UPV/EHUko 600 ikasle Miramar Jauregian izango dira inaugurazio astean
• Ikasleek eta irakasleek aktiboki parte hartuko dute bienalean, erakusketak eginez, espazioak eraikiz, hitzaldiak emanez eta tailerretan parte hartuz
Lehenengo argitaratze data: 2017/10/25
Etorkizuneko arkitektoek eginkizun garrantzitsua izango dute MUGAK Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienalean. UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasleak bienaleko egoitza nagusian egongo dira, hau da, Miramar Jauregian, ekitaldiaren inaugurazio astean (azaroaren 6tik 10era), eta ekitaldiko jardueretan aktiboki parte hartuko dute, hasi eta amaierara arte, hots, 2018ko urtarrilaren 31ra arte.
MUGAk nazioarteko lehenengo arkitektura bienala da arkitekturako ikasleei herritar guztientzako ekitaldi honen maila guztietan parte hartzen uzten diena. Hala, ikasleek askotariko eginkizunak izango dituzte: erakusketak sortuko dituzte, hizlari izango dira, bienaleko espazioak eraikiko dituzte, tailerretan esku hartuko dute eta herritarrak erakusketa batean gidatuko dituzte. Bienaleko 115 jardueretatik 20 inguru UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak sustatu ditu, eta bertako irakasleek ere zeregin garrantzitsua izango dute hitzaldietan eta erakusketetan.
5. mailako 60 ikaslek Gipuzkoa Brut erakusketa sortu dute, probintziako eraikin brutalistei balioa emateko (Koldo Mitxelena, azaroaren 8tik abenduaren 9ra). Brutalismoa 50eko, 60ko eta 70ko hamarkaden artean gora egin zuen mugimendu arkitektonikoa izan zen, eta ageriko hormigoizko egitura handiak erabiltzea zuen ezaugarri nagusi.
Hirugarren mailako ikasleak hizlari izango dira Etxeak zahartzen ari den gizarte batean jardunaldietan, eta etxebizitza eta zahartzaroarekin lotutako arkitektura proiektuak aurkeztuko dituzte (Miramar Jauregian, azaroaren 10ean, 11:15ean). Bestalde, ikasle ohi batzuk, hala nola Guillermo Sánchez Arsuaga (Stockholmetik etorriko da), hizlari arituko dira inaugurazio asteko foro nagusietan.
Gainera, ikasle batzuek bisita gidatuak egingo dituzte RCR. Sormen partekatua erakusketara. Erakusketa hori bienaleko garrantzitsuena izango da; izan ere, Pritzker Sariaren, hau da, Arkitekturako ‘Nobelaren' aurtengo irabazleena da. Horrez gain, Miramar Jauregiko sarbideak eraldatuko dituen egurrezko egitura bat eraikitzen parte hartuko dute Habic-eko enpresekin batera (Ekipamenduaren, Egurraren eta Diseinuaren sektoreko klusterra). Obra hori Lanbide Heziketako ikasleekin batera egingo da.
UPV/EHUko 600 ikasleez gain, Kunsthal Goi Mailako Diseinu Zentroko eta Montpellierko, Bordeleko eta Reusko arkitektura eskoletako ikasleak ere izango dira Miramar Jauregian. Denera, 700 ikasle egongo dira hiri guztiarentzat irekita egongo den bienalean.
UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak MUGAKen izango duen partaidetza:
- Erakusketak: Iñiguez & Ustarroz: bizitza eta bizibide kasik paraleloak, Gipuzkoa Brut, Ondare Fabrika erakusketen antolatzailea eta envejezANDO erakusketaren kolaboratzailea.
- Kongresuak: Eraikuntzaren Historiaren X. Kongresua, FAB LAB, Zientzia eta erbestea-Akitektura eta erbestea.
- Hitzaldiak: Antonio Cruz (gaitasun masterraren inaugurazioa), Giorgio Grassi, Luca Ortelli (Anonymity and cult of personality: Thearchitecture of KayFisker), Gabriel Ruiz Cabrero (La Mezquita-Catedral de Córdoba: La experiencia de su restauración), Olivier Brochet, Begoña Yuguero, Ramírez i Carrillo, Jean PhilippeGarric (Charles Percier et Pierre Fontaine: L'histoire et les oeuvresd'uneassociationexemplaire).
- Tailerrak: Transvisible (Kunsthal Goi Mailako Diseinu Zentroarekin batera) Habiter la métropole.
- Mahai inguruak: Iñiguez eta Ustarroz.
