euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Abigail Lazkoz Saez

Zergatik pintatzen zituzten “brioche”ak pintore modernoek?

Artista eta Pintura Saileko ikertzaile eta irakasle agregatua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/06/10

Artikulu hau jatorriz The Conversation-en argitaratu da.

Pintatzeak oso jardun zabaldua izaten jarraitzen du, baina, aldi berean, pintura garaikidea arrotza da gehienentzat. Beraz, artistok zeozer ez gabiltza ondo egiten ahalegintzen garenean adierazten zergatik den interesgarria egiten duguna.

Baina, zerk bihurtzen du obra bat maisu edo maistra lan?

Erronka artistikoak

Arte handiaren oinarrizko ezaugarria da arazoetarako irtenbide irudimentsuak bilatzea. Esaterako, lekuari eta dagoen espazioari egokitzea.

Horixe egin zuen Leonardo da Vincik, komentu batean fresko bat egiteko enkargua jaso eta Jesukristoren azken afaria margotzea erabaki zuenean.

Errenazimentuko artista florentziarrek finkatua zuten eszena horren ikonografia: afaltiarrak mahai ikaragarri luze batean, eta denen aurrez aurre Judas, apostolu traidorea. Baina Da Vincik mahaikide guzti-guztiak hartu eta “begiratu txoriari” posean jarri zituen.

Mahaiaren kokapena bitxia da, eta luzera ere, ezinezkoa. Pinturaren eta Da Vinciren magiak bakarrik sortzen du mahaikide guztiak afari horretan kabitzearen begitazioa, eta modua egiten du Bartolome eta Simon kokatzeko hormaren eta mahaiko muturren arteko tarte ia inexistenteetan. Ikusiaren ikusiaz errepresentazio naturalistatzat jotzen dugun hori trikimailuz betetako artifizio bat da.

Horrek zerikusia dauka arte sorkuntzaren —tartean pinturaren— beste bilaketa historiko batekin, zeina baita azaleratzen saiatzea oharkabean pasatzen diren arazoak, jende gehienak ohiko ordena besterik ikusten ez duen lekuan.

Asko daki arteak horretaz, eta horregatik daramatza mendeak ikertzen absurdoak hausturarako ematen dituen aukerak. Izan ere, zentzubakokeria ere egunerokoaren parte dela jakitea sormenaren giltzarrietako bat da.

Pintura artistikoaren hirugarren kezka lotuta dago zuzenean konbentzionaltasunetik irten gura izatearekin. Bestela esanda, pintura ez da konformatzen formak goitik behera eta behetik gora imitatze hutsarekin: asmatu ere egin nahi ditu. Horrela bakarrik uler daitezke Daliren erloju bigunak edo ‘Atseginen baratza’ko pertsonaia baten atzealdean marraztuta agertzen den partitura.

Chardinen natura hilak

Horrela, bilaketaren, aurkikuntzaren eta asmamenaren bidez, pinturak milaka urte daramatza gure esperientzia zabaltzen. Baina ez gara konturatzen, joera dugulako pintura errealitatearen ispilutzat baino ez hartzeko. Izan ere, zertarako balioko du bada sagar baten irudiak, ezpada sagar bat erakusteko?

Pentsatzen jarrita, natura hilak oso obra bereziak dira. Gure zentzumen esperientziara bidaltzen gaituzte, imajina dezagun zelakoa litzatekeen janari horiek ukitzea, murtxikatzea, usaintzea eta dastatzea. Hau da, printzipioz ikusizko estimulu bat dena sinestesiarako bide bihurtzen da, esperientziarako festa bat, gauza hautemangarrien espektro osoarekin aberats daitekeena. Bere alde positiboarekin, baina baita negatiboarekin ere.

Orduan, pintatuko duen objektua hautatzea lehen mailako ekintza estetiko bat da margolariarentzat, haren bitartez munduaren konplexutasunaren berri eman ahal izango duelako. Horregatik miretsi zuen Denis Diderot idazle eta filosofo frantsesak bere garaikide Jean Simeón Chardinen gaitasuna bere natura hiletarako  motiboak aukeratzeko.

Arraia bat irudikatuz, Chardinek lortzen zuen esploratu gabekoa erregistratzea; Dideroten berbetan esateko, “zenbait gauzaren izaerak sortzen digun higuina”. Keinu erradikala zen, Chardinek ez baitzuen gaitzesten edo burlaz hartzen desatsegina dena. Aitzitik, behin betiko obraren aztergaiaren estatusa ematen zion.

“Brioche” bat, “brioche” bat baino gehiago dena

Izan ere, egiazkoa, ona eta ederra denaren ifrentzua erakusteko sentiberatasun zorrotz-zorrotza zuen Chardinek. Berehala jabetuko gara horretaz, erreparatzen diogunean jakingura ia zientifikoa sortu zion beste objektu xume bati.

“Brioche”az ari naiz.

Herri kultura frantsesean “brioche” edo brioxa kutixi anbiguoa da. Ogiaren eta pastelaren artekoa izanik, goxoa edo gazia izan daiteke. Gainera, Pierre Lacam gozogile eta idazleak ezarri zuenez, haren kalitate on edo txarrak sasi gozogileei mozorroa kentzeko balio du. Horregatik beharbada, frantsesez “brioche” berbak baldarkeria ere esan nahi du.

Chardinen ‘brioche à tête’ delakoa koroatzen duen laranja lore lurrintsuak ere ez gaitu distraitzen. Briocheak asimetrikotasun bitxi bat dauka, areagotu egiten dena aldapan behera amilduz bezala datozen bolumen gainjarriekin. Ondo pentsatuta, lore zuri ederra edo portzelanazko azukre ontzia bera kontrapuntu perfektua dira labearen barruan gura duena egiten duen kolore arreko masa deformearentzat.  Gainera, haren hutsuneak argiak dira eta zati ganbilak ilunduta daude, beroarekin gainerreta. Eta hori —esan beharra dago— argi-ilunaren lege tradizionalen ukapen ezohiko bat da.

Esan liteke Chardinen eskuetan “brioche” bat postreen arrain abisala bihurtzen dela.

Halaber, ustez berea edo bere inguruko norbaitena den beste obra batean, ogi gozoaren deformazioa are nabarmenagoa da. Hain du burua neurriz gainekoa, abzesu bat ematen du. Lekuz kanpoko protuberantzia horrek gaixorik dagoen ehun bat iradokitzen digu. Esan beharrik ez da, paradoxikoki, pastel deforme horiek sekula egositako harroenak eta gozoenak izan litezkeela.

Pintoreak ore bila

Zalantzarik gabe, gozogintzan ustekabean aurkitutako munstrotasun horrek inspiratu zuen Manet, pintura modernoaren aitzindari nagusietako bat.

Bere koadro batean “brioche” bat agertzen den bakoitzean, figurazio kodeek eztanda egiten dute. Ogiaren barruan abaila abstraktu bat sortzen da, trazu  marroiak noranahi sakabanatzen dituena. Chardinenean bezala, ore forma gabea objektuz egokiro inguraturik agertzen da. Portzelana, lore eta fruta horien betetasunak azpimarratzen du “briochea” gorpu disekzionatu bat dela, maskalduz doalarik, pinturaren bihotza bere erdigunean bilatu nahi lukeen zerbait.

Halaxe ulertu bide zuten beste pintore batzuek, hala nola Victoria Dubourg Fantin-Latour, Picasso, André Derain, Maurice de Vlaminck, Giorgio de Chirico, Raoul Dufy, Giorgio Morandi edo Jean Dubuffetek.

Haien “brioche”ek erakusten dutenez, bizitzari harriduraz begiratzen dion bilaketa artistikoaren parte da pintura ere. Hurbilera horrek jarraitzen du ustekabeak poetikoki erregistratzen. Eta edozein gauzatan aurki ditzakegu ustekabeak, nahikoa da bi aldiz begiratzea. “Brioche” bat “brioche” bat baino askoz gehiago izan daiteke.