euskaraespañol

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

Pablo Maravi Martinez buru da Valentziako GOIDIak kaltetutako etxeko bideoen digitalizazioan

EHUko irakasle eta AKMEKA ikertaldeko kideak familiaren irudiak eta bizitzako oroitzapenak berreskuratzen dihardu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/07/17

Pablo Maravi Valentzian egongo da ostiralera arte GOIDIak kaltetutako etxeko bideoen digitalizazioan laguntzen | Argazkia: EHU

Pablo Maravi Martínezek, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) AKMEKA ikertaldeko kideak, bat egin du "¡No las tires!" [Ez bota irudiak] ekimen solidarioarekin, iragan den udazkenean Valentziako Erkidegoa astindu zuen GOIDI suntsitzaileak kaltetutako etxeko zinema eta bideoa berreskuratzea helburu duelarik. Eginkizun honetan, zeregin garrantzitsua du Arte Ederren Fakultateko irakasleak.

Azarotik abian da "¡No las tires!" ekimena, Etxeko Zinemaren Sareak sustatu eta Valentziako Filmategia, Valentziako Unibertsitate Politeknikoa (UPV) eta UNESCO Forum Katedra lagun dituena, eta nekaezin aritu da lanean uholdeek kaltetutako familien memoria kolektibo eta ikus-entzunezkoen zati bat berreskuratuko bada, Valentziako 70 udalerri baino gehiagotan.

Maravi uztailaren 19ra arte arituko da lanean Torrenteko L 'Horta Eskualdeko Museoan. Irakasleak Video 8, MiniDV eta Betamax gailu batzuk baliatzen ditu. Bere eginkizun nagusia berreskuratutako etxeko bideoak digitalizatzea izango da, hartara, ziurtatuko delarik familia irudi baliotsuak eta oroitzapen pertsonalak babestuko direla.

"Bideoak eta etxeko zinemak gaitasuna dute une zoriontsuak edo esanguratsuak modu berezian irudikatzeko, hala nola urtebetetzeak, oporrak edo jaiak. Orain arte, Valentziako familia fallazale baten ikus-entzunezko oroitzapenak digitalizatu ditugu. Uste dugu hori izango dela ekimenaren ildo nagusia, eta uste dugu oso garrantzitsua dela errealitate hori berreskuratzea", azaldu du Pablo Maravi Martinez EHUren Arte Ederren Fakultateko irakasle eta ikertzaileak.

Ezinbesteko erreskatea oroimen kolektiborako

Arlo teknikotik harago, proiektu honen osagai emozionala da ezinbestekoa irakaslearen aburuz. "Hura bezalako egoera tragikoetan, materialok berebiziko balio sinbolikoa hartzen dute. Baliteke 30 urtez ganbara batean galduta eta ahaztuta egon izana, baina orain esangura handia izan dezakete ", ohartarazi du Maravik. "Goi-geruzetako depresio isolatuaren eraginez (GOIDI), ia dena galdu duen familia bati —etxebizitza, ibilgailua, ondasun materialak — bere memoria ez-materialaren zati bat berreskuratzeko aukera emateak ez dirudi asko denik; hala ere, uste dugu, horrelako egoeretan, balio kalkulaezina izan daitekeela."

Udazkeneko GOIDIak uholde suntsitzailea, eragin zituen Valentziako Erkidegoan, eta kalte materialak ez ezik, oroitzapenen gainetik ere pasa zen, berorien galera berreskuraezin bihurtzeraino. "¡No las tires!" ekimena galera horri aurre egiteko sortu zen, etxeko bideoak grabazioak baino gehiago direla ulertuta; familien memoria afektibo eta kulturalaren gauzatzea direlakoan. EHUko taldea orain egiten ari den digitalizazio lana funtsezkoa da estanpa familiarrak eta une errepikaezin horiek betiko gal ez daitezen, ondare pertsonalaren eta kolektiboaren funtsezko atal bat zaharberrituz.

VideoFlux proiektua

AKMEKA ikertaldea buru duen VideoFlux proiektuaren ardatza da bideo fitxategi analogikoak aztertzea, kontserbatzea eta berreskuratzea. Orain arte, zeregin nagusia izan du euskal artistek egindako bideo sorkuntzak digitalizatzea eta testuinguruan jartzea, horietako asko ahaztuta edo eskuraezin izan baitira jatorrizko euskarriak hondatu direlako. Ekimen honen bidez, garrantzi kultural handiko ikus-entzunezko ondarea balioestea lortu da, Euskal Herriko arte esperimentalaren historia hurbilaren parte diren lanak ikusaraziz.

Testuinguru berri horretan, VideoFlux proiektuak zabaldu egin du ekintza eremua, Valentziako Erkidegoak astindu zuen GOIDIak kaltetutako etxeko bideoak berreskuratzen laguntzen baitu. Material horiek eremu artistikokoak eta instituzionalekoak ez diren arren, proiektuaren ibilbidean jorratutako erronka teknikoen oso antzekoak planteatzen dituzte: euskarri hauskor eta zaharkituen tratamendua, eskuzko garbiketaren beharra eta ekipo espezifikoen bidezko digitalizazioa, eta balio sinboliko handiko edukien interpretazio ardurazkoa.

Esku hartze honi esker, esparru artistikoan garatutako esperientzia eta metodologiak aplika daitezke artxibo intimo eta familiar batean. Berreskuratutako bideoak estetika amateurraren edo ez-profesionalaren arlokoak badira ere, garrantzi handiko memoria sozial eta emozionala dute. Honetara, VideoFluxek bere misioa indartzen du: obra artistikoak ez ezik, kultur sare kolektiboa eraikitzen duten irudiak ere zaintzea, pribatuak izan arren.

"Etxeko zineak eta bideoek oso gai eta estetika zehatzak jorratzen dituzte: normalean familia baten une zoriontsuak edo esanguratsuak irudikatzen ditu (oporrak, urtebetetzeak, jaunartzeak, jaiak, etab.) modu amateurrean edo ez-profesionalean (nork daki honek zer esan nahi duen)", hausnartu du.