Jarraibideak, 2020ko ekainaren 11koak, UPV/EHUko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearenak, ikasleen itzulera planari buruzkoak, modu ez-presentzialean ezin egin diren jarduera akademikoak egiteko

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/16

COVID-19ak eragindako osasun alertaren ondorioz ezarritako konfinamenduaren ostean UPV/EHUn aurrez aurreko jardunera itzultzeko planean, 8., 9. eta 10. atalean, zehaztuta dago Ikasleak bueltatzeko hurrenkera, Ikasleen aurrez aurreko probetarako prebentzio neurriak eta Ikastegi, sail, zerbitzu eta atal bakoitzeko plana (azken hau gehienbat AZPko langileei zuzendua).

Bestalde, plan horretako 13. artikuluan adierazi bezala, plana dinamikoa da, eta eguneratuz joango da osasun, lan eta hezkuntzaren arloko agintariek ematen dituzten jarraibideen arabera.

Lehendakariak ekainaren 7an emandako 13/2020 Dekretuaren bidez trantsizioprozesuaren 3. fasea kudeatu eta aplikatzeko arauak ezartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako eta 7. artikuluan, Hezkuntzari buruzkoan, honakoa dago zehaztuta.

  1. Berriro hasiko da aurrez aurreko hezkuntza- eta prestakuntza-jarduera Ibaiondo adingabeentzako zentro itxian eta ospitaleko eta etxeko hezkuntza-arretarako eta arreta terapeutiko-hezigarrirako lurralde-zentroetan.

  2. Unibertsitateko hezkuntza-eta prestakuntza-esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateek aurrez aurreko jarduera akademikoak egin ahal izango dituzte, baldin eta jarduera horiek aurrez aurrekoa ez den beste modu batean ezin badira egin. Era berean, dio, malgutu eta aurrera eraman ahal izango direla etengabeko prestakuntzaren, ofizialak ez diren titulazioen eta profesionalei zuzendutako jarduerak.

  3. Bikaintasuneko ikerketaren esparruan, bai eta gainerako laborategietan eta ikerketarako eta administraziorako laguntza-zerbitzuetan ere, guztiz baimentzen da han bertan jardutea lanean.

  4. Araututako jarduera guztiak osasun-, segurtasun- eta higiene-neurriak eta babesarauak betez eta pertsonen artean gutxieneko bi metroko tartea utziz egingo dituzte bai erabiltzaileek eta bai langileek.

Horren guztiaren ondorioz, aldatu egin behar dira UPV/EHUko instalazioetan sartzeko baimena eskuratzeko ezartzen ziren baldintzak, eta, hain zuzen ere, UPV/EHUko errektoreak erabakia eman du 2020ko ekainaren 11n, aurrez aurreko jarduera akademikora itzultzeari eta UPV/EHUko instalazio eta ikastegietara sartzeko baldintzei buruzkoa. Erabaki horretan ahalmena ematen zaio Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeari erabakian jasotakoa betetzeko beharrezkoak diren egintza eta erabakiak emateko bat etorria eskumenak eskuordetzeko indarrean dagoen erabakiarekin; horrela, bada, horren babesean, honako jarraibideak zehaztu ditut.

Hori guztia oinarri hartuta, ekainaren 8tik aurrera jarduera akademikoak egin ahal izango dira UPV/EHUn, modalitate ez-presentzialean edo online egin ezin direnak, modalitate horrek izan behar baitu lehentasuna. Lehendakariaren 13/2020 dekretuan zehaztutakoa UPV/EHUko instalazioetan egiten diren jarduerei zein UPV/EHUrenak ez direnetan egiten direnei ezarri behar zaizkie.

Enpresetan, erakundeetan eta, oro har, UPV/EHUrenak ez diren instalazioetan egiten diren jarduera akademikoetara itzultzeko kasuan kasuko alorrean bete beharreko prebentzio, segurtasun eta higiene neurriak bete beharko dira, eta horren arduradun izango da kasuan kasuko enpresa edo erakundea.

