Gu jarraitu!
Noiztik: 2015/11/09 Noiz arte: 2015/11/11
Data: Azaroak 9-11
Ordutegia: 10.00-14.00 eta 16.00-19.00
Sarrera doan, aretoa bete arte
Jorge Caballero eta Taller Estamparen eskutik
Koordinatzailea: Begoña Vicario
Arte Ederren Fakultatea// Leioako Campusa
Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)
Informazioa eta egitaraua (PDF)
ZINEBIK lekua egingo dio berriro ere 57. edizio honetan mintegi-tailer honi, beti bezala Euskadiko arte eta zine ikasle, zinegile gazte, ikusentzunezko enpresa eta produkzioan aditu edo zale diren guztiei zuzendua. Oraingoan, Jorge Caballero zuzendariaren eta Taller Estampa produkzio etxe entzutetsuaren eskutik (Pau Artigas, Roc Alabalat eta Marcel Pie Barba) hiru egunetan zehar garatuko den topaketa teoriko-praktiko honen helburua izango da Webdok interaktiboaren gainean hausnartu, esperientziak partekatu eta azken joerak ezagutzea.
Ikus-entzunezkoen iraultza berri baten aurrean al gaude? Ikertzaile askok baietz uste dute, urruneko 1895eko abenduaren 28 hartatik zinea asko aldatu dela baina funtsean berdina dela oraindik ere: irudiak eta audioa, pantaila batean istorio bat kontatzen dutenak, eta isilean horren hartzaile eta prozesadore diren ikusleak. Orain gauza desberdin baten atarian gaude, aro digitalean murgilduta, sorkuntza eta produkzio eredu klasikoa ezbaian jartzen dituzten beharrizan batzuekin, teknologia hobeto ikasi eta irakatsi beharra dagoen ingurune batean, lankidetza sorkuntzaren oinarri deneko ereduak geure eginez.
Komunikazioaren testuinguru berri honetan, sortzaile eta ikusle paradigma apurtu egiten da. "Egilea" berrebaluatu beharreko termino bat da eta egilekidetza edo lankidetzan eginiko lanaren zentzua gailentzen hasi da. Beharrezkoa da egilekidetza hori nola susta daitekeen pentsatzea, ikusleek eduki horren sorkuntzan nola parte har dezaketen, zein baliabideekin eta, batez ere, zein irizpiderekin. Kultura parte-hartzaileak narraziozko aukerak zabaltzen ditu eta dokumental elkarreragilea errealitatearen adierazpenaren saiakuntza esparru bat da orain. Era berean, negozio ereduek produkzio, banaketa eta erakusketarako bide berriak aurkitzen dituzte.
Tailer teoriko-praktiko honen bitartez, dokumental elkarreragilearen munduan sartzea da gure asmoa eta, zehatzago esateko, zabalduen dagoen adarrean: webdok edo interneterako dokumental elkarreragilean Dokumental elkarreragilearen oinarrizko kontzeptuak ikusiko ditugu, eta horretan hasteko moduak landu. Tailer hau hiru egunetan emango da, hiru gai-ardatz hauetan banatuta:
Gutxieneko erabilgarritasun irizpideak, narrazioaren ulermena eta elkarreragile modu desberdinak hartuko ditugu kontuan.