Ekipamendua eta laguntza teknikoa
Polimedia gelak ikus-entzunezkoak grabatzeko ingurune espezializatua
du, kroma teknologiaz (Chroma Key) hornitua. Teknologia horri esker,
benetako hondoa digitalki ordeztu daiteke, eta hizlariaren irudia
aurkezpenekin, grafikoekin, eskemekin eta bestelako ikusizko
baliabideekin konbinatu.
Horrez gain, teleprompterra eta grabazioan zehar testuaren
aurrerapena kontrolatzeko pedala ditu, azalpen arina eta naturala errazteko.
Talde teknikoak laguntza eta aholkularitza
eskaintzen ditu bideoak prestatu eta grabatzeko prozesuan, edukien
antolaketan eta ikusizko materialen egokitzapenean barne.
Grabaziorako gomendioak
Grabazioa errazteko eta kalitatezko ikus-entzunezko emaitza lortzeko,
honako gomendio hauek kontuan hartzea komeni da.
Aurkezpenak prestatzea
PowerPoint, Impress, Keynote edo antzeko tresnekin egindako
aurkezpenak erabiliko badira, garrantzitsua da haien diseinua
egokitzea, bideoan behar bezala ikus daitezen:
- Diapositibak formatu panoramikoan (16:9) prestatzea.
- Testu laburrak eta irakurketa errazteko behar bezain letra-tamaina
handiak erabiltzea.
- Kalitate oneko irudiak, grafikoak eta eskemak erabiltzea, elementu
txikiegiak edo bereizteko zailak direnak saihestuz.
- Diseinu argia eta ordenatua mantentzea, diapositibak gehiegizko
informazioz bete gabe.
Gidoia prestatzea
Teleprompterrean irakurketa errazteko eta hizlariaren jarduna
ikusizko materialekin koordinatzeko, honako hau gomendatzen da:
- Esaldi argi eta laburrak idaztea, azalpen naturala errazteko.
- Testua paragrafo laburretan antolatzea, irakurketa eta jarraipena errazteko.
- Gidoian diapositiba-aldaketak adierazten dituzten markak sartzea,
aurkezpenean noiz aurrera egin behar den erraz identifikatzeko.
Janzkera eta itxura pertsonala
Gelak hondo berdeko kroma sistema erabiltzen duenez, garrantzitsua da
arropa eta osagarriak arretaz aukeratzea:
- Arropa berdea edo antzeko tonuetakoa saihestea, hondoarekin nahas
baitaiteke eta iruditik partzialki edo erabat desager baitaiteke.
- Kromaren berdearekin kontrastea egiten duten kolore bakarreko
jantziak aukeratzea, ahal dela.
- Estanpatu txikiak, marra finak, ehun distiratsuak eta argia
islatzen duten osagarriak saihestea, grabazioan nahi ez diren
ikusizko efektuak sor baititzakete.
- Paparreko mikrofonoa jartzea zailtzen duten jantziak edo
osagarriak saihestea.