Nire tesia 180 segundotan

Jarduera honetan tesia 3 minututan aurkeztu behar duzu. Hizlariek beren doktoregoko ikerketan zertan den azaldu behar dute, hizkera ez espezializatuan eta edonork ulertzeko moduan, irudi bakar bat erabiliz.

Modalitate honetan parte hartzeko, abstract-a (izena emateko atalean eskura daitekeen txantiloiaz) eta zuzendariaren abala bidali behar dira. Hogeita lau proposamenik onenak hautatuko dira doktorego jardunaldian aurkezpena egin dezaten.

Honako hauek dira aurkezpena egiteko arauak:

  • Izena eman duen doktoregaiak egin beharko du aurkezpena. Programan azaltzen den legez, bi saio egongo dira, bata goizez eta bestea arratsaldez, eta saio bakoitzean hamabi aurkezpen. II. Doktorego Jardunaldien hasieran dokumentazioa jasotzen duenean hizlari bakoitzari esango zaio zein ordutan eta zein hurrenkeratan egin behar duen aurkezpena. Zehazki, identifikatzaile bat emango zaio, kode bat izango duena. Kodeak adieraziko du zein saiotan egingo duen aurkezpena (180/1 edo 180/2) eta saioaren barruan  zein posiziotan [1, 12], bai eta zein aretotan ere.
  • Irudi bakar bat onartuko da aurkezpenaren lagungarri. Behin aurkezpena onartuta, irudia pdf formatuan bidaliko beharko da 2019ko ekainaren 28a baino lehen doktorego eskolara (mde.heziketa@ehu.eus), doktoregaiaren izena eta lehenengo deitura jarrita artxiboaren izenean, eta mezuaren gaian, berriz, «Irudia 180seg» idatzita.
  • Aurkezpena hasi eta 180 segundora eten egingo da.
  • Epaimahaiak balioetsiko ditu:
    • Komunikazioaren eraginkortasuna, bereziki mezua argia izatea eta entzule arruntak ulertzeko modukoa, eta aurkezpena erakargarria izatea.
    • Aurkezpenak argi uztea tesiaren edukia eta ekarpena, nahiz eta onartuko diren enfasia, itzulinguruak edo bestelako sarrera motibatzaileak.
  • Hautatu eta jardunaldietan azalduko diren aurkezpen guztiak abstract-en liburu batean argitaratuko dira. Jardunaldiak amaitu eta gero editatuko da, eta eskuragarri jarriko da UPV/EHUren webgunean.
  • Hizkuntza: aurkezpena gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez prestatu ahal izango da, laburpena zer hizkuntzatan inskribatu den kontutan hartu gabe.