Marijose Ezeizabarrena
Haur txikiek hizkuntzaz dakitena
Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko irakasle eta KOLEGABI-ko ikertzaile nagusia
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2016/10/28
Haur bat hiztun jaio - Zerua deskribatu du prentsako titularra du izenburu Garikoitz Knörrek bikain euskaratutako Steven Pinkerren Hizkuntza sena1 liburu gogoangarriko bederatzigarren kapituluak. Korsikan, 1985ean, zeruko bizimodua zoragarria zela esanaz jaio omen zen haur bat, eta ea mundu honetara zertarako ekarria zuten galdezka. Horrelako berriek ez dute sinesgarritasunik lortu zientzialarien artean, hala dio Pinkerrek geroxeago, eta irakurlea lasaiago gelditzen da. Izan ere, irakurleak onartzen baitu jaioberrien artean aldeak daudela, baina ez batzuk negarrez edo mutu eta beste batzuk hizketan jakiterainokoak.
Haur guztiek ez dute hizketan abiada berean ikasten eta hiztegi goiztiarrari buruzko lanek hala erakusten dute: bi urte bete berriak dituzten haur euskaldunen artean batzuk 70 hitz esaten dituzte, beste batzuk 400, eta batzuen zein besteen hiztegi neurri hori normaltzat hartzen da 24 hilabetekoen artean, beranduxeago, 30 hilabeterekin, 230 hitz zein 550 izatea, biak normaltasun pertzentiletan dauden bezala. Esaldien luzerari dagokionean, berriz, 30 hilabeteko haurren artean badira 8 hitzeko esaldi luzeren bat edo beste egiteko gauza direnak, baina baita oraindik esaldi luzeena bi hitzekoa dutenak ere. Eta batzuk zein besteak hartu ohi dira garapen normalaren adibidetzat. Ikus Barreña et al. (2008) zehaztasun gehiagotarako2.
Desberdintasun handi honen berri ematearekin batera, norbanakoen artean aurkitu ohi diren antzekotasunak ere ekarri behar ditugu hizpidera, ordea.
Hizkuntza bakoitzak bere musika du: alde batetik, hots multzo jakin bat (fonoak eta fonemak) izateak eta, bestetik, hots horiek beraien artean maiztasun batekin edo bestearekin konbinatzeak sortzen dituen erritmo-patroiak osatutakoa. Gero eta ikerketa gehiagok erakusten dutenez, haurrak jaio orduko hasten dira ingurukoek erabiltzen dituzten hizkuntzen musikari erreparatzen. Aurrena, doinu-erritmoak antzematen hasten dira, eta oso hilabete gutxirekin gauza dira erritmo-patroi bereko hizkuntzak, patroi desberdina dutenetatik bereizteko. Hurrena, 6 hilabete dituztenerako, hizkuntza batzuk besteetatik bereiztea lortzen dute mota berekoen artean.
Hizkuntza-musikaren entzule soila izatetik hizkuntza-musikaren egile ere bihurtzeko bidea hasten dute berehala. Ez dute oso urrutira joan beharrik instrumentu bila, bertan baitute (ahotsaren) instrumentu zoragarria. Arnas-airearen norantzak eta indarrak, ahots-korden dardarek, eta mihi-ezpainen kokapen eta mugimenduek aldatuaz hizkuntzako hots bakoitzaren ezaugarriak lor daitezke. Aurreneko hilabeteetan nahi gabe ateratzen zaizkien hotsekin beraiek ere harritu egiten dira, afinatu gabeko instrumentuetako notekin bezala. Hurrena, zezel-hizkera-ren aroan, ikasten ari diren hizkuntzan hitz egiteko beharrezkoak dituztenak baino askoz ere hots gehiago desberdintzen dituzte. Koskortzen doazen heinean, hotsen zerrenda hori murrizten hasten da, eta egiten dituzten hotsak gero eta antz handiagoa hartzen joaten dira inguruko helduen hizkuntza-hotsekin. Urte batzuk behar izaten dituzte instrumentua erabat helduek bezala afinatua izateko.
Hotsen ondoren, hots kateak osatzea dator hurrena, urtebetearen inguruan lehenengo hitzak agertu bitartean. Hemezortzi bat hilabete dituztenean, hiztegi- leherketa izaten da, egun batetik bestera haurrek hitz berri mordoska ikasten dutela erakusten duten garai deigarria.
