-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Kiroldegian, kirolean
-
‘Zinema eta Zientzia’ ziklo berria abian da
-
Teknika berri batek ozeanoen oinarri diren mikroorganismoen ezkutuko mundua ekarri du argitara
-
Ahozko historiak ikasleen enpatia eta motibazioa hobetzen ditu
Hezkuntza eleaniztuna Lehen eta Bigarren Hezkuntzan
UPV/EHUk nazioarteko adituak bildu ditu irakasleak trebatzeko
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2016/10/06
English only, please! Ingeleseko irakasle askok behin eta berriz eskatzen dute beren eskoletan euskarazko edo gaztelaniazko hitz bakar bat ere ez erabiltzeko. Are gehiago, behin eta berriz esaten diete ikasleei gainerako hizkuntzak ahaztu eta ingeles hiztunak imitatzen saiatzeko. Hizkuntza bat hitz egiteko, praktikatu egin behar da, baina, eleaniztasunari buruzko azken hezkuntza ikerketaren arabera, eleaniztasunaren gaitasuna ez dago tankan itxiriko konpartimenduetan bereizita, eta emaitza hobeak lor daitezke hizkuntza bilduma osoaren baliabideak aktibatzen dituen "ikuspegi eleaniztun" bat hartuz gero.
Ildo horretatik, Euskal Herriko Unibertsitateak goi mailako ikastaro bat antolatu du Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako irakasleak ikuspegi eleaniztun horretan trebatzeko. UPV/EHUko DREAM (Donostia Research in Education and Multilingualism) ikerketa taldeko Durk Gorter, Jasone Cenoz eta Xabier Etxague dira ikastaroaren zuzendariak. 8 orduko ikastaroa izango da, aurrez aurreko eta online eskolez osatutakoa. Ikastaroaren helburua da ikastetxeek ikuspuntu jakin bat hartzea, ikasleek beren komunikazio eta curriculum gaitasunak hobetzeko euren hizkuntza bildumako baliabide guztiak erabil ditzaten. Horretarako, irakasleak UPV/EHUko eta Mondragon Unibertsitateko ikertzaileek zein Hong Kongeko eta Estatu Batuetako prestigio handiko adituek emandako prestakuntza ari dira jasotzen.
Angel Lin Hong Kongeko Unibertsitateko katedradunak Hong Kongeko ikastetxeen egoera aztertu du; ikastetxe horiek emaitza bikainak lortzen dituzte PISA ebaluazioan, eta hiru hizkuntza erabiltzen dituzte: kantonera, mandarin txinera eta ingelesa. Igone Arteagoitia, Washingtonen bizi den bilbotarra, Center for Applied Linguistics erakundeko ikertzailea da, eta gaztelaniaz eta ingelesez emaitza bikainak izan dituen proiektu bat aurkeztu du. Hizkuntzen arteko antzekotasunak indartzea da proiektuaren oinarria. Kate Menken City University of New York unibertsitate sistemako katedradunak beste proiektu baten emaitzak aurkeztuko ditu; proiektu horretan, ingelesa sustatu nahi duten ikastetxeetan lehen hizkuntza erabiltzea onartzen eta sustatzen da.
"Nazioarteko esperientzia horiek izango dira eztabaidagai, betiere gure ikastetxeen egoera espezifikoa kontuan hartuta eta helburutzat izanda Lehen eta Bigarren Hezkuntzan euskararen, gaztelaniaren, ingelesaren eta atzerriko beste hizkuntza batzuen gaitasuna hobetzea. Sortzen ari diren ikasle eleaniztasunek euren berezko baliabideak hobeto aprobetxa ditzaten lortu nahi da. UPV/EHUk urteak daramatza ikerketa ildo hori lantzen, eta hainbat nazioarteko argitalpen, doktorego tesi eta kongresuetako hitzaldi garrantzitsu egin ditu horren harira. Ikastaro horrekin, unibertsitatearen eta ikastetxeen arteko harremana indartuko da eta, horren bitartez, hezkuntza ikerketaren emaitzak ikasgeletara eramango dira. Ikastaroa ezinbesteko laguntza izango da ikastetxeentzat eskolako eleaniztasunean aurrerapauso handi bat emateko", azpimarratu du Jasone Cenozek, Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoak Saileko katedradunak.
Argazkia: UPV/EHU