euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Iñaki Milton Laskibar eta Maria Puy Portillo

Zenbat haragi gorri jan beharko litzateke zientziaren arabera?

IMDEAko eta UPV/EHUko ikertzaileak, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/08/09

Baleria_aksakovak sortutako janariaren argazkia - www.freepik.es

Artikulu hau jatorriz The Conversation webgunean dago argitaratuta

Alberto Garzón Espainiako Gobernuko Kontsumo ministroak ‘Haragi gutxiago, bizitza gehiago’ kanpaina aurkeztu zuenetik, haragiaren kontsumoari buruzko polemika izan da hizpide.

Epe labur honetan, polemikan parte hartzen duten estamentuek –ekoizleak, kontsumitzaileak eta politikariak– argi utzi dute zer deritzoten haragia kontsumitzearen egokitasunari buruz. Bakoitzak bere jarreraren alde egiteko erabili dituen argudioak hainbat faktoretan oinarritu dira, hala nola osasuna eta ingurumen inpaktua.

Baina zer diote ebidentzia zientifikoek horri buruz?

Haragiaren kontsumoa eta osasuna

Nutrizioaren ikuspegitik, zalantzarik gabe, haragia oso elikagai interesgarria da. Besteak beste, balio biologiko handiko proteina iturria delako, B taldeko bitaminak dituelako eta burdinan bereziki aberatsa delako (batez ere, haragi gorria). Koipea ere badu; hausnarkarien haragiak, gainera, koipe asea du batez ere; txerri haragia, berriz, koipeen asegabetasun maila handiagokoa da.

Mantenugai horien ekarpena haragiaren jatorriko animaliaren arrazaren edo adinaren araberakoa da, baita jaso duen elikaduraren araberakoa ere.

Nutrizio ezaugarri horien ondorioz, haragia osasungarritzat jotzen diren elikadura ereduetan sartzen da, hala nola dieta mediterraneoan. Izan ere, dieta mediterraneoaren barruan haragia "agertzea" haren kontsumoa defendatzeko gehien erabili den argudioetako bat da.

Hala ere, eta dieta mediterraneoan sakontzen hasita, nabarmendu behar da haragi zuria (oilaskoa) neurriz kontsumitzea eta haragi gorria (behi azienda, ehiza animaliak eta erraiak) gutxitan jatea gomendatzen dela.

Ez hori bakarrik: Harvard Medikuntza Eskolak gomendatzen du haragia (batez ere gorria) jaten denean anoa txikietan (85-115 g) eta landare ugarirekin egitea. Haragi prozesatuaren (hestebeteak, haragi gazituak eta pateak) kontsumoa ere ez dago gomendatuta.

Haragiaren eta, bereziki, haragi gorriaren kontsumoa murriztea gomendatzeko arrazoi nagusiei dagokienez, nabarmendu behar da ahalmen kartzinogenikoa duela. Hala, Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC) artikulu bat argitaratu zuen 2015ean Lancet Oncology aldizkarian, non haragi gorria 2A kategorian sailkatzen zen (ziurrenik kartzinogenikoa gizakiarentzat).

Txosten horretan, ordura arte argitaratutako ebidentzia zientifikoa aztertu zen (800 azterlan epidemiologiko baino gehiago). Lan ugarik haragiaren kontsumoaren eta koloneko minbizia izateko arriskuaren arteko erlazioa azaleratzen zuten.

Bestalde, gogoratu behar da haragiaren kontsumoa gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskuarekin ere lotuta dagoela. Estatu Batuetan ia 30.000 pertsonako kohortearekin egin berri den ikerketa baten arabera, haragi gorri prozesatu gabea eta haragi prozesatua gehiago kontsumitzeak nabarmen areagotzen du arazo kardiobaskularrak izateko arriskua.

Gomendioak eta egungo kontsumoa

Gaiaren alderdirik kezkagarriena zera da, Espainiako gobernuak argitaratutako azkeneko kontsumo txostenaren arabera, haragiaren per capita kontsumoa % 10,5 handitu dela azken urtean; zehazki, pertsona bakoitzak haragi freskoko 36,2 kg kontsumitu ditu urtean.

Horrek esan nahi du pertsonako 700 g haragi inguru kontsumitzen direla astean; kopuru hori Elikagaien Segurtasunerako eta Nutriziorako Espainiako Agentziaren (AESAN) gomendioen gainetik dago. Hau da AESANen gomendioa: 200-500 g haragi astean, ahal dela, zuria (oilaskoa edo untxia).

Haragi gorriaren kontsumoari dagokionez, astean 2 anoa (200-250 g) ez gainditzea gomendatzen du agentziak.

Datu horiek ikusita, argi dago gaur egun Espainian haragiaren kontsumoak zientziarentzat kontsumo gomendagarria litzatekeena gainditzen duela.

Haragi "oso eginaren" arazoa

Kontsumitzen den haragi kopuruaz gain, elikagai hori prestatzeko modua (“errezeta” eta erabilitako sukaldaritza teknika mota) ere kontuan hartu beharreko faktorea da.

Oro har, tenperatura oso altuak denbora tarte luzeetan aplikatzeak balizko kartzinogenizitatea duten konposatu toxikoak sortzen laguntzen du, hala nola amina heteroziklikoak, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak (batez ere parrillan erretzen denean) edo akrilamida (bereziki haragia arrautzaztatzen edo ogi arrailetan pasatzen denean).

Konposatu horien ahorakina murrizte aldera, gomendagarria litzateke haragi frijitua edo parrillan errea gehiegi ez kontsumitzea. Edo, behintzat, osasunerako kaltegarriak diren substantzia horien sorreran eragiten duten prozesuaren aldagaiak behar bezala kontrolatzea.

Azkenik, ezin da ahaztu animalia proteinaren ekoizpenak ingurumenean duen eragina, berotegi efektuko gasen ekoizpenagatik eta isurpenagatik eta horrek dakarren ur kontsumo handiagatik. Horregatik, haragiaren kontsumoari buruz eztabaidatzerakoan, alderdi horiek ere sartu beharko lirateke, gaia modu holistikoan jorratzeko.

Orain arte haragiaren kontsumoa murrizteko gomendioaren oinarrian dauden argudioak azaldu diren arren, garrantzitsua da ekoizpen sektore horren dimentsio ekonomikoa eta barne produktu gordinean duen eragina ere kontuan hartzea.

Orduan, zer egin?

Haragiaren kontsumoa murrizteko kanpaina horrek polemika piztu du eta horrek argi uzten du gai hau ez dela gustukoa Espainian.

Hala ere, haragia kontsumitzeak osasunean eta planetan izan ditzakeen ondorioak kontuan hartuta, denok uler dezakegu haragiaren kontsumoa kontrolatzea/murriztea berandu baino lehen egin beharreko zerbait dela. Horretarako, ezinbestekoa izango da inplikatutako alderdi guztiek prozesuan parte hartzea, guztiontzat onuragarrienak diren erabakiak hartzeko.

Beste herrialde batzuetan horren inguruko neurriak hartu izanak agerian uzten du ez dela “misio ezinezkoa”.