XVI Donostiako Orfeoia-UPV/EHU Sariaren banaketa
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2017/03/14
Juan Jose Mena zuzendariari eta Mario Lerena ikertzaileari eman diete aurtengo XVI. Donostiako Orfeoia – UPV/EHU Saria, musikaren sorkuntzan izandako lan ibilbidea nabarmentzeko eta musikaren inguruko ikerkuntza sustatzeko.
Juan Jose Menari eman diote sari nagusia, musikaren munduan egin duen lanagatik eta ibilbide nabarmenagatik, eta musika ikerketaren saria, berriz, Mario Lerena Gutiérrezi eman diote, ‘La música teatral de Pablo Sorozabal Mariezcurrena (1897-1988): Ensayo de análisis' doktorego tesiagatik.
Sariak UPV/EHUko Ignacio Maria Barriola Zentroko entzunaretoan, Donostian, banatu ziren eta Campuseko errektoreorde Agustín Erkizia zein Donostiako Orfeoiko presidente José María Echarri ekitaldiaren buru izan ziren. Ekitaldia bukatzean, Donostiako Orfeoiak emanaldi ireki bat jo zuen.
Juanjo Mena
Juanjo Mena (Vitoria-Gasteiz, 1965) musika klasikoaren nazioarteko zirkuituan ospe handiena duten zuzendari espainiarretako bat da. Gaur egun, BBC Philharmonic orkestraren zuzendari titularra da, eta Cincinnati May Festibal jaialdiaren zuzendari nagusia. Aurretik, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular eta artistikoa izandakoa da, eta Bergen Filharmoniske Orkester-eko eta Genovako Carlo Felice Teatroko zuzendari gonbidatu nagusia.
Iaz, Musikaren Sari Nazionala irabazi zuen interpretazioaren modalitatean, "hamar urte hauetan mundu osoko agertoki nagusietan eta orkestra ospetsuenak zuzentzen egindako ibilbide profesionalagatik, batetik, eta Manchesterko BBCren Orkestra Filarmonikoko zuzendari titular gisa egindako lanagatik, bestetik". Epaimahaiak, gainera, agerian jarri zuen "Espainiako musika klasiko eta garaikidea kontzertu aretoen eta grabazio estudioen bidez zabaltzeko daukan konpromisoa".
Izen handiko taldeak zuzendu ditu: besteak beste, Berlingo Filarmonikoa, Rotterdamgo Filarmonikoa, Oslo Filharmonien, Orchestre National de France, Orchestra Filarmónica della Scala, Milan, Münchner Rundfunk Orchester, Dresdner Philharmonie, Dresdner Philharmonie, Royal Stockholm Philharmonic eta Danish National Symphony Orchestra, baita Espainiako orkestra nagusiak ere.
Halaber, Estatu Batuetako orkestra garrantzitsuenak zuzendu ditu: Chicagoko, Bostongo, Baltimoreko, Houstongo, Cincinnatiko eta Pittsburgheko sinfonikoak, New York Philharmonic eta Los Angeles Philharmonic, Cleveland eta Philadelphia Orchestra, beste hainbaten artean.
Operako zuzendari gisa, errepertorio erromantikoko antzezlan nagusiak zuzendu ditu: Der fliegende Holländer, Salome, Elektra, Ariadne auf Naxos, Duke Bluebeard eta Erwartung, eta Eugene Onegin Genovan, La vida breve Madrilen, Le nozze di Figaro Lausannen eta Billy Budd Bilbon.
Duela gutxi, gainera, konpromisoa hartu du Suediako Irratiko Orkestra Sinfonikoa, Japoniako NHK Orkestra Sinfonikoa eta Washingtongo National Symphony Orchestra zuzentzeko eta Boston Symphony, Orchestre Symphonique de Montréal eta London Philharmonic Orchestra taldeen denboraldietara itzultzeko.
BBC Philharmonic orkestrarekin biran ibili da Alemanian, Austrian, Txinan, Hego Korean, Hungarian, Kroazian, Eslovenian eta Espainian, eta Londresko BBC Prom ospetsuetan parte hartu ohi du.
Orain, BBC Philharmonic taldearekin grabaketak egiten ari da Chandos zigilu diskografikorako. Enpresa espezializatuak kritika onak egin dizkie Alberto Ginastera, Isaac Albéniz, Manuel de Falla, Gabriel Pierné, Xabier Montsalvatge, C.M. von Weber eta Joaquín Turinari omenaldi gisa eginiko disko argitaratuei.
Sustraiak
Nazioarteko orkestrak zuzentzen hasi aurretik, Mena Euskal Herrian ibili zen, herri folklorea eta koroak lantzen. 1997an, Eusko Jaurlaritzak EGO Euskal Herriko Gazte Orkestra osatzeko agindu zion, eta, ondoren, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari elkartu bihurtu zen. 1999tik 2008ra, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari artistiko eta nagusi izan zen.