Bestalde, ikasleek UPV/EHUko instalazioetan jarduera presentziala egin dezaten, edozein izanik ere jarduera, beharrezkoa izango da aldez aurretik ikastegiak antolamendurako eta prebentziorako neurriak hartzea, eta langileak jarduera presentzialera bueltatzeko plana egokitzea kontuan hartuta ikasleak, ikasketa ofizialetakoak zein berezkoetakoak. Horretarako, ikastegiak jarraibide hauek izan behar ditu kontuan:

1. Jarduera presentzialera buelta daitezkeen ikasleak

Jarduera presentzialera bueltatzeko erabakia indarrean sartzean, jarduera akademikoa modu ez-presentzialean ezin egin dezaketen ikasleak bueltatuko dira, betiere, itzulera planeko 8. atalean zehaztutako 2., 3. eta 4. itzulera hurrenkerari jarraituz. Hauek dira ikasle taldeak:

  • Jarduera praktikoak egin behar dituztenak irakasgairen batean, GRALean, MALean edo doktorego tesian, alarma egoeran zehar egin ezin izan dituztenak, hala nola laborategiko praktikak, tailerrak, praktika klinikoak, artistikoak, kirol praktikak etab.

  • Unibertsitatera sartzeko probak egin behar dituzten ikasleak. Proba horiek batzorde antolatzaileak zehaztutakoaren arabera egingo dira.

  • GRALen, MALen eta doktorego tesien defentsak egin behar dituztenak.

  • Urruneko eta online modalitateaz modu egokian ebaluatu ezin diren irakasgaien ebaluazio probak egin behar dituztenak.

2. Itzulera plana ikasleak kontuan hartuta egokitzeko prozedura

Ikastegiak egokitzea eta kasuan kasuko errektoreordetzari jakinaraztea:

  • Ikastegiak egokitu egin behar du jarduera presentzialera bueltatzeko plana kontuan hartuta ikasleak. Zuzendariak edo dekanoak proposatu behar du plana eta ikastegiak campuseko errektoreordetzari jakinaraziko dio.

  • Beren eraikina daukaten ikerguneetan (FAAZ, PIE, IBF eta CFM), ikasleak kontuan hartuta itzulera planean egin beharreko egokitzapena zuzendariak egingo du plana eta Ikerketaren arloko Errektoreordetzara bidaliko du.

Ikasleak jardun presentzialera itzultzearen arduraduna ikastegiko zuzendaria edo dekanoa izango da eta, era berean, zuzendariak edo dekanoak erantzukizuna eskatu ahal izango dio ikasleak edo ikasle taldeak itzultzeko proposamena egiten duen pertsonari/batzordeari/sailari.

Kasuan kasuko errektoreordetzak plana ontzat eman ondoren, ikasleak sartzeko baimenak errektoreak ekainaren 11n emandako erabakiko bigarren eta hirugarren atalean zehaztutako jarraituz emango dira.

Laborategiak edo tailerrak erabiltzeko edo ikasleak elkarrekin edo unibertsitateko langileekin batera egon behar diren jardueretarako baimenetan, komenigarria izan daiteke zehaztea gehienez ere ikasleak zenbat denboran egon daitezkeen ikastegian, edo, beharrezkoa bada, goizeko eta arratsaldeko txandak ezartzea tartean denbora nahikoa utzita garbiketakoek lekua desinfektatu eta garbi dezaten.

Campusarteko Segurtasun eta Osasun Batzordeari jarduera presentzialera bueltatzeko planean egindako egokitzapenen berri eman behar zaio.

3. Jarduera presentzialak egingo dituzten ikasleen erregistroa 

Ikaslea GRAL, MAL edo doktorego tesiarekin zerikusia daukaten jarduerak egiteko itzultzen bada, ikasle txartela erabilita sartuko da, behin baimena lortuta. Ikaslea praktikak egitera edo graduko titulazioko edo masterreko irakasgaietako edo unibertsitatera sartzeko probak egitera doanean, irakasgaiaren edo probaren irakasle arduraduna joango da sarrerara ikaslearen edo ikasle taldearen bila.

