Breadcrumb

MASTER-ASTEA-2017

Master Astea 2017

UPV/EHUko graduondokoen eskaintza aurkeztuko da Master Astean, «Begiratu zure etorkizunari aurrez aurre» leloaren pean

115 master ofizial, 30 berezko titulu baino gehiago eta 65 doktorego programa dira guztira

Aurreko edizioetako arrakasta ikusita, aurten ere, martxoaren 21, 22 eta 23an Master Astea izango dugu unibertsitatean, gure graduondokoen eskaintza zabala eta aberatsa ezagutzera emateko. Aukera paregabea izango da lehen eskuko informazio zuzena jasotzeko programen arduradunen, irakasleen eta aurreko urteetako egresatuen ahotik. Beren etorkizuna hobetu nahi dutenek graduondoko batean prestakuntza aparta jasoz kalitateko irakasleekin eta profesional espezializatuekin modua izango dute UPV/EHUn eskaintzen diren aukera guztiak ezagutzeko.

Aurreko urteetan legez, UPV/EHUk aurkeztuko ditu bere 115 master ofizialak, berezko tituluak (jardun profesionalari begira dauden espezializazio handiko tituluak; unibertsitateak 30 baino gehiago eskaintzen ditu) eta 65 doktorego programak. Jakintza arlo guztietan eskaintzen dira graduondokoak: Zientzia Esperimentaletan, Osasun Zientzietan, Ingeniaritza eta Arkitekturan, Gizarte eta Lege Zientzietan, Artean eta Giza Zientzietan. Ikasketa hauetan,  ikasleak harremanetan jartzen dira nazioarteko ikertaldeekin, teknologia guneekin, enpresa eta erakundeekin,    unibertsitateak 800 hitzarmenetik gora sinatuak baititu I+G+B zentroekin, erakundeekin eta enpresekin gure master eta doktorego programetarako.

Master Astea martxoaren 21, 22 eta 23an izango da Arabako Campusean (Lascaray Ikergunean), Gipuzkoako Campusean (Carlos Santamaria), eta Bizkaian (Bizkaia Aretoan), hurrenez hurren. Nabarmentzekoa da Master Astearen aurreko edizioek izandako harrera ona: 1.500 pertsonatik gora.

Standak eta informazio saioak

Jardunaldiaren formatua antzekoa izango da campus guztietan: standak egongo dira  master, doktorego programa eta berezko tituluei buruzko informazioa emateko bai azken mailako ikasleei eta bai graduondokoen bidez espezializazioa lortu nahi duten tituludunei. Standak 15:30etik 19:30era bitartean egongo dira zabalik Araban eta Gipuzkoan eta 15:00etatik 19:30era Bizkaian.

Aldi berean, graduondoko tituluen aurkezpenak egingo dira, eta interesa dutenek aukera izango dute titulu bakoitzeko irakasleekin zuzenean berba egiteko eta zalantza guztiak argitzeko.   Gainera, aitorpen ekitaldi bat egingo da iazko master ikaslerik onenentzat, eta bertan  diploma emango diete Master eta Doktorego Eskolako zuzendariak eta errektorego taldeak.