-
EHUko ikerketa batek Arabako Errioxako historia berridatzi du
-
Emakumeak eta Zientzia: lau ikertzaile-belaunaldi XXI. mendeko erronkei aurre egiteko
-
Seguridad, miedo y ciudadanía: el joven magrebí como chivo expiatorio
-
Abortos financiados con dinero público, pero realizados en clínicas privadas
-
Oles, oles lurra esna zaitez!
Sergio Seoane Parra
Zergatik da hain garrantzitsua mikroorganismoen ‘Alexandriako liburutegiak’ babestea?
Ekologiako irakasle osoa Zientzia eta Teknologia Fakultatean
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2026/02/16
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Alexandriako liburutegia jakinduriaren erdigune izan zen Antzinaroan, eta, adituen arabera, 700.000 ale izatera iritsi zen. Mendeetan barrenako zenbait gertakariren ondorioz, jakinduriaren altxor hori suntsitu egin zen, eta milaka urteko historia zuten dokumentuak betiko galdu ziren, giza kulturarentzako informazio ordezkaezina barne hartzen zutenak.
Gaur egun, “Alexandria” txikiak ditugu gure unibertsitate eta ikerketa zentroetan; hain zuzen ere, mikroorganismoen kultiboen bildumez ari gara. Bilduma horietan, milaka urteko bilakaeraren ondoriozko prozesuei, bizimoduei eta konposatuei buruzko informazioa dago gordeta.
Bilduma horien xedea da gure planetako talde taxonomikoen aniztasun genetikoa zaintzea eta ezagutzea, eta hainbat helburutarako erabilgarri jartzea. Askotariko eremuetan –medikuntza, elikadura, biomaterialak edo energia garbiak, besteak beste– erabiltzen diren prozesu bioteknologikoetako lehengaiak dira, eta zenbait erronka globalen parte dira, hala nola antibiotikoen gabezia edo elikadura krisia.
Anduiak zaintzea
Honetan datza kultiboen bilduma bateko eguneroko lana: organismoak zaintzea, identifikatzea eta anduiak erakunde zientifikoei edo enpresa sektoreari ematea. Gero eta gehiagotan egin behar izaten dira, halaber, industriaren arlorako interesgarriak izan daitezkeen konposatuak edo prozesuak karakterizatzeko lanak.
Hori guztia egiteko beharrezkoa da langile kualifikatuak izatea, konposatu interesgarrien identifikazio taxonomikoa eta karakterizazioa egiteaz arduratuko direnak, bai eta langile teknikoak ere, anduien mantentze eta kontserbazio lanak egiteko. Horrez gain, azpiegitura fisiko eta informatikoak ere behar dira, ziurtatzeko lan horiek guztiak gauzatzean segurtasuna, kalitatea eta erregistroen kudeaketa eraginkorra bermatuta daudela.
Baldintza horiek bete ezean, zaila da ziurtatzea anduiak behar bezala mantenduko direla, eta hori beharrezkoa da ikerketen erreproduzigarritasuna –alegia, esperimentu berdinak errepikatzea organismo berdinekin, laborategi desberdinetan– ahalbidetzeko.
Zaindu beharreko organismoen tamaina dela eta, mantentze lana oso zaila da. Organismoak identifikatzea zaila da, baina baita kontserbatzea ere, kultiboak erraz kutsatzen baitira.
Mikroalgak, promes mamitsua
Gaur egun 884 bilduma eta 4 milioitik gora andui daude erregistratuta Mikroorganismoen Kultiboen Bildumen Munduko Federazioan (WFCC-MIRCEN WDCM). Horien artean daude mikroalgak; adibidez, Kultibatutako Mikroalgen Euskal Bilduman (BMCC) jasotakoak.
Mikroalgen garrantzia nabarmen handitu da azken urteetako garapen bioteknologikoari esker. Gure eguneroko bizitzan aurki ditzakegu: gizakion eta animalien elikaduran, kosmetikan, material biodegradagarri berrietan eta aplikazio biomedikoetan.
Organismo horiek, beren interes ekonomiko eta ekologikoa dela eta, politiketan txertatu dira honako dokumentu hauen bidez: Europako Itun Berdea edo Baserritik Mahaira Estrategia. EBren ustez politika horiek planetaren ingurumen, energia eta elikadura krisirako konponbidearen parte dira.
Zientzia aplikatuaren oinarriak
Hala ere, mikroalgek eta beste mikroorganismo batzuek eskaintzen duten etorkizun esperantzagarri hori ez da posible kultiboen bildumek ezin badituzte beren funtzioak bete, eta gaur egun hori ez da lan erraza.
Batzuetan, bilduma horiek finantzaketa egonkorrik gabeko ikertalde txikien mende egon ohi dira, haiek arduratu behar baitute organismoak isolatzeko eta mantentzeko lan exijenteaz, baina erakundeen konpromisorik ezak arriskuan jartzen du ikertaldeon jarraipena.
Organismo horien mantentze lana oinarrizko zientzia gisa hartzen da askotan, eta horregatik zientzia aplikatuari baino askoz ere baliabide gutxiago eskaintzen zaizkio. Alabaina, argi dago mikroorganismoekin egiten den zientzia aplikatuak ez daukala etorkizunik bildumetako lana behar bezala egiten ez bada.
Une honetan balio ikaragarriko ondarea daukagu bilduma horietan, eta baliteke hor egotea gaur egungo eta etorkizuneko erronketako askori aurre egiteko gakoa.
Ondare hori babesteko, beharrezkoa da erakundeek konpromiso irmoa hartzea, ez soilik ondarea kontserbatzeko, baita garatu ahal izateko ere, noizean behingo finantzaketaren edo finantzaketa ezegonkor baten mende egon gabe. Hala izan ezean, gaur egun erabakiak hartzen dituztenak Alexandriako liburutegi garrantzitsu horien “erreketaren” arduradun bilakatu daitezke, XXI. mendean egonik ere.