Orfeoia talde horrekin jarri zen haren agindupean aurrenekoz, 1996ko Musika Hamabostaldiaren barruan Zestoako Foruen Plazan aire zabalean eginiko kontzertu batean. Polifonia, zarzuela eta opera zatien kontzertuan lehen lerroko bi bakarlari aritu ziren: Carlos Álvarez eta María Bayo. Urte hartan bertan, Menak EOSeko musikariak eta orfeoilariak gidatu zituen Francisco Escuderoren Illeta oratorioaren bidez, Zarauzko Kiroldegian. Handik hamar urtera, berriro batu zituen Bilboko Sinfonikoa eta Orfeoia, Mozarten Requiem eta Arriagaren Stabat Mater zuzentzeko hiru agertokitan: Salamancako Arte Eszenikoen eta Musikaren Zentroan, Entzunareto Nazionalean eta Santanderko Jaialdien Jauregian.
Menak ez du ahaztuko ez nondik datorren ez nola barneratu zen musikaren munduan musikaririk ez zegoen familia baten barruan. Samaniegoko eskolan hasi zen musikara hurbiltzen, eskolaz kanpoko jarduera gisa musika eskolak jasoz Antxon Lete irakasle erabakigarriaren eskutik. Han, Menak eta haren anaia Carlos Mena kontratenorrak euren bokazioari bide eman ahal izan zioten, ikastetxeko eskolanian abestuz. Ez ditu ahaztekoak bere irakasle Carmelo Bernaola, Enrique García Asensio eta Sergiu Celibidache ere.
Mario Lerena
Mario Lerena Gutiérrez (Getxo, 1981), pianista eta musikologoa, Bilboko J.C. Arriaga Kontserbatorioko pianoko eta ganbera musikako goi mailako irakaslea, Musikaren Historian eta Zientzietan lizentziatu zen Errioxako Unibertsitatean, cum laude doktorea izan zen, eta UPV/EHUren Doktorego Sari Berezia lortu zuen 2016an.
Argitalpenak eta biltzar akademikoak egiten ditu Göttingeneko Unibertsitatean (Alemania), Centro Studi Opera Omnia Luigi Boccherini zentroan (Italia), Eusko Ikaskuntzan, Espainiako Musikologia Elkartean, Musika Zientzien Konplutentse Institutuan, Oviedoko Unibertsitatean, Valentziako Unibertsitatean eta Jacinto e Inocencio Guerrero Fundazioan. Halaber, dibulgazio lanak egin ditu ABAO/OLBErako, Donostiako Musika Hamabostaldirako eta Zarzuelako Antzokirako.
Pianista gisa, estatuko zenbait erakunderekin lan egin du: Bilboko Arriaga Antzokiarekin, Santanderko Nazioarteko Jaialdiarekin, Bizkaiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Tolosako Hodeiertz Abesbatzarekin, besteak beste. 2006an, Helsinkiko Unibertsitateak musikako berezitasun nazionalei buruzko kontzertu eta hitzaldien ziklora gonbidatu zuen. 1999an, Parisko UFAM Nazioarteko Musika Lehiaketako epaimahaiak lehen saria eman zion aho batez.
2011z geroztik, eskolak ematen ditu Barakaldoko Udal Musika Kontserbatorio Profesionalean.
Haren doktorego tesi saritua Pablo Sorozabal konpositore donostiarrari buruzko lehen monografia da, 1986an argitaraturiko bere memoriak alde batera utzita. Herritarren artean izugarri zabaldutako errepertorioa beste ikuspegi batetik eta kritikoki aztertu du, itzal handiko musikarietako baten bidez. Ikergai ditu autore horren lan ibilbidea eta konposatzeko teknikak, haren zenbait lan ezagun abiapuntu hartuta: Katiuska (oinetako mota bat izendatzera iritsi zen), Marcelino, pan y vino eta Maite zortzikoa, esaterako.
Azterlanak azaltzen du konpositoreak aintzat hartu zituela tokiko tradizioak (besteak beste Azkue eta Donostia folkloristen lanaren bidez jasotakoak, baina baita familiako sustraiak eta Donostiako kaleekin umetan izan zuen harreman estua ere), eta bere egin zuela bere sasoiko modernotasun kosmopolita (jazza eta gerra arteko germaniar abangoardia).
Gainera, analisirako metodologia original bat erabili du: semiotika musikalaren baliabideak egokituz, testuinguru teatral eta literario jakin batzuei lotutako musikaren espezifikotasun espresiboaren berri ematen du. Metodologia berritzaile hori etorkizunean antzeko beste errepertorio batzuk ikertzeko erabil daiteke, musika beste adierazpide batzuekin uztartzeko.