Edozelan ere, ikastegiak erregistro bat izan behar du bertan adierazteko zein ikasle sartu den instalazioetan, eta erregistro horretan zehaztuta ageri beharko da eguna, ordu tartea edo txanda, bai eta ikasleak egin dituen jarduerak ere, hartara posible izan dadin ikastegira sartu direnen eta elkarrekin egon diren lagunen trazabilitatea ziurtatzea.

Horretarako, campuseko errektoreordetzak edo, egoki denean Ikerketaren arloko Errektoreordetzak, erregistroa ikustea eska dezake.

4. Ikastegiko itzulera planean gutxien dela zehaztu beharrekoak

Ikasleak kontuan hartuta ikastegiko plana egokitzean, gutxien dela informazio hau jaso behar da:

  • Modu presentzialean egingo diren jarduerak, kontuan izanda ondorengo taldeek egin beharreko jarduerak izan behar direla: unibertsitatera sartzeko ebaluazio probak (25 urtetik gorakoentzako ezohiko deialdia eta abar); modu ez-presentzialean edo online egin ezin diren probak, kontuan hartuta Covid-19aren pandemiak sortutako salbuespen egoerak iraun bitartean UPV/EHUko graduko eta masterreko tituluen irakaskuntzari eta ebaluazioari buruzko jarraibideak; kanpoko praktikak, UPV/EHUren beraren antolaketa unitateekin egindako hezkuntzako lankidetza hitzarmenen babesean egin beharrekoak; doktorego tesia, GRALa edo MALa egiteko edo defendatzeko egin beharreko jarduerak.

  • Jarduera presentzialean parte hartuko duen ikasle kopurua.

  • Jarduerarako antolaketa eta beharrezko diren materialak eta ikasle kopurua. Horretarako, oinarri hartu behar da jarduera presentzialera itzultzeko planeko 9. eta 10. ataletan zehaztutakoa, eta batez ere kontuan hartu beharrekoa da ikasleek eta ikertzaileek elkarrekin topo egin dezaketen guneen (laborategiak, tailerrak…) antolaketa eta erabilera koordinatzea.

 

Oro har, jarduera guztietarako kontuan hartu beharrekoak:

Antolaketa neurriak

Prozedurak zehaztu behar dira une oro pertsonen artean segurtasun tartea gordetzeko, eta ezinezkoa bada tarte hori uztea, maskara erabili beharko da. Edozelan ere, ondorengo neurriei erreparatu beharko zaie bereziki:

  • a) Ikasleak modu ordenatuan sartu behar dira, pilatu barik eta lerroa eginda, eta beren artean segurtasun tartea utzita. Horretarako, sarrera ordua ezarriko dira.

  • b) Azterketa edo jarduerako postuak antolatu behar dira ikasleen artean behar besteko tartea egoteko moduan, bai postura heltzeko eta bertatik irteteko eta bai probak egin bitartean.

  • c) Ebaluazio probetan, azterketak banatu eta jaso behar dira irakasleek eta ikasleek zuzeneko kontakturik eduki gabe (komeni da irakasleak azterketak uztea eta jasotzea ikasleak postuetan ez daudela).

  • d) Jardueran parte hartzen duen pertsona bakoitzak bere materialak izan behar ditu edo, hori posible ez bada, erabili aurretik sakon garbitu behar dira eta botatzeko materiala erabili behar da. Debekatuta dago bulegoko materiala inori uztea (boligrafoak, erregelak, kalkulagailuak…).

Neurri kolektiboak

  • a) Gelara, aretora, tailerrera edo laborategira sartzen diren guztiek eskuak desinfektatu behar dituzte gel hidroalkoholikoaz. Beraz, erabiliko diren ikasgela guztietan gel desinfektantea jarri beharko da.

  • b) Jarduera presentziala egin aurretik, uretan disolbatutako lixibaz sakon eta zorrotz garbitu behar dira jarduera egiteko erabiliko diren gelak eta bai kutsapenerako bide izan daitezkeen eraikinetako beste tokiak (komunak, ikasgeletarako sarbideak etab.).

  • c) Mahaiak eta erabilitako gainerako gainazalak desinfektatzea, erabili aurretik eta ondoren.

  • d) Ikasgela bakoitzean gutxienez paperontzi bat jartzea, tapaduna eta pedalduna eta zarama poltsa batekin, behin erabiltzeko materiala egokiro kudeatzeko.

  • e) Gelak gehiago aireztatzea, modu naturalean edo bitarteko mekanikoez, leihoak zabalduz eta berritzen den airearen bolumena handituz eraikinetako aire primarioko instalazioetan.

Neurri indibidualak

  • a) Aurrez aurreko jarduerara doazen ikasle guztiek eta irakasleek etxetik irten baino lehen beren burua aztertu beharko dute, sintoma hauetakoren bat daukaten ikusteko: >37º-ko sukarra, eztul sikua, samako mina, arnasa hartzeko arazoak, usaimen eta dastamen falta. Halakoren bat edo gehiago badute, ezin izango dira jarduerara joan. Horren berri eman beharko zaio irakasleari.

  • b) Ikasleek eta irakasleek higiene pertsonala areagotu egin beharko dute:

    • Eskuak uraz eta xaboiaz edo soluzio hidroalkoholikoez garbitu.
    • Eztul edo doministiku egitean, ahoa eta sudurra ukondoaren txokoaren kontra jarri.
    • Ez ukitu ez begiak, ez sudurra ez ahoa.
    • EIle luzea edukiz gero, jasota eraman (mototsean bilduta, koleteroaz jasota etab.).
    • Azazkalak motz eraman. Ez erabili ez eraztunik, ez eskumuturrekorik, ez erlojurik.
    • Ez egin kontaktu fisikoa dakarren kortesia edo estimu adierazpenik.

  • c) Gomendatzen zaie ikasleei eta irakasleei erabili eta botatzeko zapiak eramatea, eztul edo doministikoen ondoriozko premietarako prebentzio neurri gisa (zapiok bota egin beharko dira ikasgelan egongo den zarama paperontzian (pedalduna eta tapaduna), azterketatik irtetean).

  • d) Koronabirusaz gaixorik dagoela alegatzen duen ikasle edo irakasleak horren berri eman beharko du, ordezko aukerak bilatzeko. Ez da inolaz ere agertu beharko aurrez aurreko probara.

  • e) Talde kalteberetakoak diren ikasleek edo irakasleek horren berri eman beharko dute, ordezko aukerak bilatzeko.

 

Jarduera motaren arabera kontuan hartu beharrekoak:

a) Jarduera praktikoak, irakasgairen batekoak, GRALekoak, MALekoak edo doktorego tesikoak, alarma egoeran zehar egin ezin izan direnak, hala nola laborategiko praktikak, tailerrak, praktika klinikoak, artistikoak, kirol praktikak etab., eta urrutitik edo online bidez egoki ezin egin diren ebaluazio probak.

Irakaskuntzako laborategietan, geletan, aretoetan eta tailerretan, aforo maximoa izango da segurtasun distantzia mantentzea ahalbidetzen duena. Sartzeko txandak ezarriko dira eta atean jarriko dira ikusgai.

Odontologia Klinikan, osasun agintariek zehazten dutenaren arabera jokatuko da.

b) GRALa, MALa edo doktorego tesia defendatzeko ekitaldiak.

Ekitaldian parte hartzen dutenek une oro gorde beharko dute segurtasun tartea edo maskarak erabili.

Doktorego tesien defentsa ekitaldian, unibertsitateko instalazioetan egongo diren bakarrak izango dira: UPV/EHUkoak diren epaimahaikideak, tesiaren zuzendaria/zuzendariak, tutorea (halakorik badago) eta doktoregaia. Ekitaldia jendaurrekoa denez, Black Board Collaborate plataformako lotura unibertsitatearen web gunean argitaratuko da.

Antzeko jarraibideak ezarriko dira GRALa eta MALa defendatzeko ekitaldietan, kasuan kasuko araudia kontuan hartuta.

 

Leioa, 2020ko ekainaren 11

Araceli Garín Martín
Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordea