaztea izan eta odola ematea: zer jakin behar dugu?
Transfusio eta giza ehunen Euskal Zentroaren zuzendaria
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2016/09/30
Osasun sistemak, oraindik ere, odola ematearen ideia txertatu ohi du herritarrei helarazten dizkien mezu askotan. Odola emateko prozesua oso ondo antolatuta egoten da, eta ez da inola ere inprobisatzen (odola emateko unitateetara egunero bostehun pertsona etortzea behar dugu). Haatik, batzuetan odol nahikorik gabe gelditzeko arriskua sortzen da, eta horrek dei bereziak egitera behartzen gaitu.
Gure ospitaleek ia-ia 300.000 odol osagai eta eratorri behar izaten dituzte urtean, eta horiek ezin dira beste modu batera lortu. Litekeena da datozen hamarkadetan "modu artifizialean" lortu ahal izatea osagai eta eratorrietako batzuk, baina oraingoz, behintzat, ezinezkoa da.
Gure erkidegoak odola ematearen aldeko sentiberatasuna agertu du beti, oso ondo erantzun izan baitie ohiko nahiz aparteko deialdiei. Alabaina, azkenaldian gero eta zailagoa da odola erregularki emango duen jende gehiago lortzea. Horren arrazoi nagusiak bi dira:
Hasteko eta behin, gure biztanleria gero eta zaharragoa da. Odol emaileek 65 urterekin uzten diote odola emateari, eta begi bistakoa da gure inguruan adin horretatik gorako pertsona asko eta asko daudela. Urte luzez odol emaile izan direnek fideltasun izugarria diote odola emateari, eta odol emaile horietako bat galtzen bada, urtean 3 edo 4 dohaintza galtzen dira askotan. Nabarmentzekoa da gazteak ere prest agertu ohi direla odola emateko; kasurako, urtean gutxienez 7.000 gazte sartzen dira gure erregistroetan. Halere, gazte gehiago behar dira aurreko odol emaileak ordezkatu ahal izateko.
Bigarrenik, gure bizi sistema eta eguneroko bizimodua egiteko ohiturak erritmo bizian doaz. Ez laneko ordutegiek ez laneko antolamenduak (prekaritateak) askotan ez dute biderik ematen jendea odola emateko unitateetara etor dadin. Gure herritarren inguru naturalera hurbiltzen saiatzen gara, errazago eman dezaten odola, eta, gizarte gisa, probetxua atera behar diegu horrenbeste baliabide behar duten bilketa unitate mugikor horiei. Gaur egun, Osakidetzaren Transfusioko Euskal Zentroak astean berrogeita hamar bilketatik gora antolatzen ditu erkidego osoan.
Bestalde, bigarren faktore horren barruan, globalizazioa ere elementu oso garrantzitsua da. Transfusio zerbitzua garen heinean, odol nahikoa izatea eta segurtasuna bermatzea dira gure lehentasunak. Hala, transfusioan erabiltzen ditugun osagaiek seguruak izan behar dute, eta, horretarako, emaileak hautatzeko irizpideak bete behar ditugu, laborategi probak eta odola prozesatzeko metodo erabat monitorizatuak eduki, eta azken belaunaldiko teknologia kontrastatua erabili. Ezinbestekoa da unitate mugikorretako osasun adituen jarraibideak betetzea, galdetegiari erantzutean zintzo eta arduraz jokatzea eta sor dakizkigukeen zalantza guztiak argitzea. Zorionekoak gara askatasunez mugi daitekeen gizarte batean bizi garelako, baina horrek, ordainetan, zorrotz kudeatu beharreko infekzio arriskuak hurbil izatea ere eragiten du –duela gutxiko Zika birusa, Mendebaldeko Nilokoa…–, eta arriskuok kalte egin diezaiokete transfusioen segurtasunari.
Odola ematea oso erraza da, eta pertsona askori lagun dakieke bizitzen, edo hobeto bizitzen. Horrez gain, odola ematea ona da geuretzat ere, bi arrazoi direla eta. Alde batetik, ia denok, edo gutako eta maite ditugun pertsonetako askok, tratamendu mota hori behar izango dugu bizitzako uneren batean, eta odola emateko sare sendo bat sortzea da horretarako modurik onena. Bestetik, odol emaile izanez gero, hobeto ezagutuko ditugu osasunean eragina izango duten gure bizi sistemaren alderdi garrantzitsuenak, eta ardura handiagoz jokatuko dugu gure osasuna eta ingurukoena zaintzean.
Gogoan izan: Euskadik 500 odol emaile behar ditu egunero. Osakidetzako Transfusioko Euskal Zerbitzuak segurtasun, kalitate eta konfidentzialtasun handienarekin bermatuko du odola emateko prozesua, eta lortzen diren osagaiak irabazi asmorik gabe emango dizkie gure erkidegoko erietxe guztiei. Urtero, 18 urtetik gorako 8.000 gazte baino gehiago odol emaile bihur daitezen behar dugu, odola emateko sistema publikoak iraun dezan. Izan ere, sistema horrek, gure erkidegoan bakarrik, urtero 50.000 pertsonari baino gehiagori laguntzen die osasuna eta bizitza lehengoratzen.
Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU