Eduki publikatzailea

UPV/EHUren III. Doktorego Jardunaldiak

Uztailaren 6an, UPV/EHUren III. Doktorego Jardunaldiak ospatu ziren Bizkaia Aretoan. Oraingo honetan, ukitu ludikoa eman nahi izan genien jardunaldiei, egiten dugunaren berri emateko bide berriak esploratze aldera. Horregatik, eta “Ospatu zure doktorego ikerketa” lelopean, parte hartzaileek beren ikerketa irudikatzen duen objektu bana ekarri behar izan zuten, beren ikerketa zertan datzan eta GJSekin nola lerrokatuta dagoen kontatzeko aukera emango zuena.

Arratsaldeko 17:15ean abiatu zen jardunaldia, DOKe-ko zuzendaritza taldeko kideen eskutik, eta Bittor Rodríguezek, UPV/EHUko irakasle eta Elikagaien Teknologian doktoreak, bakarrizketa egin zuen. Dietista-nutrizionistak, itzal handiko zientzialari izateaz gain, lan aktiboa egiten du dibulgazioaren arloan eta telebista zein irratiko hainbat programatan kolaboratu du, dietistek gure jendartean duten rola aldarrikatzeko. Gustuko du dieta eta elikagaien arloan dituen ezagutza eta iritziak transmititzea, eta bakarrizketak erabiltzen ditu horiek ahalik eta modu lasaienean zabaltzeko. Oraingo honetan, Freddy Mercury bilakatu zen Bittor Rodríguez, eta “gabe” produktuen inguruan dagoen publizitate engainagarriei buruz mintzatu zen.

Bakarrizketa bukatutakoan, jardunaldietan bildutako zuten doktoregaiak lau taldetan banatu ziren, EHU2030 Agendak proposatzen dituen GJHen arabera antolatuta: IKD I3, Planeta Campusa, I3 Inklusio Campusa eta I3 Berdintasun Campusa. Parte hartzaile bakoitzak 4 minutuko aurkezpena egin zuen eta, ondoren, hainbat galdera egin zitzaizkien, kategoria bakoitzean saria nork merezi zuen erabakitzeko lagungarri gisa.

Oihulari kolektiboko pailazoak, Rakel Imaz eta Isabel Aisa, arduratu ziren lau sariak banatzeaz. Honako hauek izan ziren saridunak:

  • I3 IKD. Kepa Martínez García, “Antzinate Zientziak” doktorego programakoa, zeinak kultura aniztasuna eta komunikatzeko moduak jorratzen baititu zibilizazio sumertarrari buruz egindako tesian.
  • I3 Planeta Campusa. Richard Fritz Schönlein, “Materialen eta Prozesu Iraunkorren Ingeniaritza” doktorego programakoa, zeinaren tesian jorratzen baita ibiltzean egiten den presioak hezur ehunaren lehengoratzean eragiten duen estimulazioa.
  • I3 Inklusio Campusa. Samuel Chibuzor Umeh, “Ekonomia: Ekonomia Analisirako Tresnak” doktorego programakoa, Ghanan baliabideak banatzeko irizpideei buruzko tesiaren egilea.
  • I3 Berdintasun Campusa. Irene Coulon Pierrugues, “Filosofia, Zientzia eta Balioak” doktorego programakoa, kontsumoaren jendarteak loaren patroietan duen eraginari buruzko tesiaren egilea.

Sarituetako bakoitzak bertaratutako guztien aurrean errepikatu zuen aurkezpena eta, ondoren, Rakel Imazek eta Isabel Aisak ekitaldiaren CLOWNCLUSIONES saioa egin zuten.

III. Doktorego Jardunaldiak bukatzeko, DJ Ferlooper-ek girotutako koktelaz gozatu ahal izan zuten bertaratutako guztiek.