OCW-2020

2022 urteko OpenCourseWare (OCW) egitasmoaren deialdia

Deialdia

  1. Deialdiaren xedea
  2. Parte hartzeko moduak
  3. Epea eta eskarien aurkezpenerako prozedura
  4. Erabilitako edukiak, kurtsoen egitura eta edizioa
  5. Proposamenen kalitate mailaren ebaluazioa
  6. Sinadura elektronikoa parte hartzeko baimenean
  7. Laguntza teknikoa

1. Deialdiaren xedea

Deialdi honen xedea OpenCourseWare proiektuan kurtso berriak sortzea da eta aurreko deialdiko oinarriak eraginik gabe uztea argitaratu gabe geratu ziren kurtsoentzat- parte hartu nahi izanez gero eskari berria egin beharko dutelarik.

Kurtsoak euskaraz zein gaztelaniaz garatu ahal izango dira. Horrez gain, UPV/EHUko Eleaniztasun Planeko beste hizkuntzak ere onartuko dira; kasu honetan, eskatzaile taldeko bateren bat hizkuntza horretan akreditatua egon beharko delarik.

OCW kurtso bat autoikaskuntzara bideratuta diseinatu eta era irekian argitaratutako unibertsitate ikas materiala da. Behin argitaratu ondoren errakuntza tipografikoak zuzentzeko aukera baino ez da izango- ezinezkoa izango da kurtsoan beste aldaketarik egitea 4. Moduan aipatutakoa salbu. 

Deialdi honetan edozein irakaslek edo irakasle taldek parte har dezake, beti ere eskaria aurkezteko momentuan UPV/EHUko plantilan egotea beharrezko izango delarik. Irakasle taldeen kasuan, partaide guztiek baldintza hau bete beharko dute. Gehienez 6 partaideko taldeak izango dira. 

2. Parte hartzeko moduak

Parte hartzeko lau modu daude:

- 1go modua: OCW-UPV/EHUn dagoeneko argitaratuta dauden kurtsoak baina hizkuntza ezberdinean. Kurtso berria argitaratutakoaren lan eratorri izango da eta deialdi honetako ezaugarriak bete beharko ditu ezinbestean.

- 2. modua: Kurtso berriak sortzeko.

- 3. modua: Aurreko deialdietan onartutako kurtsoak baina argitaratu gabeak. Aurreko deialdian kurtsoak izandako irakasle talde eta izenburu berdina izan beharko ditu. Orduko taldekideren batek aurtengo deialdian parte hartzen ez badu, bere oniritzia eman behar die besteei dagoen materiala erabiltzeko.

Aurreko deialdian erabilitako gune eta edukiak berreskuratzeko asmoz, eskaera betetzean kurtsoaren izenburua eta deialdiren urtea azaldu beharko dira.

4. modua: Modu hau 2016 edo aurreko urteetan argitaratutako OCW kurtsoei SOILIK dago zuzenduta; eta kurtso horiek eguneratzea du helburu.

Ezinbestekoa izango da kurtso berri bat sortzea justifikatzen duten berritasun horiek arrazoitzea- gutxienez, eduki berriak %30 izan behar direlarik. Argitaratuta dagoen kurtsoaren lan eratorri bezala hartua izango da eta kurtso berriak deialdi honetako baldintzak bete beharko ditu ezinbestean. Eskaera betetzean kurtsoaren izenburua eta deialdiren urtea azaldu beharko dira.

Modu honetan parte hartzeko baldintzak hauek dira:

  • Irakasle talde bera izatea.
  • Kurtsoak izen berdina izatea (argitalpen urteagatik bereiziko direlarik).

3. Epea eta eskarien aurkezpenerako prozedura

Eskariak aurkezteko epea 2022ko urtarrilaren 24tik otsailaren 4a arte (biak barne) izango da. Eskariak aurkeztu eta kudeatu TRAINERA-OCW tresna bitartez egingo dira. Kurtsoko eskari bat aurkeztu beharra dago.

Irakasle taldeen kasuan, eskaera partaideetako batek (hemendik aurrera ordezkari/koordinatzaile izango dena eCampusarekiko jakinarazpenetarako) aurkeztuko du taldearen izenean.

Eskaria aurkezterakoan, sistemak UPV/EHU Erregistro elektronikoan sarrera sortuko eta TRAINERA-OCWn izapidea zabalduko ditu automatikoki. Ondoren, eskatzaileari posta elektroniko bidez, sarreraren froga izango den dokumentua helaraziko dio (zenbakia, data eta orduarekin).

Era berean, Saileko Zuzendariak posta elektroniko bat jasoko du, eskari honi oniritzia emateko- 6 egun balioduneko epean TRAINERA bidez. Erantzunik jaso ezean baiezko moduan ulertuko da.

TRAINERA bidez eta epe barruan aurkeztu eta Sailaren oniritzia duten lehen 30 eskariak onartuko dira.

eCampusek aplikazioaren bidez aurkeztutako eskariak aztertuko ditu eta onartu edo ez erabakiko du. OCW-UPV/EHU plataforman partaideek materialak prestatzen has daitezen eremuak sortuko ditu.

Sistemak mezu bat helaraziko dio koordinatzaileari hartutako erabakiarekin, eta edukiak igotzeko gunearen URL edo OCW-UPV/EHU plataformako helbidearekin.

4. Erabilitako edukiak, kurtsoen egitura eta edizioa

Materialak egileenak izan behar dira, jatorrizkoak. Horrela ez bada eta besterenak diren materialak erabiliz gero, horretarako baimena izatea ezinbestekoa izango da eta “UPV/EHUko OCW kurtsoetako Egileentzako Gida” (pdf, 2,8 Mb) zehaztutako eran aipua adieraztea.

