euskaraespañol

Redes sociales campusa

Ekain Rojo Labaien

Txirrindularitza itzulia Israelen genozidioaren aurkako herri bozgorailu nagusia

Ikus-Entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko Irakaslea eta NOR Ikerketa Taldeko kidea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/09/18

Ekain Rojo Labaien irakaslea | Argazkia: Laura López. EHU

Espainiako txirrindularitza itzulia Israelek Gazan egiten diharduen genozidioa gaitzesteko nazioarteko bozgorailu eragingarria bihurtu da egunotan. Gizarte zibilaren adierazpen jendetsuan Palestinaren aldeko milaka bandera plazaratu dira kirol ekitaldiaren ibilbide osoan, eta areago, aurrekaririk gabeko gertaeran, hainbat etapa, eta Madrilen Itzuliaren amaiera bera, aldez aurretik geldiarazi behar izan ditu antolakuntzak jendearen protesta zabalen eraginez. Irabazleen laudoriorako amaierako podium ekitaldia ere taldeek modu pribatuan egin dute, ezkutuan. Nolabait, hiru asteko kirol ekitaldiaren izaera hezurmamitu du ezkutuko garai ikur emateak. Jonas Vingegaard txirrindulari izarra gailendu izanaren kirol emaitzaz haratago, genozidioaren aurkako protesta aldarri eskergagatik mugarria izan da aurten Espainiako Vuelta.

  Errepide bazterreko gizarte zibilaren aldarrien txinparta nagusia Israel Premier Tech taldearen parte-hartzea izan da. Ekimen pribatuaz sortua, Israelen kirol diplomaziarako gailu adierazgarria da, bertako gobernuaren Turismo ministerioak diruz lagundua. Egiari zor, 2023an Hamas-en ehunka erailketa eta bahiketei erantzunez, Israelek Gazan egindako genozidioak etenik ez duelarik, Israel Premier Tech-ek eta bestelako Israelen kirol eta kultur ordezkaritzek normaltasunez jardun izan dute. Nabarmenki, nazioarteko erakundeek, Errusiari Ukrainan gerra hasi izanagatik bere nazioarteko ordezkaritza oro kendu egin zioten berehala, eta Mendebaldeko enpresek bertatik alde egin zuten. Baina, nahiz eta Nazioarteko Zigor Auzitegiak Benjamin Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Yoav Gallant gerra krimen eta gizateariaren aurkako krimenengatik auzipetu dituzten, eta Israelen aurkako genozidio akusazioa ikertzen diharduen, Israelek diplomazia tradizionalaren arloan ez zuen orain arte ezein kalte hauteman.

  Hala, nazioarteko harremanetan giroa hori zela gertatu berri da Espainiako txirrindulari itzulia, eta Israelek Gazan erailak 60.000 lagun baino gehiagora heldu direnean. Italian hasita, Espainiako itzuliak Espainiar estatuko hainbat herrialde zeharkatu ditu asteotan, eta herritarren Palestinaren aldeko aldarriak aldiro bizitu egin dira. Euskal Herriko gizarte zibila mugarri izan da, Nafarroako bide bazterrean eta bereziki Bilbora heldu zen etapa jendetsuan. Gernika-Palestina herri ekimenak deituta, besteak beste, gertatu dira protestak. Bilbon antolakuntzak hiru kilometro aurretik geldiarazi zuen proba, jendeak ibilbidearen hesiak jausarazi eta gero.

Kirolaren oihartzuna, batera edo bestera, Israelen sarraskiaren aurrean jasanezina agertzeko baliatu dute herritar andanek, egunak joan eta egunak etorri. Horrek irmoki baztertu egiten du gizarteko hainbat eremutan, eta unibertsitate mailako ikerketetan, kirol mediatikoari, erdeinuz, maiz egotzi zaiona, hau da, herria loarazita edukitzeko boteretik atondutako opioa dela. Behetik gora, gizarte zibiletik goiko aginteari eskaera eginik, aldarrikapen eragilea izan da Espainiako txirrindularitza itzulian gauzatu dena, eta telebistaren eta sare sozialen ahalarekin nazioartean hedatu dena. Txirrindularitzak herri eta hirietan murgiltzeko duen gertutasun apartekoak lagundu du, gainera, herri xehearen aldarri eraldatzaile hori.

Herritarren hainbat adierazpen probaren bilakaera ohikoan txertatu dira; beste batzuk aldiz, txirrindularien joana geldiarazteraino heldu dira, Bilbon gertatu bezala. Aldarriaren eta liskarraren arteko dikotomia horrek funtsezko eztabaida hauspotu du iritzi publikoan. Alderdi politiko zenbaitek hobetsi dute kirol proba eten duten protesta ekintzek ere nabarmen Israelen genozidioaren aurkako aurkaritza hedatu dutela nazioartera. Alegia, nola edo hala Espainiako itzuliaren testuinguruak aukera ezin hobea eskaini duela Espainiar estatuan herritarrek beren asaldura ikusarazi zezaten. Beste alderdi zenbaitek ostera, salatu dute protesta ekintzetan parte-hartzaileek txirrindulariak arriskuan jarri dituztela, eta arauak haustea, oroz gaindi, onartezina dela. Areago, kirola politikatik bereizi behar denaren adierazpenak berpiztu dira egunotan ere.

Ukaezina dena da Espainiako txirrindularitza itzuliko protestak mugarriak izan direla, Israelgo estatu sionistaren ordezkaritza gaitzesten eta Gazako genozidioan munduko arreta jartzen. Areago, errepide bazterreko herritarren asaldura adierazpenak eraginda, hurrengo nazioarteko ekitaldien antolatzaileak hasiak dira nazioarteko erakunde arau emaileei eskaera egiten Israelgo zernahi kirol edo kultur estatu ordezkaritza baliogabetu dezaten. Israelen botere bigun eraginkorra erasaten hasi da azkenean kirolaren bidez, Hego Afrikako ‘apartheid’ garaian estatuen boikot ekimenek eragin zuten moduan.

Bidenabar, eta aurrekoari lotuta, denborak esango du Bilbokoa bezalako protesta ekintzek nazioartean Euskal Herriaz zer marka irudi uzten duten. Liskarrena eta antolakuntzan huts egitearena, edo Gazako genozidioaren aurrean jasanezina agertu zuen herri aitzindariarena.