Handik aurrera, hurrengo egitekoa, hitzak binaka, hurrena hirunaka… josiaz esaldi gero eta luzeagoak eraikitzen hastea izaten dute, hizkuntzaren morfologiako eta sintaxiko arauen maisutza poliki-poliki bereganatzen doazela erakusten diguten bitartean. Konturatzerako, lau edo bost urteko hiztun berritsu bat gehiago dugu komunitatean, besteek esandakoak errepikatu ez ezik, esaldi konplexu berriak entzun eta ulertzeko gauza ere dena, eta, are gehiago, aurretik beste inori entzun ez dizkion esaldiak osatzeko gai dena. Adin horretako haurren zenbait ateraldik ustekabean harrapatzen gaituzte askotan.
Baina hizkuntza bereganatzearen bidea ez da amaitu. Bost urterekin haur askok ez dituzte oraindik helduek bezala interpretatzen zenbait hizkuntza unitate, hizketan erabiltzen badituzte ere. Zenbatzaile batzuk, adibidez. Zenbatzaileak, zenbaki izan gabe kopurua adierazten duten hitzak dira, eta haien artean ditugu batzuk, guztiak, bat ere ez eta gehienak. Joan den abuztuan PNAS izeneko aldizkari ospetsuan argitaratutako ikerketa baten arabera, bost urteko haurrek guztiak eta bat ere ez zenbatzaileak helduek bezala interpretatzen dituzte, ez, ordea, batzuk edo gehienak. Gehienak ez da hizketan oso maiz erabiltzen dugun hitza, eta ez da harritzekoa adin horretako haurrek helduek bezala ez interpretatzea. Ezin esan daiteke gauza bera, ordea, batzuk-ekin. Ikerketaren oinarri izan den esperimentuan parte hartzen zutenek panpina batek esandako esaldi batzuk entzuten zituzten irudi batzuk ikusi ondoren. Irudi guztietan bost gauza agertzen ziren (bost sagar edo bost liburu) eta bost kutxa. Irudietan bost gauzetatik bat edo gehiago ager zitezkeen kutxetan eta parte-hartzaileek panpinak irudi bakoitzean esandakoa ondo/gaizki zegoen adierazi behar zuten. Bost urteko haurrek helduen antzera erantzun zuten, alegia, erloju guztiak kutxetan daude ondo zegoela esaten zuten, irudian bost erlojuetatik bostak kutxetan agertzen zirenetan, eta gaizki esanda zegoela, berriz, kutxetan zero, bi edo hiru erloju agertzen zirenetan. Gauza bera erloju bat ere ez dago kutxetan bezalako esaldiekin ere, kutxetan erlojuetako bi edo bost zeudenetan, gaizki zegoela esaten zuten eta. Gainerako zenbatzaileetan, ordea, aldeak aurkitu ziren. Helduengan gertatzen ez zen bezala, haur askok ontzat ematen zuten erloju batzuk daude kutxetan esatea bost objektuak kutxetan zeudenetan.
Cambridgeko Unibertsitateko Napoleon Katsos ikertzaileak koordinatutako ikertaldeak 31 hizkuntzetako haurren eta heldu batzuen datuak aztertu ditu aipatutako ikerketan eta hor sortzen da ikerketaren bigarren emaitza harrigarria: antzeko hizkuntzak izan ala ez, familia linguistiko berekoak izan ala ez (11 familiatakoak aztertu dira), zenbatzaile berak dira (guztiak eta bat ere ez) haurrek lehen ikasi dituztenak ikertutako hizkuntza guztietan.
Aurkikuntza honek hizkuntza unibertsaltasunaren ikuspegi berria azalarazten du, berriro ere, hizkuntzen arteko desberdintasun formaletik haratago, hizkuntzak bereganatzeko prozesuan aurkitzen diren jabekuntza mailako (urrats) unibertsalak ere badirela erakusten baitu, eta ondorio bezala, hizkuntza guztietan erabilgarriak izan daitezkeen hizkuntza garapena neurtzeko materialak diseinatzeko bidea abiarazten du.
1 Pinker, S. (2010) Hizkuntza sena. ZIO bilduma. Leioa: UPV/EHUko Argitalpen zerbitzua.
2 Barreña, A. et al. (2008). MacArthur-Bates komunikazio garapena neurtzeko zerrenda euskarara egokitua. Erabiltzaileentzako gida eta eskuliburu teknikoa. Bilbao: Udako Euskal Unibertsitatea.
Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU.