euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Neurri errazak proposatu dituzte industriak ez dezan itsasora plastikozko granulurik isuri

EHUko Materialak + Teknologiak Taldeko ikertzaile batzuek bi parametro identifikatu dituzte material-galerak kontrolatzeko eta ihesak saihestuko lituzketen lurpeko tangak eraikitzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2026/03/12

Amaia Mendoza, Industria Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Zibileko graduetako eta  Azpiegitura eta Eraikuntza Jasangarrien Ingeniaritzako masterreko irakaslea
Amaia Mendoza irakasle eta ikerlaria Donostiako Ondarreta hondartzan | Argazkia: Jorge Navarro. EHU

Donostiako eta Orioko hondartzetan plastikozko granulu txikiak aurkitu izanak gutxi aztertu den kutsadura-bide batez ohartarazi gaituzte: mikroplastiko industrialek ihes egiten dute, eta itsasora iristen dira euri-uren sareen bidez. EHUko Materialak + Teknologiak Taldeko ikertzaileek ihes horiek garaiz detektatzea ahalbidetuko luketen bi kontrol-parametro identifikatu dituzte, eta isurketen araudian erraz txerta daitezkeen euste-neurri batzuk proposatu dituzte.

Urtero 1,7 milioi tona plastiko iristen dira itsas inguruneetara hondakin moduan. Haien degradazio naturala motela denez, plastikoak itsaso eta ozeanoetan metatzen joaten dira, eta ez dakigu metatze-erritmo horrek zer ondorio izango dituen epe luzera. Mikroplastikoak (5 mm-tik beherakoak) kezka handia sortzen ari dira, edonon aurkitu daitezkeelako eta elikadura-katean sartzeko gai direlako. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Materialak + Teknologiak Taldeak (GMT) arreta jarri die jatorri industrialeko mikroplastikoei.

ItsasMikro proiektuaren esparruan (Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak finantzatua), taldeak bi urtez egiaztatu izan du plastikozko pellet ugari daudela Donostiako eta Orioko hondartzetan. Plastikozko partikula txiki batzuk dira, 2 edo 3 mm inguruko granulu-tamainakoak, plastikozko produktuak fabrikatzeko erabiliak, baina “ihes, jario edo industria-isurketen ondorioz, itsasora irits daitezke euri-uren hustubideen bidez”, adierazi du taldeko kide Amaia Mendoza doktore, ikertzaile eta irakasleak. Arazoa instalazioetako zoladura garbitzen duen euri-uraren emarian dago, hor gertatzen baita galera horien zati handi bat”.

“Orain arte, batez ere mikroplastikoen itsas jatorria aztertu da (arrantza-sareetatik, gaizki kudeatutako plastikozko objektu handiagoen zatiketatik, eta abarretatik datozenak); gainera, gaur egun, gero eta gehiago hitz egiten da nekazaritzatik datozen mikroplastikoez. Hala ere, industriek mikroplastiko-kutsadurari egiten dioten ekarpenari buruzko ezjakintasun nabarmena dago; adibidez, lehengai gisa erabiltzen direnetatik edo eraikuntzan isolamendu termiko gisa erabiltzen direnetatik eratorritakoen inguruan”, azaldu du Mendozak.

Lehen alarma-seinalea

Uraren kalitatea kontrolatzen duten agentziek euri-uren isurketak kontrolatzeko erabiltzen dituzten parametro estandar guztien artean, bi identifikatu ditu GMT taldeak: “Solido esekiak eta solido eseki lurrunkorrak lehen alarma-seinalea izan daitezke, pelletek edo beste edozein motatako mikroplastiko industrialek (ehun-zuntzak, mikroesferak eta abar) ihes egiten dutenean”.

Europako Batzordeak pelletek eragindako kutsadura-mota hori kontrolatzeko lehen erregelamendu bat onartu du berriki (2025eko azaroa), zeinak kontuan hartzen baititu plastikozko pelleten manipulazioa eta garraioa eta behartzen baititu plastikoa manipulatzen duten enpresa handiak material-mota horri eusteko neurriak hartzera. Hala ere, Mendoza ikertzaileak adierazi duenez, “lehen urrats garrantzitsua bada ere, ez doa harago. Gaur egun, ez dago nazioartean onartutako analisi-parametro estandarizatu ofizialik. Gainera, ez ditu industriatik datozen bestelako mikroplastikoak barne hartzen”.

Beraz, EHUko taldeak identifikatutako bi parametroak erraz sar daitezke plastikoaren industriako isurketa-baimenetan. “Lehen urrats gisa, parametro horien analisiak euri-uretako erreferentzia-mailak baino balio handiagoak emango balitu, bigarren instantzian egiaztatu beharko litzateke benetan pelletak dauden ala ez”, azaldu du. Plastikoaren industriako euri-uren sareetan isurketak kontrolatzen diren puntuetan parametro horiek zaintzea “estrategia tekniko eta ekonomiko onuragarria da granulu-isuriak prebenitzeko, eta onuragarria da, halaber, ingurumenarentzat”, erantsi du.

Euste-neurriak

EHUko Materialak + Teknologiak Taldeak zenbait neurri proposatu ditu mota horretako ihesak geldiarazteko, eta horien artean lurpeko biltegiak erabiltzea nabarmentzen da: “Instalazio batzuetan hidrokarburo-ihesei eusteko eta bereizteko lurpeko biltegiak erabiltzen diren bezala, mikroplastikoak isur ditzaketen industriek ere lurpeko tanga egokituak erabil ditzakete, isuritako mikroplastikoak flotazio bidez bereizi ahal izateko”.

Mendozak dio arazo handi bat geldiarazteko “neurri eta tresna ukigarriak” direla: “Isurketei buruzko araudian dagoeneko erabiltzen diren neurriak eta tresnak dira. Oso erraz eta merke sar daitezke mikroplastikoak bota ditzaketen industrietan. Baina kontuan hartu beharko lirateke industria-mota horretan isurketa-baimena emateko unean”. Gainera, GMTko ikertzaileak adierazi duenez, “hori bera beste mikroplastiko industrial batzuetara ere zabaldu daiteke, hala nola zuntz sintetikoak erabiltzen dituzten ehungintza-enpresek isuritakoetara edo kosmetika-industrietan erabiltzen diren mikroesferetara”, eta itsas ingurunea inbaditzen duten mikroplastikoen jatorri industriala ikertzen jarraitzeko beharra ere azpimarratu du.

Informazio osagarria

Ikerketa hau GMT taldeko (Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Materialak eta Teknologiak Taldea) Amaia Mendoza Larrañagak eta Cristina Peña Rodríguezek, eta Gipuzkoako Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Ander García Nobliak egin dute. Ikerketak Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren finantzaketa izan du, eta URAren (Uraren Euskal Agentzia), Aztiren eta Agrupa laborategien laguntza.

Amaia Mendoza irakasle da Industria Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Zibileko graduetan eta Azpiegitura eta Eraikuntza Jasangarrien Ingeniaritzako masterrean.

Erreferentzia bibliografikoa