Irakasleek kurtsoko edukiak OCW-UPV/EHU plataformara (Moodle) igoko dituzte eta bi fasetan egin ahal izango dute, hala nola:

1go fasea. 2022ko martxoaren 11an bukatuko dena. Data honetarako ondorego atalak bukatu beharko dira::

  • 1go atala (Irakasgaiaren irakaskuntza gida, egitasmora egokitua)
  • 2. atalaren erdia- eskarian azaldutakoaren arabera (Ikasteko materialak)
  • 4. atalaren erdia (Praktikak , ariketak eta ekintzak)

Fase hau bukatu ondoren, eCampusek egitasmoaren izan den aurrerapena eta OCW egitasmoko ikasketa modelora egokitu den baloratuko du. Balorazioa aldekoa izateak, egitasmoan aurrera egitea eta hurrengo fasera iragatea dakartza.

2. fasea. 2022ko maiatzaren 6ra arte izango dena. Data honetarako kurtso osoa bukatu beharko da.

Epe hauek azken egunak izango dira eta epeetako baten eskatzen dena ez betetzeak deialditik kanpo geratzea dakar.

5. Proposamenen kalitate mailaren ebaluazioa

Indarrean dagoen deialdi honetako baldintzak betetzen dituzten 1.go moduko ikastaro proposamenak (aurreko deialdietan argitaratutako ikastaroen itzulpenak) hizkuntza-kalitate aldetik ebaluatuko dira

Beste proposamenen kalitatearen ebaluazioa ondorengo alderdiak kontutan izanik egingo da (ikus 1. Eranskina (pdf, 430 Kb)):

  • Proposamenaren originaltasuna
  • Irakaskuntza gida
  • Ikastaroaren luzera, koherentzia eta homogeneotasuna
  • Norbere ikasteko materialak, gomendaturiko irakurgaiak eta beste baliabideak
  • Praktikak, ariketak eta ekintzak. Autoebaluazio prozedurak
  • Edukien formatua eta hizkuntzaren erabilera.
  • Bibliografia eta informazio iturriei aipua
  • Baliabideen jabetza intelektuala

Argitalpen proposamenen kalitatearen ebaluazioa hiru mailatan egiten da I Eranskinean azaldutako alderdiak kontutan izanik.

eCampusek egiten duen berrikuspen formala

eCampusek eskatutako baldintza formalak betetzen diren aztertuko du, ondoko irizpideak aintzat harturik:

  • Ikas materiala Irakaskuntza Gidarekin bat etortzea
  • Edukiak formatu bateratu batean aurkeztea
  • Jabego intelektualari dagokionez arazorik ez izatea
  • Materialen autoretza argi adieraztea

Sailak egiten duen edukien berrikustea

eCampusek oniritzia eman ostean, Sailari eskatuko zaio kurtso proposamenak unibertsitate maila eta zehaztasun zientifikoa dutela ziurtatzen duen txostena.

Sistemak posta elektroniko bat bidaliko dio Saileko Zuzendariari, hilabeteko epean, Sailaren izenean, balorazioa eman dezan.

Nahi izanez gero, kurtsoaren edukiak eta egitura aztertzeko asmoz, posiblea da (TRAINERA bidez) gehienez 3 pertsonei plataforman sarrera ematea.

Hilabeteko epea igaro eta, Saileko Zuzendariak erantzunik ematen ez badu, balorazioa kontrakotzat hartuko da.

IEUBren ebaluazioa

Aurreko bi berrikuspenak gainditu ondoren, Irakaslana Ebaluatzeko Unibertsitateko Batzordeak (IEUB), I. Eranskinean azaltzen diren irizpideetan oinarrituz, argitalpen proposamena berdinen arteko ebaluazioaren bidez aztertuko du eta beronen argitalpenaz erabakiko du. Irakasle taldeak egin beharreko hobekuntzak proposatu ahal izango ditu edo argitalpena bertan behera utzi, kurtsoak egitasmoaren ezaugarriak betetzen ez dituelako edo edukiek unibertsitate maila ez dutelako.Posta elektronikoz jakinaraziko zaio koordinatzaileari egindako balorazioa.

Erabakiaren aurka alegazioak aurkezteko hamar eguneko epea egongo da, jakinarazten den egunetik hasita. Horretarako beharrezkoa da erregistro bidez eCampusari idatzi bat bidaltzea, zeinak IUEBri bidaliko dion.

Batzordeak jasotako alegazioak aztertuko ditu eta behin betiko txostena emango du. Txosten honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Errektorearen aurrean, hilabeteko epean.

6. Sinadura elektronikoa parte hartzeko baimenean

Kurtsoa argitaratu aurretik, ezinbestekoa da irakasleak (bakarra denean) edo irakasle taldea osatzen duten guztiek proiektua zuzentzen duten baldintzak islatzen dituen parte hartze baimena sinatzea, sinadura elektronikoaren bidez.

eCampusek, IEUBek baimendu eta irakasleek sinatu ondoren, OCW-UPV/EHU atarian kurtsoa argitaratuko du. Argitalpenerako aurreikusitako data 2022ko azaroa izango da.

OCW atarian argitaratu izan direnaren ziurtagiri pertsonalizatua sortuko da partaide bakoitzarentzat. Ziurtagiriak TRAINERA bidez eskuratu ahal izango dira.

7. Laguntza teknikoa

eCampusek deialdiaren inguruko informazioa, OCW-UPV/EHU plataforma eta TRAINERA kudeaketarako tresnaren erabilerari buruzko laguntza emango du. Halaber, materialen jabetza intelektualari buruzko informazioa emango du.

 

Leioan, 2022ko urtarrilaren 13an

 

Montse Maritxalar Anglada
Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea
UPV/EHU