Markel Rubio eta Joane Milla, Bilboko Hezkuntza Fakultateko Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleak saharar errefuxiatuen kanpalekuetatik etorri berri dira, Auserd wilayako (probintziako) Bir Gandus dairako (udalerriko) eskolan euren practicuma egiten 3 astez egon ondoren. Horrelakorik egin duten lehenak izan dira.
Practicuma, Saharar errefuxiatuen kanpalekuetan
Bilboko Hezkuntza Fakultateko bi ikaslek esperientzia aitzindaria izan dute, hiru astez hango eskola batean praktikaldia egiten
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2025/12/16
Bidaia horren hazia iaz erein zen. Urtza Garay, Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanoa zela, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara bisita egin eta zenbait hitzarmen lotu zituen, ikasleek bertako Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan praktikak egin ditzaten. Epe laburreko praktikaldia da, 3 aste, baldintzak gogorrak baitira, baina, Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekano Joserra Díezek azpimarratzen duenez, “aukera ezin hobea da gure ikasleak trebatzeko, baina ez soilik ikuspegi akademikoan, baizik eta beste hainbat alorretan ere: humanistikoa, historikoa, kulturala eta herri zapalduekiko elkartasuna”. Ikasleen praktikaldiaren bigarren astean, haiekin bildu ziren dekanoa eta Unai Ortega, Kalitate, Ekintza Ekosozial eta Ikerketarako dekanordea, Yaalah Ondarrua elkartearen charter hegaldia baliatuz. Haiekin mintzatu gara esperientzia hunkigarri horretaz.
Familia baten etxean egon dira bi ikasleak eta bi irakasleak. “Lehenengo egunetik euren ateak eta bihotzak zabaldu dizkigute. Gure gizartean ez gaude ohituta gure ateak horrela zabaltzen, jatorduak, espazioak... konpartitzen. Gutxi dute, baina duten guztia ematen dizute errespetu eta maitasunez. Umiltasun "bainu" honek markatu egin gaitu lehenengo unetik”, azaldu du dekanoak.
Zergatik eta zertarako joan zarete hara?
Joserra Diez: Hona etorri gara egoera bertatik bertara ezagutzeko eta Haur Hezkuntzako zein Gizarte Hezkuntzako ikasleentzat praktikaldietarako hitzarmenak sinatzeko. Bide batez, material zehatzaren beharrizanak aztertu ditugu eta kolaboraziorako bestelako aukerak. Esate baterako, Tifaritiko Unibertsitatea bisitatu dugu eta EHUk prestatutako hitzarmen markoari bultzada bat eman diogu hango errektorearekin batera. Era berean, Hezkuntza eta Erizaintza Fakultateak bisitatu ditugu, baita haurtzaindegiak eta Bigarren Hezkuntzako zentroak ere. Hona etorri gara egoera bertatik bertara ezagutzeko eta Haur Hezkuntzako zein Gizarte Hezkuntzako ikasleentzat praktikaldietarako hitzarmenak sinatzeko. Bide batez, material zehatzaren beharrizanak aztertu ditugu eta kolaboraziorako bestelako aukerak. Esate baterako, Tifaritiko Unibertsitatea bisitatu dugu eta EHUk prestatutako hitzarmen markoari bultzada bat eman diogu hango errektorearekin batera. Era berean Hezkuntza eta Erizaintza Fakultateak bisitatu ditugu, eta baita haurtzaindegiak eta Bigarren Hezkuntzako zentroak ere.
Kontuan hartu behar da herri honek azpiegiturarik gabeko bazter idor honetan ez duela jarduera ekonomikorik, ezta inbertsioak egiteko ahalmenik ere. Bisitatu ditugun ikastetxeak emakumeek adobez eta eskuz eginikoak dira edo bestela kanpoko erakunderen batek emandako baliabide ekonomiko eta materialaren bitartez eraiki dira. Hortaz, askotarikoak dira beharrak: irakasleen etengabeko formakuntzatik hasita, altzariak, kopisteria edota digitalizazioa, bai eta mantentze lanak ere.
Zer izan da gehien harritu zaituztena?
Joserra Diez: Herri honek zailtasun guztien gainetik bere kultura, historia, nortasuna eta eskubideak bizirik mantentzeko duen ausardia. Herri librea izatea dute xede eta euren lurraldera bueltatzea. Gerran daude, frontean eta bitartean bizimodua aurrera ateratzen, erresistentzia eta erresilientzia lezio ikaragarriak ematen.
Joserra Diez: «Praktikaldi hau aukera ezin hobea da gure ikasleak trebatzeko, baina ez soilik ikuspegi akademikoan»
Markel Rubio: Ni herriaren abegi onak harritu nau, eta bertako jendearen arteko elkartasun eta batasun handia. Benetan hunkigarria da nola mantentzen duten etengabeko borroka, euren lurraldeetara berriro itzultzeko itxaropenarekin.
Joserra Diez: Basamortu horren baldintza gogorren aurrean pertsona ororen oinarrizko beharrak asetzeko komunitateak duen antolakuntza ere harrigarria da. Osasunaren alorraz gain, Hezkuntza adibide aparta da, ume guztiak 3 urtetik aurrera haurtzaindegietan daude, osasuna, elikadura eta ohitura egokiak bermatuz. Harritzekoa da emakumeen lana eta energia. Ez da erraza etsipena, pobrezia eta ziurtasun-gabezian egunero bizitzea, baina transmititzen duten poztasun, ekimen eta esperantza ikaragarriak dira.
