euskaraespañol

Redes sociales campusa

Akademe: lidergorako programa aitzindaria

45 emakume akademikok prestakuntza-esperientzia honetan hartzen dute parte goi mailako karguetara heldu eta haietan garatzeko

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/04

Aste honetan hasi da Akademe programa. Unibertsitateko hiru campusetako 45 emakume akademiko bildu ditu, auto-lidergoa eta lidergo gaitasunak garatu nahi dituztenak. Berdintasunerako zuzendaritzak eta Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak antolatu dute programa aitzindari hori.

Asteartean, martxoak 1, UPV/EHUko Leioako Bibliotekan, Akademe, esperientzia aurrendaria hasi da; non kudeaketa, irakaskuntza eta ikerkuntza arloetan zuzendaritzarako ahalmenak garatu nahi dituzten emakumeek parte hartzen duten. Zentzu horretan, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuaren zuzendariak, Idoia Fernándezen esanetan, "programa jaio da beharrezko baldintzak sortzeko emakume akademikoek lidergo funtzioak eta erantzukizun karguak har ditzaten". Ekainera arte bost saio egingo dira. Guztira 42 orduko aurrez aurreko prestakuntza eta 10 orduko online lana izango da. Gainera, Akademe programak jarraitzeko bokazioa du. Teresa Nuñok, Berdintasunerako zuzendariak, adierazi duenez, "programak laguntzeko sareak ere sortu nahi ditu, UPV/EHUko emakume akademikoen artean kezka, eskarmentua, arrakasta eta zailtasunak partekatzeko".

Lehenengo lan-saioan, Itziar Alkorta, Esther Domínguez eta María Teresa Bizkarra akademikoek beren esperientziak kontatu dituzte. Hirurek ibilbide luzea egin dute lidergo rolak garatzen. Itziar Alkortak, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea izan denak, emakumeei adorea eman die "inhibizioak gailentzeko, lidergoa lantzeko eta kudeatzeko". Esther Domínguezek, Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoak, aholkatu ditu "lan eta ausardia handia" kristalezko sabaiak apurtzeko. "Erronka guztiak har daitezke", baieztatu du. Eta, bere aldetik, Maria Teresa Bizkarrak, gaurko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko zuzendari ohiak, hau uste du: "lidergoa garatzeko gakoak lan-taldea eta amets egiteko gaitasuna dira; hau da, ezinezkoa litekeena dela pentsatzea".

Akademe programan, lidergorako hezkuntzan aditu Maru Sarasolak ere egiten du lan. Soziologo horrek iradokitzen duenez, "edonor lidergoa ikastera ausartu ahal da. Egitea, okertzea eta berriro egitea da giltza: sinplea da, baina ez erraza".
Programaren lehenengo egunean, 4eMe taldeak interbentzio artistikoa eta sortzailea egin du Leioako Bibliotekan. Idoia Vidaror, Amaia Astegi, Lorena Relloso eta Raquel Ruiz taldekideek irudikatu dituzte emakumeek ematen dituzten urratsak bere lana eta lorpenak aintzat hartuak izateko.

 

Argazkiak eta bideoa: Laura López. UPV/EHU