Unai Ortega: Bizi duten egoera gogor eta gordinean irakaspen garrantzitsuak ematen dizkigute. Batetik, antolakuntza politiko egokiak posible egiten duela giza balioetan oinarritutako mundu bat, baldintzarik prekario eta gogorrenetan ere. Eta antolaketa politiko horretan estrategikoak eta oinarrizkoak dira hezkuntza eta osasuna, eta emakume sahararrak argiak izan dira estrategia hori aurreikusten eta gauzatzen. Estrategia horren guztiaren sostenguaren eta garapenaren arduradunak emakumeak dira. Bestalde, bihotzez eskertzen dute nazioartekotasunetik jasotzen duten solidaritatea eta laguntza. Herri hori oso kontziente da laguntza horren beharraz ezerezean bizirauteko eta euren lurraldea berreskuratzeko. Ematen dugun maitasuna bueltan etortzen zaigu biderkatuta.
Unai Ortega: «Sahararrek erakusten digute antolakuntza politiko egokiak posible egiten duela giza balioetan oinarritutako mundu bat, baldintzarik prekario eta gogorrenetan ere»
Joserra Diez: Honek ere harritu nau. Orain 30 urte, Venezuela eta Kubaren ekimenez, "Simon Bolivar" izeneko Bigarren Hezkuntzako ikastetxea zabaldu zen. Gaztelera menperatzen duten eta espediente akademiko bikainak dituzten ikasleak aukeratzen dituzte. Irakasleak kubatarrak dira, 3 urtez euren lana eta familia irlan utzi eta elkartasunaren izenean herritar sahararren formakuntzan murgiltzen dira, soldata barregarri baten truke. Esate baterako, LHko irakasle batek 50 euro kobratzen ditu hilean. Formakuntza trinkoa eskaini eta gero, Kubak urtero Medikuntza eta beste karrera batzuk ikasteko beka ematen die ikasleei, batzuk 8-10 urterako. Nork eta Kubak! Blokeoan bizi den herri eskuzabalak. Asko dugu hausnartzeko.
Joane Milla: Ni gehien harritu nauena izan da umeek ikasteko duten gogoa. Benetan, ez nuen espero horrelako motibazioa topatzea, batez ere baliabide urriko toki batean. Nire eskolan, gaztelaniako klasea hasten zen bakoitzean umeak adi egoten ziren, parte hartu nahian eta irribarre handi batekin. Egunero erakusten zuten ikasteko grina.
Galdera hau ikasleentzat: Zein da irakaspenik inportanteena?
Markel Rubio: Adeitasunaren eta lankidetzaren garrantzia. Han egunerokoa jendearen ekarpenei eta gauzak egiteko gogoari esker doa aurrera; komunitatearen indarrak guztia sostengatzen du.
Joane Milla: Nik uste dut ikasi dudan gauzarik garrantzitsuena dela hezkuntza ez dela baliabide kontua bakarrik. Ohartu naiz jarrera, ilusioa eta elkarren arteko laguntza direla benetan funtsezkoak. Ikusi dut nola irakasleek eta familiek ahal duten guztia egiten duten, umeek ahalik eta gehien ikas dezaten, euren egoera oztopo bihur ez dadin. Eta horrek pentsarazi egin dit, etorkizunean irakasle izatera iristean, gure benetako indarra izango dela sortzen dugun giroa, transmititzen dugun energia eta umeei sinestarazten diegun ahalmena.
Joane Milla: «Ikasi dut hezkuntza ez dela baliabide kontua bakarrik, ilusioa eta elkarren arteko laguntza direla benetan funtsezkoak»
Eta bukatzeko, egunerokoari buruzko hausnarketa bat?
Markel Rubio: Eskura dituzten baliabideak mugatuak izan arren, jendea zoriontsu da daukanarekin, eta egoeraz kontziente, behar dutena bakarrik kontsumituz. Irakasleek 150 euro jasotzen dituztela hiru hilabeteren truke, eta, hala ere, ikasleei ahalik eta onena eskaintzeko ahalegin handia egiten dutela.
Markel Rubio: «Irakasleen hileko soldata 50 eurokoa da, eta, hala ere, ikasleei ahalik eta onena eskaintzeko ahalegin handia egiten dutela»
Joane Milla: Saharako egunerokotasunean ikusi dut hemengo jendearen eskuzabaltasuna. Dena emateko prest daude: denbora, lekua, janaria, arreta… Eta hori dena musu-truk, bihotzez. Askotan sentitu dut jasotzen nuena baino gehiago eman ezin nuela, baina haientzat hori da naturala, elkar zaintzea eta elkarri eustea. Horrek beste perspektiba batean jartzen du dena. Eta, egia esan, esperientzia honek asko markatu nau; konturatu naiz zer indartsua izan daitekeen komunitate bat, eta nola, ia ezer gabe ere, giro bero eta aberats batean zaudela sentiarazi diezazuketen.
